Bilboko Aste Nagusia 2026: egitaraua

Bilbao 2026(e)ko abuztuaren 22(e)tik 2026(e)ko abuztuaren 30(e)ra
  • Bilboko Aste Nagusia 2026: egitaraua

Bilboko Aste Nagusia 2026 abuztuaren 22tik 30era ospatuko da. Bederatzi egun horietan, dibertsioa eta ilusioa izango dira protagonista hiriko txoko guztietan. Bilboko Udalak 2026ko Aste Nagusiko lehen kontzertuak iragarri ditu. Horrela, En Tol Sarmiento (ETS) euskal taldeak abuztuaren 26an joko du Europa parkean, Bilboko Aste Nagusiko agertoki handienetako batean. Horrez gain, Udalak beste izen bat baieztatu du: M-ClanCarlos Tarque buru duen taldeak abuztuaren 29an joko du Abandoibarrako agertokian, bere 30 urteko ibilbidea ospatzeko biraren barruan.

Gainera, Walls abeslari murtziarrak Bilboko Aste Nagusian joko du 2026ko abuztuaren 27an, Europa parkean. Halaber, Serafin Zubiri Aste Nagusiko agertokietara itzuliko da aurten. 2015ean gertatu zen bezala, Bilboko Udal Bandarekin batera arituko da, Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean. Oraingo honetan, Miguel Riosen abesti ezagunenetakoen errepasoa eskainiko du, abuztuaren 25ean, 23:30ean, Abandoibarran.

ABANDOIBARRAKO KONTZERTUAK, 23:30EAN

Abuztuaren 22an, larunbata, programazioa Zea Maysekin hasiko da, Euskadiko rock banda ezagunenetako batekin. Ia hiru hamarkadako ibilbidearekin, talde bilbotarrak bere historiako abesti ospetsuenetako batzuk errepasatuko ditu, eta bere sorkuntza-etapa berriaren aurrerapen bat eskainiko du; izan ere, 2026aren amaierarako disko berri baten grabaketa amaituko dute.

Abuztuaren 23an, igandean, Leire Martínezen txanda izango da. Bilbora iritsiko da bere bakarkako estreinako diskoa, “Historias de aquella niña”, zuzenean aurkeztera. Eszenatokietan ibilbide sendoa egin ondoren, artistak bere musika-karreraren etapa berri hau erakutsiko dio publikoari.

Abuztuaren 24an, astelehenean, Mirua igoko da agertokira, euskal musikaren eszenan proiekzio handia daukan talde bat. Talde gipuzkoarrak, 2021ean Gaztearen Harrobia Saria irabazi zuenak, bere proposamena aurkeztuko du Bilbon, pop elektronikoa eta indie esperimentala fusionatuz, bere estudioko lehenbiziko diskoa eta gero (Miruenea) garatzen jarraitzen duena.

Abuztuaren 25ean, asteartean, Serafín Zubiri Bilboko Udal Musika Bandarekin batera arituko da, Iñaki Urkizuren gidaritzapean. Miguel Ríosen kantu arrakastatsuenetako batzuk errepasatuko dituzte. Kontzertuan, abeslari nafarraren ahotsa eta Bilboko bandaren soinua bilduko dira agertokian, rock espainiarraren irudi enblematikoenetako baten omenez.

Abuztuaren 26an, asteazkena, Urtzen txanda izango da, agertokia Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) partekatuz. Gipuzkoako talde honek oso kontzertu berezia ekarriko digu, orkestra sinfonikoarekin batera, bere ibilbideko kantu adierazgarrienetako batzuez formatu desberdin batekin gozatzea ahalbidetuko digun proposamen batean.

Abuztuaren 27an, ostegunean, Bebe iritsiko da, “Pafuera Telarañas” lanaren 20. urteurrenaren biran murgilduta. Album harekin sartu zen musika-eszenan, eta arrakasta itzela lortu zuen Estatuan eta nazioartean. Extremadurako artistak bere ibilbidea markatu duten abestietako batzuk errepasatuko ditu hirian, bere karrerako etapak oroituko dituen kontzertuan, oso estilo pertsonalean, popa, flamenkoa eta indie musika fusionatuz.

Abuztuaren 28an, ostirala, Cobardes etorriko da gurera. Aurten bere hamargarren urteurrena ospatuko du, “Balance de daños” lanarekin, hirugarren estudio-albuma. Talde nafarra azken lan honen aurkezpen-biran iritsiko da Bilbora, bere abesti berrienak eta bere ibilbidea markatu duten kantetako batzuk konbinatzen dituen errepertorio batekin.

Abuztuaren 29an, larunbata, M-Clanek amaiera emango dio Abandoibarrako programazioari. Carlos Tarquek eta Ricardo Ruipérezek hiru hamarkadako ibilbidea ospatuko dute, oso bira berezi batekin, 2026an hainbat agertokitara iritsiko dena. Kontzertuan taldearen arrakasta handiak errepasatuko dituzte, hain ohikoak ez diren beste kanta batzuekin batera, M-Clan rock espainiarraren erreferente nagusietako bat bihurtu duten indarra eta benetakotasuna mantenduz.

EUROPA PARKEKO KONTZERTUAK, 00:00ETAN

Europa parkeko kontzertuak abuztuaren 26an hasiko dira, asteazkenean, En Tol Sarmientorekin (ETS), Gaztearen eskutik. Une bereziki esanguratsua bizitzen ari da talde hau, “Konkista” argitaratu ondoren eta “Etxean” iragarri berritan, formatu handiko ikuskizun bat, zeinarekin etxera itzuliko diren 2027an. Arabar taldea Aste Nagusira itzuliko da kontzertu bat eskaintzera, bere zuzenekoen ezaugarri diren energiaz eta hurbiltasunaz goza dezagun.

Abuztuaren 27an, osteguna, Walls-en txanda izango da. Aurten “El día que me olvides” argitaratu du, bere ibilbideko lanik pertsonal eta helduena. Artista murtziarra bere karreraren une bereziki garrantzitsu batean itzuliko da Aste Nagusira, datorren udazkenetik aurrera Estatuko hainbat hiritan zehar egingo duen bira hasi aurretik.

Abuztuaren 28an, ostirala, "Los 40 Sessions Aste Nagusia" ikuskizuna egongo da agertokian, 90 minutuz Óscar Martínez LOS40-ko lokutore eta DJaren saioa eta Martín Urrutia abeslariaren zuzeneko emanaldia uztartuz. Publikoak poparen, dancearen eta musika urbanoaren arrakasta handietako batzuez gozatu ahal izango du, euskal artistaren zuzenekoarekin batera; 2023an Operación Triunfoko finalista izan ondoren, “La Insolación” debut albumarekin hasi du bere bakarkako karrera. 

Abuztuaren 29an, larunbata, "Fiestazo Megastar"ek amaiera emango dio Europa parkeko programazioari, Guillem Climent Megastar FM-ko DJ-ak aurkeztutako musika-festa handi batekin. Ikuskizunean Paula Koops, Gon Abril, Avenida, Tony Grox eta Lucycalys bilduko dira agertokian. Bost artista horiek Estatuko pop, rock eta musika urbanoaren proposamen berri garrantzitsuenetako batzuk dira.

Udalak apurka-apurka emango ditu jakitera Aste Nagusiko gainerako kontzertuak.

Europa parkea (00:00)

Abandoibarra (23:30)

BILBOROCK: METAL, POP-ROCKA 

La Muestra Bilbao Metal, Pop-Rock Aste Nagusiak berriz ere Bilborock aretoa tokiko musikaren erakusleiho nagusietako bat bihurtuko du. Aurtengo udan, ekimenak 39. edizioa ospatuko du, abuztuaren 22tik 29ra bitartean Bilborock aretoan egingo diren zortzi kontzertu-saio bikoitzetan banatutako 16 emanaldi bilduko dituen programazioarekin.

Ohikoa den bezala, egun bakoitzean bi emanaldi izango dira. Lehenengoa 20:00etan hasiko da eta bigarrena 21:00etan. Kontzertu guztiak doakoak izango dira Bilborock aretoko edukiera bete arte. Ia hiru hamarkadaz, Bilboko musika- eta kultura-jardueraren erreferente nagusietako bat izan da espazio hori.

  • Abuztuak 22
    • 20:00: LORREINE (BARAKALDO – Indie Pop Rock)
    • 21:00: PABLO RÍOS (BILBO / GETXO – Animal Electro Show)
  • Abuztuak 23
    • 20:00: DARKOLD (BILBO – Alt Rock Metal)
    • 21:00: MANDARINAS AL SOL (BILBO – Rock Alternatiboa)
  • Abuztuak 24
    • 20:00: NUZZ (BILBO / Santander – Power Pop-Rock)
    • 21:00: SCUSI BOYS (BILBO / Gasteiz – Rocka)
  • Abuztuak 25
    • 20:00: IZENA (BILBO – Rock Alternatiboa)
    • 21:00: BASAKI (BILBO – Rock Metala)
  • Abuztuak 26
    • 20:00: VULCANIZADAS (BILBO – Blues & Soul)
    • 21:00: VITTERSWEET TRIO (BILBO – Neo Soul)
  • Abuztuak 27
    • 20:00: SERGIO & THE LOVERS (BILBO – Power Pop-Rock)
    • 21:00: IÑIGO RIKI AND THE NIGHT BAND (ZARATAMO – Rock Urbanoa / Kantautorea)
  • Abuztuak 28
    • 20:00: OSSYRIS (BARAKALDO – Heavy Metala)
    • 21:00: STOLEN SOUL (MUNGIA – Groove Metala)
  • Abuztuak 29
    • 20:00: THE KRAVEN (DURANGO – Groove Metala eta Metalcorea)
    • 21:00: MY SWEET TORMENT (SOPELA – Death Metala)

EVARISTO CHURRUCA KAIA: ESPAZIO ZABALA ETA IRISGARRIA

Udalak beste leku batera eramango ditu Aste Nagusiko programazioko emanaldi batzuk, herritarrek musikaz, euskal dantzez eta erromeriez segurtasun-, babes- eta irisgarritasun-berme guztiekin gozatu ahal izatea bermatzeko. Horrela, bada, Plaza Barrian egin ohi diren gaueko kontzertuak eta Txistularien Alarde tradizionala Evaristo Churruca kaira eramango dira, zehazki Deustuko zubiaren eta Euskalduna jauregiaren arteko saskibaloi-kantxetara, eta euskal dantzen programazioa Gas plazan egingo da.

23:30ean aurreikusitako gaueko kontzertuak Plaza Barrian egin ohi dira eta agertoki berria Evaristo Churruca kaia izango da, saskibaloi-kantxen eremuan.

Musika-programazio hori Aste Nagusiko kultura-proposamen ezagunenetako bat izan da urteetan zehar, eta musika-aberastasunaren garrantzia azpimarratu da ikuspegi ireki eta kulturarteko batetik.

Evaristo Churruca kaiak horrelako ikuskizunak hartzeko behar diren baldintzak betetzen ditu; izan ere, espazio zabala eta irisgarria da, eta urtero milaka pertsona biltzen dituen programazio baten formatua eta funtsa mantentzeko edukiera nahikoa dauka.

Edizio honetan, kontzertu horiek protagonismo berezia hartuko dute, besteak beste, reggae, flamenko, folk, swing eta antzeko soinuen presentzia nabarmenagatik. Soinu horiek zortzi gauez jarraian entzungo dira, abuztuaren 22tik 29ra bitartean, 23:30etik aurrera.

Bilboko Udal Musika Bandak, Noa Lurrek eta Ainara Ortega Barrenetxeak ongietorria emango diote Aste Nagusiari abuztuaren 22an, zapatuan, "Sing American Songbook" kontzertuarekin. Proposamen horrek ahots-jazzaren eta antzerki musikalaren unibertsoan murgiltzera gonbidatzen du.

Folk euskalduna abuztuaren 23an, domeka, iritsiko da agertokira Tapia eta Leturiaren eskutik, Euskal Herriko musikaren talderik adierazgarrienetako baten eskutik. Gaur egun, hamaika musikariren bandarekin batera jarduten dute trikitixa, panderoa, ahotsak eta haize-instrumentuak eta teklatua konbinatuz, euskal musika-tradizioa bizirik mantentzen duen ikuskizun batean.

Abuztuaren 24anastelehenaAnna Colom flamenkoan espezializatutako abeslari, konpositore eta moldatzailea iritsiko da Bilbora. Aste Nagusian Cayana aurkeztuko du. Proiektu horrek historian zehar flamenkoan eragina izan duten erritmoak eta folkloreak aztertzen ditu, tradizioa, memoria eta kultura-aniztasuna batzen dituen musika-bidaia batean.

Abuztuaren 25eanmartitzena, Italiako folkaren txanda izango da Kalàscima taldearekin, Italiako world music-eko talderik ospetsuenetako bat. Bandak bere soinu propioa garatu du, sustrai mediterraneoak, elektronikoak eta folk elementu garaikideak fusionatzen dituena.

Abuztuaren 26an, eguaztenean, kopla, flamenkoa, musika etnikoa eta Mantxako seguidillak iritsiko dira, Karmento taldearen emanaldiarekin. Mantxako folkaren fusioa egiten dute eta estilo propioa sortu dute, jaioterriaren aberastasun kulturala islatzen duena.

Swingtronics-ek swing eta elektronikaren fusio original bat proposatzen du abuztuaren 27rako (eguena), herri-musikaren klasikoak eta jazzaren estandarrak ikuspegi moderno, dinamiko eta dibertigarri batetik ematen dituena. Bere errepertorioak jazz eta bossa nova estiloko bertsio dotoreak eta erritmo indartsuago eta eguneratuagoak uztartzen ditu, eta harritzeko eta publiko mota guztiekin konektatzeko pentsatutako kontzertua eskainiko du.

Bilbao Reggae Splash 2026ren XXXIII. edizioak reggae musikaren bi erreferente elkartuko ditu agertoki berean abuztuaren 28an, ostiralean: Earl Sixteen eta Lone Ark meets Message. Earl Sixteen, Jamaikako reggaearen ahotsik enblematiko eta errespetatuenetako bat, Aste Nagusira iritsiko da, Euskadin ia hogei urteren ondoren eskainiko duen lehen kontzertuan. Horretarako, Lone Ark meets Message talde berezia izango du lagun; Roberto Sánchez (Lone Ark) kantabriarrak —abeslari, musikari eta ekoizleak— gidatutako egitasmoa da, eta bertan bere azken lana, Singers & Players, aurkeztuko du.

Gaur egungo folk garaikideko talderik nabarmenenetako bat den El Naán-ek amaiera emango dio abuztuaren 29an, zapatua, Aste Nagusiko kontzertuen zikloari. Haren proposamenak musika, poesia eta esperimentazio artistikoa konbinatzen ditu, Iberiar herriaren tradizioa begirada garaikide batetik berriro interpretatzeko. Atzerrian saritutako hainbat lan dauzka eta taldeak soinu-unibertso propioa sortzen du sustraiak, berrikuntza eta emozioa batzen dituena.

Era berean, Evaristo Churruca kaia Txistularien Alarde tradizionalaren agertokia izango da, 66. edizioan, Txistularien Udal Bandak antolatuta. Bilboko Aste Nagusian euskal kulturaren hitzordu esanguratsuenetako bat izango da. Aurten, bandarekin arituko da Moonshine Wagon, Europako talderik harrigarrienetakoa eta berezienetakoa. Abuztuaren 30ean, domeka, 13:00etan, izango da.

MUSIKA KLASIKOAREN ZIKLOA

Gizakundeko Musika Klasikoaren Zikloak, Aste Nagusiko musika-programazioaren hitzordu sendoenetako batek, 27. edizioa beteko du aurten goi-mailako zortzi talde bilduko dituen egitarau batekin, non askotariko estiloak jorratuko diren eta euskal kutsua nabarmen izango den. Guztiz, zortzi kontzertu egongo dira, abuztuaren 22tik (larunbata) 29ra (larunbata) bitartean, denak 20:30ean eta sarrera doan tenpluko edukiera bete arte.

Instrumentu klasikoen aniztasuna, eta musika estilo eta eskola ezberdinak, protagonista izango dira aurten programazioan, urtero publiko zabal eta askotarikoa erakartzen dituena eta nahiz zaleen intereserako nahiz beste musika estilo batzuk ezagutu nahi dituztenentzako oso gustagarria dena.

Ensemble, orkestra eta bakarlari bakoitzaren berezitasuna izango dira aurten nagusi egitarauan, Estatu barruko eta kanpoko artistak bilduko dituena. Bertan, euskal talentua nagusi izango da, bertako artista eta konpositoreen presentzia handiari esker eta musikaren bidez Bilboren historiari egingo zaion errepasoarekin.

Programazioa abuztuaren 22an, larunbata, irekiko da "Tutto Vivaldi" programarekin. Bertan, Musbika Ensemble euskal taldeak konpositore barrokoaren obra garrantzitsuenen errepasoa egingo du, "Folia"-tik "Lau urtaroak" lanera. Musika klasikoari eta antzinako musikari egozten zaizkion oztopoak eta klixeak gainditzeko helburuarekin sortua, taldeak eszenaratze fresko eta dinamiko bat proposatzen du, edonor harritzeko eta musika horrekin gozatzeko aukera ematen duena.

Abuztuaren 23an, igandea, Iñaki Bermudez saxofoi-jotzaileak eta Albert Guinovart piano-jotzaileak osatutako bikotearen txanda izango da, eta "Traditional Echoes" izenpeko progrsama batean Miquel de Jorge, W. Van Klaveren eta Albert Guinovart beraren lanak errepasatuko dituzte. Horrez gain, euskal musikan Aita Donostia edo Xabier Lete bezalako konpositoreen abestiek markatu duten tradizioan oinarritua, Euskal Lurrak kantua ere izango da ikusgai.

Abuztuaren 24an (astelehena), Tatiana Samouil biolin-jotzaileak eta Josu Okiñena piano-jotzaile eta ikertzaileak hartuko diete lekukoa, eta W.A. Mozart, M. Ravel, P.I. Cajkovskij, F. Kreisler eta P. Sarasateren lanak jorratuko dituzte. Errusiako Eskolaren enbaxadorea, eta Sochiko (Errusia) 2014ko Olinpiar Jokoetako itxiera-ekitaldiko protagonistetako bat, Yuri Bashmetekin, Samouilek ibilbide sendoa du solista, grabazioetako artista, ganberako musikari eta pedagogo gisa. Okiñenak, bere aldetik, bi hamarkada baino gehiago daramatza musika klasikoari eskainita, XX. mendeko euskal konpositoreei begira, bereziki.

Abuztuaren 25ean, asteartea, Boreal Bikotea izango da protagonista, Claudia Besné (harpa) eta Eva Calvok (gitarra) osatua, eta "Hari artean: soinudun bidaia" programa aurkeztuko dute. Harpa eta gitarraren elkarreraginak “garai desberdinetako pieza adierazgarriz osatutako errepertorioari” ekingo die, eta, besteak beste, Stanley Myers, Astor Piazzolla, Isaac Albeniz, Enrique Granados, Maximo Diego Pujol eta Luigi Boccherini artisten lanak jorratuko ditu. Bikotea 2019an sortu zen Salzburgoko Mozarteum Unibertsitate ospetsuan, eta bikaintasun teknikoa eta interpretatzeko sentiberatasun aparta konbinatzen dituen ikuspegi artistikoa garatu dute. Gainera, talentuagatik, musikalitateagatik eta akatsik gabeko teknikagatik aintzatespena lortu du.

Asteazkenean, abuztuaren 26anEcco Quintet Musikeneren txanda izango da. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian sortutako formazioa da, eta C.M. Von Weber eta J. Brahms-en obrak eskainiko ditu bere programan. Duela gutxi sortutako taldea sentsibilitate musikal eta soinuaren arloko oreka nabarmena ditu, ganbera-musikarekin konpromisoa izatez gain, eta honako hauek osatzen dute: Maddi Arriola Mendieta eta Isabel Guzmán Jiménez biolinistak, Martí Mena Estopà biolista, Lucía Arboniés Vazquez zellista eta Rocío Fernández Alfonso klarinete jotzailea.

Abuztuaren 27an, ostegunean, Osimun Quartet saxofoi talde gazteak hartuko die lekukoa. Laukoteak uztartu egiten ditu tradizio klasikoari dion errespetua eta hauskortasunerako eta esperimentaziorako irekita egotea, eta ikuspegi horretatik beratik helduko diote "Gelditasunetik mugimendura" programari. Bertan, bulkada musikalaren formak aztertuko dituzte, hasi kontenplazio sakonetik eta dantza eta mugimendu biziagora arte, eta Joseph Haydn, Fanny Hensel-Mendelssohn, Felix Mendelssohn Bartholdy, György Ligeti, Béla Bartók eta Joan Pérez Villegasen obrak interpretatuko dituzte.

Abuztuaren 28an, ostirala, Rossini Abesbatzaren "Bilboko irudiak" izango da protagonista. Bilboko historia errepasatuko du, Uriaren historiako une magikoak gogora ekarri eta arbasoak omentzen dituzten abesti eta testuekin. 1990etik jardunean, gaur egun abesbatzaren zuzendari artistikoa Ana Begoña Hernández bilbotarra da. 

Programazioari amaiera emango dio, abuztuaren 29an, larunbata, Adolfo Gutiérrez Arenas biolontxelo jotzaileak, une honetan nazioartean proiekzio handiena duen Estatuko musikarietako batek. 2010ean London Symphony Orchestrarekin  debuta egin zuenetik, Ibermusica seriean, orkestra-zuzendari eta nazioarteko talde nabarmenekin kolaboratu du, eta errezitaldi ugaritako protagonista izan da mundu osoan zehar. Bilboko hitzorduan, J.S. Bachen "Soilik biolontxeloarentzako hiru suite" interpretatuko du.

MUSIKA KLASIKOAREN 27. ZIKLOAREN EGITARAUA

Lekua: Gizakundearen Eliza

Ordua: 20:30ean

Sarrera librea edukiera bete arte

ASTE NAGUSIKO DANTZALDI KLASIKOAK

Plaza Biribilean, berriro ere, Aste Nagusiko dantzaldi klasikoak izango dira. Jai-egitarauko hitzordu ezagunenetako bat dira eta, zortzi egunetan zehar, saio bikoitzean, abuztuaren 22tik (larunbata) 29ra (larunbata), bertaratutako ikusleek garai guztietako arrakasta musikal handien erritmora dantzatuko dute.

Bilboko Aste Nagusian musika-pieza hauetan espezializatuak diren zortzi talde igoko dira taula gainera: Akerbeltz, Gautegun, Sukar, En Esenzia, Laprast, Muxutruk, La Fania eta Txapela Brava. Era berean, Maran DJk abuztuaren 29ko larunbat arratsaldea girotuko du.

rritmoa, nostalgia eta gaurkotasuna uztartuko dira berbena hauetan, oroimen kolektiborako ezinbestekoak diren klasikoen errepertorioa errepasatuko dutenak eta publiko gehien biltzen duen jai-egitarauko ekitaldietako bat bihurtu direnak.

Bilboko Udalak zortzi saio bikoitzeko ziklo bat diseinatu du zuzeneko musika honekin. Lehenengo emanaldia 20:00etan izango da eta bigarrena 23:00etatik aurrera

  • Abuztuak 22, larunbata: Akerbeltz
  • Abuztuak 23, igandea: Gautegun
  • Abuztuak 24, astelehena: Sukar
  • Abuztuak 25, asteartea: En Esenzia
  • Abuztuak 26, asteazkena: Laprast
  • Abuztuak 27, osteguna: Muxutruk
  • Abuztuak 28, ostirala: La Fania
  • Abuztuak 29, larunbata: Maran DJ (20:00) + Txapela Brava (23:00)

GAS PLAZA: ERDIGUNETIK GERTU, EZAGUNA ETA IRISGARRIA

Ohiko Euskal Dantzak, bestalde, 19:00etan hasiko dira arratsaldero Gas plazan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren (BDB) eskutik. Abuztuaren 23tik (domeka) abuztuaren 30era (domeka) bitartean, jendeak aukera izango du erakustaldiez, erromeriez, larrain-dantzaz eta alardeez gozatzeko.

Gune hori aukeratu da erdigunetik gertu dagoelako eta ezaguna eta irisgarria delako; gainera, herritarren parte-hartze eta jarraipen handiko jarduerak hartzeko edukiera egokia dauka. Gainera, Aste Nagusiaren barruan jai-tradizio handia dauka, historikoki hainbat kultura- eta kale-proposamen egin baitira bertan.

CASILDA ITURRIZAR PARKEKO PERGOLAN KLASIKO HANDIAK IZANGO DIRA ASTE NAGUSIKO GUATEKEEKIN

Musikaren klasiko handiek gauak animatuko dituzte berriro ere Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan ohiko guatekeekin. Aurten 8 kontzertuko ziklo batean entzungo dira, abuztuaren 22tik (larunbata) 29ra (larunbata), 23:30etik aurrera.

"Gogoratu 80ko eta 90eko hamarkadak" DJ ikuskizunak irekiko du programazioak, larunbatean, hilak 22, Radio Nervionen eskutik. Ondoren, igandean, hilak 23, Los Espectros taldearen emanaldia izango da; rock bilbotarraren formazio aitzindaria dira, 60ko hamarkadako talde arketipikoa, eta denborak ematen duen heldutasunarekin itzuli da, baina bere funtsa bere horretan mantenduz.

Astelehenean, hilak 24, ikuskizun magiko-rantxeroa eskainiko du Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldeak. Hurrengo egunean, hilak 25, asteartean, Asier Bilbao Show ikuskizunaren txanda izango da, eta “Bilboko ohiko kabaret estiloko” emanaldia eskainiko du showmanak, beste zortzi artista lagun.

Abuztuaren 26an, asteazkenean, boleroak izango dira gaueko protagonistak, Pan con Chile taldearen eskutik, eta abuztuaren 27an, ostegunean, habanerak entzungo dira, Agrupación Puertochico taldeari esker.

Abuztuaren 28an, ostiralean, Amistades Peligrosas taldearen txanda izango da, bere 30. urteurrena ospatzeko egiten ari diren biraren barruan, Bilbon egongo baitira. Eta abuztuaren 29an, larubatean, guateke zikloa amaituko da Nacha Pop taldearen emanaldiarekin, Urira ekarriko dituena popik sotilenetik rock and rollik bizienera doazen konposizioak.

KONTZERTUAK, PERGOLAN

ONINTZA ENBEITA ETA AINHOA URREJOLA, 2026KO PREGOILARIA ETA TXUPINERA

Bilbok badaki nortzuk lagunduko dioten Marijaiari 2026ko Aste NagusianOnintza Enbeita Maguregi bertsolaria izango da pregoilaria, eta txupinera, berriz, Ainhoa Urrejola Soldevilla.

Jai Batzorde Mistoak Onintza Enbeita Maguregi aukeratu du abuztuaren 22an Arriaga antzokiko balkoitik pregoia emateko. Bertsolari eta kazetari honek ibilbide nabarmena egin du bertsolaritzaren arloan, eta 2018an Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen lehen emakumea izan zen. Muxikan jaio eta bizi da, bertsolari-familia ezagun batekoa da eta lotura estua dauka Bilborekin eta Aste Nagusiarekin. Bere ustez, "herri-festarik ederrena" da.

Bestalde, duela ia 30 urtetik Kaixo konpartsako kide den Ainhoa Urrejola Soldevilla Bilboko Konpartsek izendatutako txupinera izango da. Bilbo Zaharrean jaio zen eta konpartsei lotuta egon da betidanik. Gaur egun Otxarkoagan bizi da, eskola-jantoki batean lan egiten du eta alaba bi dauzka. Hondartza, mendia, artisautza eta irakurketa maite ditu, eta Aste Nagusia emozio bereziarekin bizi du. Marijaiaren etorrera urtero irrikaz espero duen ekitaldia da.

KALEKO ANTZERKIKO ETA ARTEETAKO 15 KONPAINIA

Kaleko antzerkiak eta kaleko arteek berriro ere protagonismo berezia izango dute Aste Nagusiko kultur programazioan. Abuztuaren 23tik 30era, Bilboko Udalak doako 23 ikuskizun eskainiko ditu 15 konpainiaren eskutik. Horrela, Bizikidetasun Plaza eta Doña Casilda Parkeko Pergola aire zabaleko bi agertoki bihurtuko dira berriro ere, zirku garaikidea, umorea, akrobaziak eta keinu-antzerkia protagonista izango diren espazioetan.

Programazioak zirku garaikidea, antzerki bisuala, clowna, magia, akrobaziak eta inprobisazioa uztartzen dituzten proposamenak bilduko ditu, Euskadiko 4 konpainiaren, Estatuko 8ren eta nazioarteko 3ren eskutik. Umorea, emozioa eta publikoaren parte-hartzea uztartzen dituzten ikuskizunen bidez, zortzi egunez, konpainiek egunerokotasuna, bizikidetza, aniztasuna, teknologia edo norberaren eraldaketa bezalako gaiei buruz hausnartzera gonbidatuko dute publikoa, kaleko arteek harritzeko, hunkitzeko eta espazio publikoa adin guztietako pertsonentzako topagune eta gozamen partekaturako gune bihurtzeko duten gaitasuna erakutsiz.

ADIN GUZTIENTZAKO ASKOTARIKO PROPOSAMENA

Egitarauari hasiera emango dio Cia Trotamundos euskal konpainiak "Finito-Infinito" ikuskizunarekin, abuztuaren 23an, igandea, 12:30ean, Bizikidetasun Plazan. Jardunaldiak jarraipena izango du Bot Project valentziar eta kataluniar konpainiaren "Collage 2024" ohe-elastikoko ikuskizunarekin; akrobaziak, umorea eta orekak uztartzen dituen proposamena 19:30ean izango da Pergolan. Eguna amaitzeko, Madrilgo Al Tran Tran konpainiak "Los trovadores urbanos" eskainiko du 21:15ean Bizikidetasun Plazan; publikoaren proposamenetatik abiatuta sortutako musika-inprobisazioko ikuskizuna.

Abuztuaren 24an, astelehena, Bot Project konpainiak "Collage 2024" ikuskizunaren bigarren emanaldia eskainiko du 21:15ean Bizikidetasun Plazan. Bestalde, Txema Muñoz (Katalunia) artistak "Gota" ikuskizuneko magia eta antzerki bisuala hurbilduko ditu, 12:30ean Bizikidetasun Plazan eta 19:30ean Pergolan izango diren emanaldietan.

Programazioak abuztuaren 25ean, asteartea, jarraituko du Pere Hosta (Katalunia) artistarekin"Woof" clown ikuskizunean txakurren unibertsoa taularatuko du, 12:30ean Bizikidetasun Plazan eta 19:30ean Pergolan. Gau berean, 21:15ean, Nacho Flores (Katalunia) arituko da Bizikidetasun Plazan "Domte" zirku garaikideko piezarekin, iruditeria mitologikoan inspiratutako proposamena.

Abuztuaren 26an, asteazkena, Colectivo Mur (Katalunia) konpainiaren txanda izango da. Giza harremanei eta aniztasunari buruzko "Únicos" ikuskizun inklusiboa eskainiko du 12:30ean Bizikidetasun Plazan. Arratsaldean, Ameztu Antzerkia euskal konpainiak "Kay Robot" txotxongilo-komedia eskainiko du 19:30ean Pergolan. Eguna amaitzeko, Cia Capicua (Aragoi) konpainiak "Ruta" aurkeztuko du 21:15ean Bizikidetasun Plazan; 66 Ibilbide mitikoko gasolina-zerbitzugune zahar batean girotutako zirku garaikideko proposamena.

Abuztuaren 27an, osteguna, nazioarteko Trio Wise Fools (Finlandia/Hegoafrika) konpainiak "Hot & Cold" ikuskizunaren bi emanaldi eskainiko ditu, 12:30ean eta 21:15ean, Bizikidetasun Plazan. Akrobaziak, musika eta umorea uztartzen dituen ikuskizuna da. Horrez gain, Cia Capicua konpainiak "Ruta" Pergolara eramango du, 19:30ean.

Abuztuaren 28an, ostirala, Flying Pikmis kataluniar konpainiak "Eh?!" aurkeztuko du; eguneroko lana zirku eta umore ariketa bihurtzen duen proposamena. Emanaldiak 12:30ean eta 21:15ean izango dira Bizikidetasun Plazan. Bestalde, Tutik Clowns euskal konpainiak bere 30. urteurrena ospatuko du "Ekilikua" ikuskizunarekin, 19:30ean Pergolan.

Programazioaren azken txanpa abuztuaren 29an, larunbata, iritsiko da Kiai (Frantzia) konpainiarekin. "Pulse" akrobazia kolektiboko ikuskizun biziak grabitateari erronka egingo dio, 12:30ean eta 21:15ean Bizikidetasun Plazan izango diren bi emanaldietan. Egun berean, Bilboko Orain Bi konpainia Aste Nagusira itzuliko da "Mute" ikuskizunarekin; 2022ko Leioako Umore Azokako Ikuskizun Onenaren Saria irabazi zuen lana 19:30ean izango da Pergolan.

Programazioa abuztuaren 30ean, igandea, amaituko da Tomate Clown artista argentinarrarekin. "Pasen y vean" ikuskizunak emango dio amaiera aurtengo Kaleko Antzerki eta Arteen programari. Komedia fisikoa eta puxikekin egindako eskulturak uztartzen dituen muntaketa sarituak hogei herrialde baino gehiagotan egin du bira. Emanaldia 12:30ean izango da Bizikidetasun Plazan.

ORDUTEGIAK

  • Bizikidetasun Plaza: emanaldiak 12:30ean eta 21:15ean, abuztuaren 23tik 29ra. Abuztuaren 30ean, igandea, emanaldi bakarra izango da, 12:30ean.
  • Doña Casilda Parkeko Pergola (Txikigunea): egunero emanaldi bana 19:30ean, haurrei eta familiei zuzenduta.

EUSKAL KULTURA

Bilboko Udalak euskal kulturarekin eta herri kirolekin lotutako ehun jarduera baino gehiago programatu ditu Aste Nagusian, eta bederatzi jaiegunetan zehar, euskal tradizioak, ohiturak eta nortasun-ezaugarriak egunero hurbilduko dizkie herritarrei. Programazio honekin, Aste Nagusian euskal folklorea sustatzeko eta zabaltzeko konpromisoa berresten du Udalak.

Abuztuaren 22tik (larunbata) 30era (igandea), Bilboko kaleetan, Alde Zaharra ardatz nagusitzat hartuta, hainbat erakustaldi, alarde, kalejira, dantza eta beste hainbat proposamen izango dira, euskal tradizioak, ohiturak eta kultura Aste Nagusiko protagonista nagusi bihurtuko dituztenak, adin guztietako herritarrek eta egun horietan Bizkaiko hiriburua bisitatzen dutenek goza ditzaten.

Horrela, dantzek, Herri Kirolek, Erraldoi eta Buruhandiek, bilbainadek, bertsolariek, traineruek eta pilotak, besteak beste, eguneroko hitzorduak izango dituzte programazioan.

TXISTULARIAK ETA GAITARIAK GOIZAK ANIMATZEKO

Goizero, 10:00etatik aurrera, txistulariek eta gaiteroek Zazpi Kaleak zeharkatuz irekiko dituzte eguneroko ospakizunak.

Ondoren, 11:00etatik aurrera, Erraldoiek eta Buruhandiek kalejira egingo dute Bilboko Euskal Museotik abiatuta, eta bi orduko ibilbidea egingo dute, egunero ezberdina izango dena. Ibilbidea zuzenean jarraitu ahal izango da 2026ko Aste Nagusiko app ofizialarekin.

Pertsonaia horien egun nagusia abuztuaren 30ean (igandea) izango da, ERRALDOIEN XXXV.  BILKURAk Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko hainbat konpartsa bilduko baititu, Ondalan Erraldoien Konpartsak eta Bizkaiko Gaiteroak antolatuta. 10:30ean abiatuko dira Plaza Biribiletik, eta 13:00etan Areatzara iristea aurreikusita dago.

Bilboko kultura herrikoiaren irudi enblematiko horiek protagonista izango dira Aste Nagusian, baita "Bilboko erraldoiak" erakusketan ere. Erakusketa bi gunetan egongo da ikusgai uda honetan: Bilboko Euskal Museoko klaustroan eta Mariaren Bihotza plazako aztarnategian. Erakusketa irailaren 6ra arte egongo da ikusgai, eta haurrentzako eta familientzako jardueren programazio berezi batekin osatuko da bi egoitzetan.

Era berean, Evaristo Txurruka kaian izango da Udal Txistulari Bandak antolatzen duen Txistularien Alarde tradizionalaren 66. edizioa. Aurten, taldearekin batera arituko dira Moonshine Wagon, Europako musikaren panoramako talderik berezienetako eta indartsuenetako bat. Hitzordua abuztuaren 30ean izango da, igandean, 13:00etan.

BERTSOAK, FANFARRIAK ETA BILBAINADAK

Bilbotarrak taldearen bilbainadek Alde Zaharreko kaleak alaitzen jarraituko dute eguerdian, jaia tabernaz taberna eramango duen ibilbide batekin, guztiok ezagutzen ditugun abesti herrikoi horiek ezagutarazten.

Ondoren, fokua Santiago Plazara eramango da, eta bertan bertsolaritzaren munduko lehen mailako artistak bilduko dira egunero 13:00etan, abuztuaren 26an (asteazkena) izan ezik. Egun horretan, 14:00etan izango da, bertso bazkaria egingo baita.

Musika Fanfarreen erritmoan ere egongo da, egun garrantzitsuetan egingo diren ibilbideekin, goizez eta arratsaldez. Larunbatean, abuztuaren 22an, Sama Sikuk txupineko giroa alaituko du, aldez aurretik Areatza inguruan ibiliz, 18:00etatik 18:45era, eta ondoren, 19:15etik 21:15era, txosnei irekiera emanez. Igandean, hilaren 23an, eta baita 28an (ostirala) eta 29an (larunbata) ere, Dunbots, Ardoa Barrura eta Adiskideak taldeen txanda izango da, hurrenez hurren, bi txandatan: 13:00etatik 14:30era Ledesma eta Diputazio kaleetan, eta 19:30etik 21:00etara Alde Zaharrean.

Udal Musika Bandak, bere aldetik, goizeak girotuko ditu, 12:00etatik aurrera, egunero Areatzako Kioskoan. Eta musika Casilda Iturrizar Parkeko Pergola agertokian ere entzungo da, abuztuaren 23tik, igandea, 30era, 12:00etatik aurrera, bilbainadei, habanera doinuei, pasodobleei, hainbat eskualde eta nazionalitatetako folkloreari eta euskal musikari protagonismoa emanez.

BILBAINADEN XXXVIII. LEHIAKETAKO SARIAK

Aste Nagusian hain maitatuak diren kontzertu horien esparruan, Bilbainaden XXXVIII. Lehiaketako sariak banatuko dira, Parkeko agertokian, abuztuaren 28an, ostiralean. Bilboko Udalak antolatzen du lehiaketa, Radio Nervionekin eta TeleBilbaorekin elkarlanean, eta arrakasta handia du adinekoen artean. Hitzordua abuztuaren 28an, ostiralean, izango da, 12:00etan. Juan Mari Aburto Alkateak ekitaldi honetan parte hartuko du, udalbaltzako beste kide batzuekin batera.

HERRI KIROLETAKO HAINBAT PROBA

Arriagako Plazak, bere aldetik, Herri Kiroletako erakustaldirik onenak bilduko ditu, abuztuaren 26tik (asteazkena) 29ra (larunbata) bitartean, 12:00etatik aurrera; eta urte batez gehiago, emakumeak eta gazteak ikustarazteari garrantzi berezia emango zaio programazioan.

Horrela, abuztuaren 26an, asteazkena, Emakumeen Eguna Herri Kiroletan izango da, eta Uxue Ansorregi eta Irati Astondoa aizkolariek, Ane Atxutegi eta Estefania Etxebeste harri-jasotzaileek eta Garbiñe Lopez de Uralde eta Sara Asenjo harri-jasotzaileek parte hartuko dute.

Hilak 27, ostegunean, bestalde, Gazteen Eguna Herri Kiroletan ospatuko da. Egitarauan, aizkolari gazteen proba konbinatu mistoak egongo dira, eta horietan parte hartuko dute Jakes Iruretagoiena-Izeta eta Jon Zaldua, 250 zentimetroko zirkunferentzia duen enborra txanda librean moztuko dutenak, eta beste lau enbor harrijasotzaileekin konbinatuta. Gazte harrijasotzaileen proban, bere aldetik, Izadi Agirrek (11 urte) eta Xuhare Urruzunok (11 urte) parte hartuko dute. Gainera, aizkolari gazteen proba ere egongo da, Malen Barrenetxea eta Ekiñe Lópezekin.

Abuztuaren 28an, ostirala, aizkolarien (Iker Vicente eta Aitzol Atutxa) eta harrijasotzaileen (Inhar Urruzuno, harri txikiekin, eta Gari Garmendia, harri handiekin) erakustaldiez gozatzeko aukera egongo da. Gainera, Iparraldeko jokoak egongo dira, besteak beste, lasto jasotze eta lasto botatze, Jon Loiolaren eta Jon Lapzaranen eskutik, eta txinga erute, Nerea Egurrolarekin (50 kiloko txingak) eta Kerman Pérez de Herediarekin (75 kiloko txingak).

Euskal herri kirolen erronda honi amaiera emateko, abuztuaren 29an, larunbata, Bizkaiko Taldekako Harrizulatzaile Txapelketa izango da. Horrez gain, aizkolarien (Hodei Ezpeleta eta Eneko Saralegi, 5 metroko altueran ebakiak egiten) eta harri-jasotzaileen (Leire Olea eta Eider Durana) erakustaldiez gozatu ahal izango da.

PILOTA PARTIDAK ETA ESTROPADAK

Pilota ere izango da protagonista, modu nabarmenean, Aste Nagusia Torneoarekin, igandetik (hilak 23) larunbatera (hilak 29) bitartean jokatuko dena, Esperantza Pilotalekuan, hainbat modalitatetan: eskuz binakako pilota eta lau t'erdiko esku pilota (finalak larunbatean, hilak 29, izango da), eta emakumezko gomazko paleta (finala ostiralean, hilak 28, izango da).

Traineruei dagokienez, bi estropada egongo dira Bilboko Itsasadarrean, abuztuaren 23an (igandea), Deustu Arraun Taldearekin elkarlanean antolatuta: 11:15ean, Emakumezkoen Traineru Ligako Emakumeen XI. Ikurriña-Ane Aizpuruen VI. oroimena estropada ospatuko da, eta 12:00etan, XLVIII. Estropada “Bilbao Hiria”. Biak abiatuko dira Bilboko Udalaren aurretik, non helmuga ere egongo den; eta Bizkaitik, Gipuzkoatik, Kantabriatik eta Lapurditik etorritako klubek parte hartuko dute probetan.

EUSKAL DANTZAK, AURTEN GASAREN PLAZAN

Euskal Dantzak, berriz, protagonista izango dira berriro arratsaldeetan, baina aurten eszenatokiz aldatuko dira eta Gasaren Plazan izango dira.

Abuztuaren 23tik (igandea) abuztuaren 30era (igandea) bitartean, 19:00etatik aurrera, publikoak gozatu ahal izango du erakustaldiez, erromeriez, Larrain Dantzaz eta alardeez, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak (BDB) eskainita; izan ere, Udalak urteko hitzarmena du haiekin.

  • Abuztuak 23, igandea: Zerutxu (Markina)
  • Abuztuak 24, astelehena: Goialde (Erandio)
  • Abuztuak 25, asteartea: Gaztedi (Santutxu)
  • Abuztuak 26, asteazkena: Salbatzaile (Castaños)
  • Abuztuak 27, osteguna: Alkartasuna (Bermeo)
  • Abuztuak 28, ostirala: Urdaibai-Irrintzi Alai (Forua-Busturia)
  • Abuztuak 29, larunbata: Mikel Deuna (Iurreta)
  • Abuztuak 30, igandea: Beti Jai Alai (Basurto)

Eta, ohiturari eutsiz, abuztuaren 25ean, asteartean, 20:00etan, Aste Nagusiko egitarauaren atal honetako gehien espero den uneetako bat iritsiko da: “Larrain Dantza” ospetsua, hain zuzen ere. Herrian dantzarik errotuenetako bat da, eta, bertan, kalejira, fandangoa, jotak, baltsa, bolerak eta katean zein binaka egiten diren dantzak uztartzen dira. Udaletik, gainera, jantzi tradizionalarekin parte hartzera dei egiten da, “Zatoz zure jantziarekin!” lelopean.

bilbao.eus

Laburrean

  • Mota Jaiak
  • Data 2026(e)ko abuztuaren 22(e)tik 2026(e)ko abuztuaren 30(e)ra
  • LekuaBilbao
  • Info Gehiago
  • Ikusi agenda Bilbao

Non