"10 urtez Musikala"

Errenteria 2025(e)ko Abenduak 20
  • "10 urtez Musikala"

Zaria Koru Eskola errezitalez beteriko asteetan murgilduta dago eta datozen asteetan bere musikaz gozatzeko aukera ugari izango dira.

Datorren larunbatean, abenduak 20, Zaria Koru Eskolak ‘10 urtez Musikala’ ikuskizuna eskainiko du 18:30ean, Lekuona Fabrikan. Kontzertu berezi honekin, koru-eskolak bere 10. urteurrena ospatuko du.

Oroitzapenezko ikuskizunak, Zaria Koru Eskolaren ibilbide artistikoaren errepasoa proposatzen du, sorreratik gaur arte interpretatu dituen hainbat obra berreskuratuz. Hala, musikaren erreferente handiei eskainitako kontzertu tematikoen hautaketa eskainiko da, besteak beste Queen, The Beatles eta ABBA bezalako taldeen lanak musikalaren lengoaiatik berrinterpretatuta.

Ikuskizuna Imanol Elizasu zuzendariaren, Aitor Gabilondo eszena zuzendariaren eta Karlos Nguema koreografoaren lanaren emaitza da. Bakoitzaren ekarpenen konbinazioak eszenaratze ikusgarria ekarriko du. Koruaren interpretazioak, bakarlarien emanaldiak eta koreografia originalak publikoaren gozagarri izango dira.

‘10 urtez Musikala’ aukera paregabea izango da musikaz, dantzaz eta musikalen arrakasta handien magiaz beteriko arratsaldeaz gozatzeko. Informazio eta xehetasun gehiago Zaria Koru Eskolaren webgune ofizialean dago eskuragarri. Sarrerak ia agortuak daude, baina oraindik eros daiteke baten bat sarrerak.errenteria.eus webgunean.

Kontzertuz beteriko urte amaiera oparoa izaten ari da Zaria Koru Eskolarentzat: asteburuan Pasai Donibanen, El Villar de Arnedon eta Donostiako Aquarium-ean emanaldiak izan ondoren, ostegunean, Zariatxoko abeslariek Discos Mon Oncle kontzertuan parte hartuko dute beste hainbat artistarekin batera Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Gabonetako egitarauarekin jarraituz, Gabon kontzertua abenduaren 22an eskainiko dute San José Obrero Iztietako elizan, 20:00etan. Abenduaren 24an Ballesol adinekoentzako egoitzan egongo dira eta, bukatzeko, abenduaren 26an, ‘Horra, Horra!’ Gabonetako emanaldian parte hartuko dute Lekuona Fabrikan.


Laburrean

  • Mota Antzerkia
  • Data 2025(e)ko Abenduak 20
  • Ordutegia18:30
  • LekuaLekuona Fabrika
    Av. Ugarritza, 1,
    Errenteria
    Web
  • Ikusi agenda Lekuona Fabrika, Errenteria

Non