Pasaia Itsas Festibala 2026 (maiatzak 14-17)
Jada eman dute jakitera dozenaka ontzi Pasaiako badian elkar topatzeko hurrengo data: Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioa 2026ko maiatzaren 14tik 17ra bitartean egingo dute. Aurreko edizioetan bezalaxe, itsas kulturaz, ondarez, musikaz, gastronomiaz, artisautzaz eta dibulgazioz beteko dituzte lau egun.
Pasaia Itsas Festibala euskal kostaldean ospatzen den itsas ekitaldi garrantzitsua da, eta nazioarteko irismena du. Bi urtetik behin, itsas kultur ondareaz gozatzeko parada izaten dute Pasaiara hurbiltzen direnek, eta Euskal Herriko historiaren beste ikuspegi bat eskaintzen du.
Hain zuzen, festibala itsasoari horren lotuta bizi zen euskal itsastarrei egindako omenaldia da. Lau egunetan zehar, Pasaia mundu osoko itsas kulturen topagune bihurtuko da, iraganean izan zenari keinua egiteko. Dozenaka ontzi tradizional elkartuko dira uretan, eta kultur programazio zabala eskainiko da lehorrean geratzen direnentzat. Antolatzaileek adierazi dutenez, egitarau zehatza data hurbildu ahala zehaztuko dute.
2026ko festibalak aurreko edizioetako ereduari jarraituko dio, eta berriz ere erakunde publikoen eta kultur eragile ugariren babesa izango du, edizio bakoitzarekin kopurua handituz joan baita. Era berean, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute orain arte ikusleen, parte hartu duten eskifaien eta itsas ondarea zaintzen aritzen diren elkarteen aldetik harrera ona izan duela festibalak, eta datorren urtean ere bide beretik jarraitzea espero dutela.
Kontzertu nabarmenak eta jai-giroa
Itsas programazioa lurreko egitarau zabal batekin osatuko da. Egitarau horrek askotariko jarduerak hartzen ditu barne: bisitak itsasontzietara, lanbide tradizionalen erakustaldiak, musika, dantza, antzerkia, gastronomia edo erakusketa. Hala azaldu du Igor Otxoa Oninarteko ordezkariak.
Musika izango da festibalaren erakargarri handienetako bat, eta kontzertuak badiako hainbat gunetan banatuko dira. Edizio honetan izen hauek nabarmentzen dira: Pedro Pastor kantautorea, eduki sozial handiko proposamena duena; Bele, Lide Hernando abeslari donostiarraren bakarkako proiektua, haurtzarotik maite izan duen musika afroamerikarrera itzuli nahi izan duena. Biek maiatzaren 14ean, osteguna, jardungo dute.
Bere herrialdeko musika tradizionaletik abiatuta, Nakany Kante artista ginearrak estiloak fusionatzeko zuzeneko bat eskainiko du larunbatean, maiatzak 16. Bestalde, Eskorzo granadar taldea eta Amparanoia Amparo Sánchez madrildarra buru duen banda egun horretan bertan batuko dira festara, gozatzera gonbidatzen duen musika-fusiorako proposamen batekin.
Horiez gain, festibalaren egunetan etengabe izango dira bestelako musika-ekitaldiak, kale-animazioa eta jai-giroa nonahi. Pasaia Itsas Festibalak tokiko hainbat eragileren parte-hartzea izango du, hala nola trikitilariena, bertsolariena, abesbatza eta dantza-taldeetan. Horiek guztiek jai- eta herri-giroa sortzen lagunduko dute.
Era berean, familientzako askotariko programazioa eskainiko du: haurrentzako tailerrak, urpekaritzako bataioak, itsasoari lotutako hezkuntza-proposamenak edo “Akromasta” bezalako esperientzia parte-hartzaileak. Jarduera horrek ausartenei 8 metroko altuerako mastaren gorenera igotzeko gonbita egiten die. Festibalaren webgunean kontsulta daiteke egitarau zehatza, eta sarrerak laster erosi ahal izango dira webgunearen bidez.
Laburrean
- Mota Jaialdia
- Data 2026(e)ko maiatzaren 14(e)tik 2026(e)ko maiatzaren 17(e)ra
- LekuaPasaia
- Info Gehiago
- Ikusi agenda Pasaia


