Umeen Gabonetako Parkea 2025-2026 (BEC - abenduak 14 - urtarrilak 5)
Bilbao Exhibition Centre-k abenduaren 13an irekiko ditu Umeen Gabonetako Parkearen (UGP) edizio berriko ateak. Ezinbesteko hitzordua da milaka familiarentzat, eta, beste behin, 1., 3. eta 5. pabiloiak belaunaldien arteko topaketarako, dibertsiorako eta sormenerako espazio handi bihurtuko dituena.
Aurtengo edizioa, 59. izango dena, urtarrilaren 5era arte egingo da eta jarduera ugari, proposamen parte-hartzaileak eta oso une bereziak izango ditu. Azken horien artean, nabarmendu beharrekoa da abenduaren 13an eta 14an, egun osoan zehar, jasoko duten bisita berezia: Olentzero eta Mari Domingirena.
UGPn parte hartzen duten erakundeen inplikazioa ezinbestekoa da jarduera ludikoen ibilbide zabala eraiki ahal izateko. Beste urte batez, aurten ere, UGP adin guztietarako hezkuntza- eta aisialdi-proposamenez beteko dute euskal azokagunea. BBK Klimak bost gunetan banatutako espazio bat aurkeztuko du: “Uraren zikloa” ibilbidea, non uraren zikloa barrutik bizitzen den zorbing ball-en bidez; “Berdintasunaren Biderantz”, berdintasuna sustatzeko escape room bat; “Negutegia”, fruta eta barazkiei buruz ikasteko puzgarri-inbernaderoa; “Planetaren Zaindariak”, ingurumen-erronkei buruzko sentsibilizazioa lantzen duen joko aktiboa; eta atseden-gune zabal bat.
Bizkaiko Foru Aldundia bere ohiko izotz-pistarekin itzuliko da, eta Bizkaibusek, berriz, mugikortasun jasangarriaren inguruan sentsibilizatzeko proposamen teknologiko eta hezitzailez betetako stand bat aurkeztuko du. Bertan izango dira Bizkaibus Arcade Megamix kaniken trebetasun-jokoa, “Bizkaia Bizkaibus Marble Race” lasterketa eta urrutiko aginte bidezko autobusekin egiteko trebetasun-zirkuitua. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak egurrez egindako labirinto esperientzial bat proposatuko du; haurtzarotik gaztarora arteko bizitzaren etapak, balioak eta erabakiak erakusten dituen ibilbide batekin. Gune bakoitzak bizitzako une esanguratsu bat eta etapa horretan sustatu nahi den balioa irudikatzen ditu.
Energiaren Euskal Erakundeak kart elektrikoen zirkuitua prestatuko du; eta Garbikerrek familientzako escape rooma eta ontzi-arrantza eta arcade jokoak bezalako jarduerekin batera. Interbiakek parte-hartzea sustatzen duen espazio bat izango du, eta bertan ikusgai egongo dira “Olentzero eta Mari Domingiren irribarrea” lehiaketara aurkeztutako lanak. Horiez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira: auto eta errepide-jolaseko gunea, berrerabilitako materialekin zirkuituak sortzeko, adin-tarte bakoitzera egokitutako tailer sortzaileak, eskulanak, esperimentazioa eta balioetan heziketa uztartzen dituztenak; gidatze-simulagailuen eta arcade jokoen eremua, segurtasun bidea modu murgiltzailean lantzeko eta Interbiaken tunela, erronken eta enigmen bidez benetako lurpeko obra baten esperientzia birsortzen duen proposamena.
Laboral Kutxak skate munduari eskainitako espazio bat izango du, hasierako klaseekin, saio libreen tutoretzekin, surfskate miniramp batekin eta haurrentzako miniramp batekin, haur eta nerabeen artean hiri-kirola sustatzeko. Bestalde, Bilboko Portu Agintaritzak bere ohe elastikoak gehituko dizkio ibilbideari, eta Telepizzak ikaskuntza aktiboa sustatzen duten joko interaktibo hezitzaileen gune bat eskainiko du.
Horrez gain, Metro Bilbaok aurten 30. urteurrena ospatuko du eta UGPn izango da abenduaren 13tik 19ra bitarte proposamen bereziarekin. Proposamen horrek erakusketa txikia eta metroan oinarritutako jarduera parte-hartzaileak eta eskulanak bateratuko ditu.
UGPko jolas eremua inoiz baino osatuago iritsiko da aurten: 33 proposamen diseinatu dira, adin guztietako neska-mutilei askotariko esperientziak eskaintzeko. Eskaintzak txikienentzako atrakzioak (Baby Cadenas, Baby Hommer Simpsom, Scalextric edo Txiki Park, adibidez) eta emozio biziagoak lortu nahi dituztenentzat pentsatutako atrakzioak (Saltamontes atrakzioa, zezen mekanikoa, Balancé edo auto elektrikoak) jasotzen ditu. Horien guztien artean, nabarmendu beharrekoa da aurtengo edizioko berritasunetako bat: “El Martillo”.
STEAM Gunea, zientzia dibertigarri bihurtzen den gunea
STEAM Guneak toki esanguratsua beteko du txikienen artean bokazio zientifikoak pizteko diseinatutako gune berritzaile gisa. Bere programazioa —Elhuyarrek garatua, Innobasqueren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailen laguntzarekin eta Iberdrolaren babesletzarekin—biokimikari, elektrizitateari, argiari, biodibertsitateari eta sorkuntza artistikoari buruzko tailerrak; biologiari, teknologiari, matematikari, robotikari, fisikari eta abarrei buruzko erronkak; eta elektrizitatea edo garunaren funtzionamendua ardatz duten ikuskizunak izango ditu, besteak beste.
Gainera, modu autonomoan bisitatu ahal izateko hainbat gune prestatuko dira, minirobotak, errealitate birtualeko betaurrekoak, mikroskopioak eta esplorazio materialak erabiliz.
Kirola, inklusioa eta elkartasuna: balioetan oinarritutako dibertsioaren aliatuak
UGPk balioekiko (elkartasuna, gizabidea, jasangarritasuna, berdintasuna, familia eta bizitza osasuntsua) eta, zeharkako balio gisa, euskararekiko duen konpromisoa ere agerian geratzen da bere kirol-proposamen zabalean. Hala, jardueren bidez, elkarrekin bizitzen, lankidetzan jarduten eta elkarrekin, taldean, geure buruak gainditzen ikasteko modua proposatzen du. Parkeak irauten duen bitartean, diziplina ezberdinetako Bizkaiko federazioek hainbat jarduera dinamizatuko dituzte: UGPko Gabonetako Saskibaloi Txapelketa eta UGPko Gabonetako Eskubaloi Txapelketa, Beisboleko Bateo Tunela, Gabonetako VIII. Miniatletismo Txapelketa eta Mahai Teniseko gunea (prestakuntza, erakustaldiak eta txapelketak izango dira bertan). Horrez gain, kirol arloko egitarauak UGPko VIII. Gabonetako Lasterketa hartuko du urtarrilaren 5ean. Lasterketa familia osoarentzako irekia izango da eta 600 parte-hartzailerentzat mugatuta dago. Bertan parte hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea eta dortsala jasotzea.
Bizikidetzako balioak, gainera, inklusio-neurrien bidez ere presente egongo dira. Horien bidez, UGP denentzako gunea izatea bermatu nahi da. Abenduaren 13, 14 eta 15ean, barrutiak soinua eta argiztapena egokituko ditu dibertsitate funtzionala duten pertsonen parte-hartzea erraztuko duen ingurune lasaiagoa sortzeko. Gainera, Desgaitasuna Egiaztatzeko Txartela aurkezten dutenek bi sarrera eskuratu ahal izango dituzte prezio murriztuan, eta sarrera eta irteera libreko eskumuturrekoa erabili, esperientzia eroso eta irisgarria izan dezaten.
Balioen aldeko apustua elkartasunaren bultzadarekin osatuko da; izan ere, elkartasunak rol protagonista izango du Bizkaiko Gurutze Gorriarekin batera abian jarritako lankidetzari esker. Erakunde horrek jostailu berriak, ez-belikoak eta ez-sexistak eta hezitzaileak biltzeko gunea egokituko du bertan. Gabonetako ilusioa beharra duten haurrekin partekatzeko gonbita egiten du ekimenak eta UGPk defendatzen duen izaera sozial eta komunitarioa indartzen du; izan ere, UGPn, dibertitzeak gainerakoak zaintzea ere barne hartzen du.
UGP Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du honako hauen babesarekin: Bilboko Portuaren Agintaritza, BBK, Bizkaiko Foru Aldundia, Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritza, Garbiker, Interbiak, Laboral Kutxa eta Telepizza.
INFORMAZIO PRAKTIKOA
BEC-ek segurtasuneko eskumuturrekoak jarriko ditu bisitarientzat eskuragarri, umeen kontrola errazteko. Eskumuturrekoak erabiltzeko, 1. pabilioitik gertu dagoen atrioko informaziogunera joan beharko da.
Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da, abenduaren 24 eta 31n, eta urtarrilaren 5ean izan ezik (11:00etatik 17:00etara bitartekoa izango da). Jaiegunetan (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean), UGP itxita egongo da. Gainera, abenduaren 15, 16, 17 eta 18an, UGPk ordutegi berezia izango du: 10:00etatik 20:00etara bitartekoa. Sarrera guztiak UGP-ren webgunean eskura daitezke.
NOIZ
2025eko abenduaren 13tik 2026ko urtarrilaren 5era
Itxita: abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean
Ordutegi orokorra:
Egunero: 11:00-20:00
Ordutegi berezia:
Abenduak 15, 16, 17 eta 18: 10:00-20:00
Abenduak 24 eta 31 eta Urtarrilak 5: 11:00-17:00
Laburrean
- Mota Bestelakoa (haurrentzat)
- Data 2025(e)ko abenduaren 13(e)tik 2026(e)ko urtarrilaren 5(e)ra
- LekuaBizkaia Arena - BEC
Ronda de Azkue, 1
Barakaldo
Web - Zenbatekoa10,5 €
- Sarrerak Erosi
- Info Gehiago
- Ikusi agenda Bizkaia Arena - BEC, Barakaldo


