BIME Bilbao 2025

Bilbao 2025(e)ko urriaren 28(e)tik 2025(e)ko urriaren 31(e)ra
  • BIME Bilbao 2025

Bilbo eta Bizkaia izango dira, ostera ere, musikaren industriaren nazioarteko topagune nagusi, BIMEren beste edizio batekin. Euskalduna Bilbao jauregian izango da BIME Pro barruko jarduera profesionala, hau da, elkarrizketak, tailerrak, masterclassak eta networkingak, aurtengo agenda inoiz baino zabalagoa, espezializatuagoa eta nazioartekoagoa izanik. Programazio profesionalari amaiera emateko, hilaren 30ean AUPA! sariak banatuko dira, musikaren sektoreko ekimen eta ibilbide inspiratzaileenen omenez, eta, ondoren, agur esateko koktel bat. BIME Live ekimenak, berriz, zuzeneko musika hiriaren erdigunera eramango du, urriaren 31ra arte luzatuko den programazio zabalarekin. Gauero, BIME Pro ekimenen ondotik, Iberoamerika osoko artistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte showcaseetan, hau da, formatu txikiko emanaldietan, industriako profesionalek eta publikoak, oro har, egungo panoraman proiekzio handiena duten musika-proposamenak ezagutzeko aukera izan dezaten.

BIME LIVE

BIME, musika-industria iberoamerikarraren erreferentziazko topaketa, nazioarteko laugarren ekitaldirik garrantzitsuena da dagoeneko sektorean, eta gaur bertan jakinarazi ditu Pro eta Live programazioen azken xehetasunak. Urriaren 28tik 31ra izango da aurtengo hitzordua Bilbon, eta hamahirugarren edizioa oso berezia izatea aurreikusten du.

BIME Live, BIMEren showcase- eta kontzertu-jaialdia, finkaturik dago jada nazioarteko proiekzioa duen musika-talentuaren plataforma nagusi gisa, eta zuzeneko musika-agertokien zirkuitu handi bihurtuko du beste behin ere Bizkaiko hiriburua. Urriaren 28tik 30era, Kafe Antzokia, Crystal, Stage Live, Back Room, Dock, Bilborock, La Ribera, BBK Aretoa eta Cotton Club aretoek hirurogeita hamar showcase baino gehiago hartuko dituzte; hau da, iraupen laburreko kontzertuak, bereziki pentsatuak artistek beren errepertorioko onena ezagutaraz dezaten. Profesional egiaztatuak eta publiko orokorra libre sartu ahal izango dira (edukiera mugatuarekin eta BIME Pro programan akreditatutako partehartzaileentzako lehentasunarekin), eta bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte unean uneko musika-proposamen abangoardistenak. Irailean jakinarazitako kartelean izen gehiago ere ezagutarazi dituzte: Cariño (ES) hirukote madrildarra, estatuko popa iraultzen duena freskotasun, lotsagabekeria eta punk espirituarekin; Mhtresuno (AR) eta haren dembow eta erritmo latinoamerikarrak, errealitatez betetako letrekin; Junior Zamora (CO) abeslaria eta konpositorea, afrobeat latinoaren ordezkari handienetako bat; Laaza (ES), pop alternatiboa, jota eta elektronika minimalista modu bereizgarrian fusionatzen dituen artista; eta Dollar Selmouni (ES) mallorcarraren ahots goxoa, bere soul, flamenko eta rap melodikoaren ukituekin.

 

BIME PRO. MUSIKA-INDUSTRIAREN ETORKIZUNA EZTABAIDAGAI BILBOKO EUSKALDUNA JAUREGIAN

Aldi berean, BIME Pro jaialdiaren agenda profesionalak nazioarteko 4.500 profesional baino gehiago elkartuko ditu urriaren 28tik 30era Bilboko Euskalduna jauregian. Guztien artean, hizpide izango dituzte musika-industriaren oraina eta etorkizuna, eskaintzen diren aukera berriak eta gaur egun sortzen ari diren merkatuak. Horren guztiaren helburua da Europaren eta Amerikaren arteko loturak eta trukeak indartzea. Orain arte jakinarazitako figura erabakigarri horietaz gainera, beste zenbait profesional ere izango dira: Normunds Popens, Europako Batzordeko Hezkuntza, Gazteria, Kirol eta Kulturako zuzendari nagusia; Juicy BAE artista; Leila Cobo, Billboard etxeko zuzendari exekutiboa; Ana Gómez de Castro, PR eta RSC zuzendaria Live Nationen; Héctor de Miguel, Cadena SER irrati-kateko Hora Veintipico irratsaioko zuzendari eta aurkezlea; Antonio Casado, Marketin eta Erosketetako exekutibo seniorra DAZN etxean; Álvaro Alfonso, LALIGAko Komunikabideetako arduradun nazionala; Marisa Moya, Emerge etxeko zuzendaria; Marina Sans, The Orchard etxeko Marketin Digitaleko eta Bideo Zerbitzuko zuzendaria penintsulan; Marwán musikari eta egilea; Pablo Gil, El Mundo egunkariko kazetaria; Julio Leiva, HISPA etxeko zuzendaria; eta Tinet Rovira, Gestmusic Banijay etxeko zuzendari nagusia.

Urriaren 29an, gainera, BIME Pro ekimenak herritarrei irekitako bi jarduera izango ditu Bilboko Euskalduna jauregian. Alde batetik, Fito Cabralesekin egingo duen topaketan, musikari bilbotarrak bere ibilbideari buruzko bizipenak, pasadizoak eta gogoetak partekatuko ditu, El monte de los aullidos disko berria argitaratu eta egun gutxira. Bestetik OMARA: Cuba’s Legendary Diva dokumentalaren estreinaldia izango da Espainian. Film horrek begirada intimo bat eskainiko du Omara Portuondo musika kubatarraren figurari buruz, eta, emanaldiaren ondotik, hitzaldi bat izango da Hugo Pérez zuzendariarekin, Jonathan Finegold musika-gainbegiralearekin eta Omara Portuondorekin berarekin, online esku hartuko baitu solasaldian. Jarduera horietara joan nahi duten guztiek esteka hauetan aurkituko dute informazio gehiago:

Fitorekin elkarrizketa: https://bimeforms.typeform.com/to/iW2IloUu

Dokumentala: OMARA: Cuba’s Legendary Diva: https://bimeforms.typeform.com/to/e7FnQyiF

Aurten, gainera, BIME Pro ekitaldiak programazioa zabaldu eta MUSIK&PINTXOS espazioa eskainiko du. Topagune hori bertaratutako akreditatuen esperientzia aberasteko pentsatuta dago. Hala, showcase hautaketa zaindu batez gozatu ahal izango dute Johnnie Walker agertokian, Euskalduna jauregian bertan, bertako proposamen gastronomiko batekin lagunduta. Espazio hori urriaren 28an eta 29an irekiko da, eguerdian eta arratsaldean, eta leku ezin hobea izango da atsedenaldi bat egiteko, giro lasaian.

Amaitzeko, urriaren 30ean, BIMEk AUPA! aintzatespenen bigarren edizioko sariak banatzeko ekitaldia hartuko du. Errekonozimendu horien helburua ez da txalo-zaparrada bat eskaintzea bakarrik, baita musikaren industriako sormen lan ausart, arriskutsu edo altruistei toki egitea eta balioa ematea ere. 2024an funtsezko izen eta proiektuak aitortu ziren, hala nola Rosa Lagarrigue (ibilbidea), Sílvia Perez Cruz (artista), Industrial Copera (zuzeneko musika gunea), Vic (musikaren aldeko lurraldea) eta Music For All (urteko proiektua). Sariak banatzeko ekitaldia 12:15ean izango da Euskalduna jauregian, eta horrekin amaituko da BIMEren programazio profesionala.

 

bilbao.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2025(e)ko urriaren 28(e)tik 2025(e)ko urriaren 31(e)ra
  • LekuaBilbao
  • ZenbatekoaDoan
  • Info Gehiago
  • Ikusi agenda Bilbao

Non