Donostiako Zinemaldia 2025: egitaraua
Irailaren 19tik 27ra bitartean Donostia Zinemaldiak bere 73. edizioa egingo du; aurten, 56 herrialdetako 254 film eskainiko dira guztira. Zinemagile, antzezle, ekoizle eta gidoigile ugarik berretsi dute Zinemaldiaren 73. ediziora etorriko direla. Esther García eta Jennifer Lawrence Donostia Sariez gain, euren film berriak aurkeztera bertaratuko dira Donostiara Juliette Binoche, Paul Dano, Harris Dickinson, Matt Dillon, Colin Farrell, Denis Lavant, Maria de Medeiros, Ron Perlman, Renate Reinsve eta Stellan Skarsgard.
Halaber, zinematografia garaikideko hainbat zinemagile garrantzitsuk euren proposamen berriak aurkeztuko dizkiete ikus-entzuleei eta komunikabideei; horren adibide dira Olivier Assayas, Edward Berger, Arnaud Desplechin, Claire Denis, Hasan Hadi, Lucile Hadzihalilovic, Agnieszka Holland, Richard Linklater, Kleber Mendonça Filho, François Ozon, Jafar Panahi, Raoul Peck, Joachim Trier eta Rebecca Zlotowski.
38 lanek osatzen dute euskal parte-hartzea
Guztira 38 ekoizpenek −27 film luze, bost film ertain, hiru film labur eta hiru serie− osatzen dute Zinemaldiaren 73. edizioko euskal zinemaren parte-hartzea. Hainbat ataletan banatuta programatu dira lanok: Sail Ofiziala, New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoa, Haurrentzako Zinema, Klasikoak, EITB Gala eta RTVE Galak.
Zinemira da berariaz euskal zinemari eskainitako saila, eta aurten hamahiru proposamen jasoko ditu. Horietako lau Zinemaldian mundu-estreinaldia izango duten film luzeak dira eta, hortaz, Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko hautagaiak dira; film irabazlearen ekoizleek 20.000 euro jasoko dituzte. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatutako saila da Zinemira, Irizarrek, EITBk eta Urbilek babestua, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkartearen eta Zineuskadiren lankidetza du.
Daniel Hendler zinemagile uruguaiarraren 27 noches / 27 Nights filmaren mundu-estreinaldiak irailaren 19an inauguratuko du, lehian, Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Sail Ofiziala, eta lehiaz kanpo emango dio amaiera, berriz, Kasia Adamik zuzendari poloniarraren Winter of the Crow pelikulak hilaren 27an.
Sail Ofiziala
Arnaud Desplechin, Kentaro Hirase eta Yutaro Seki, Agnieszka Holland, Milagros Mumenthaler, Alice Winocour, Edward Berger, Claire Denis, Dolores Fonzi, Joachim Lafosse, Olmo Omerzu, Xiaoyu Qin, James Vanderbilt, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi, Alauda Ruiz de Azúa eta Alberto Rodríguez zinemagileen film luze berriak lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Sail Ofizialean.
Alauda Ruiz de Azúak (Barakaldo, 1978) lehenengoz izango du Urrezko Maskorra irabazteko aukera, Los domingos / Sundays filmarekin, klausura-komentuko kontenplazio-bizitzak erakarri egingo duen gazte aparteko eta idealista baten istorioarekin, hain justu. Blanca Soroa hasiberria eta Patricia López Arnaiz –Los destellos / Glimmers (Pilar Palomero, 2024) filmagatik Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuena– dira filmaren protagonistak, eta Miguel Garcés, Juan Minujín, Mabel Rivera eta Nagore Aranburu ere aktore zerrendan daude.
Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) eta Aitor Arregi (Oñati, 1977) zinemagileek berriro izango dute Urrezko Maskorra irabazteko aukera Maspalomas filmarekin. Jose Ramon Soroiz aktoreak Vicenteren rola egiten du filmean, 77 urterekin Maspalomasen gustuko duen bizimodua daraman gizon batena, hain justu. Moriarti kolektiboaren –Jon Garañoren presentzia ere baduen zinemagile taldearen– beste obra batzuk Lucio (Zabaltegi, 2007) eta 80 egunean (Zinemira, 2010) dira. Sail Ofizialean Loreak (2014), Handia (2017) –Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar Saria– eta La trinchera infinita (2019) –Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, Gidoi Onenaren saria, Irizar saria eta FIPRESCI saria– estreinatu dituzte. Azkenik, Marco (2024) filmak Pelark sailari amaiera eman zion, Veneziako Orizzonti sailean estreinatu eta gero.
Perlak
Cannesko zinema-jaialdiaren Urrezko Palma, Epaimahaiaren Sari Nagusia, zuzendari onenaren saria eta Urrezko Kamera eta Veneziako Mostran programatutako lanetako ugari egongo dira Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Perlak saila osatuko duten hamasei film luzeen artean. Olivier Assayas, Noah Baumbach, Kaouther Ben Hania, Yorgos Lanthimos, Richard Linklater, Kleber Mendonça Filho, François Ozon, Hlynur Pálmason, Jafar Panahi, Raoul Peck, Paolo Sorrentino, Joachim Trier eta Rebecca Zlotowskiren film luze berriekin batera, Guillermo Galoe, Hasan Hadi eta Maïlys Vallade eta Liane-Cho Hanen lehen lanek hartuko dute parte sailean. Guztiak lehiatuko dira Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko.
Cannesko lehiaketa ofizialean estreinatu ondoren, Nouvelle Vaguek emango dio hasiera sailari; Richard Linklaterrek (Houston, 1960) Frantziako zinema-korronte ospetsuari eta 1959an Jean-Luc Godarden À bout de souffle filmaren ekoizpenari egindako omenaldia da filma. Estatubatuarrak Before Sunrise (1995; zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza Berlinalen), Before Sunset (2004) eta Before Midnight (2013) lanez osatutako trilogia ospetsua ere zuzendu du. Halaber, Dazed and Confused (1993) eta Waking Life (2001) Very Funny Things. Amerikar komedia berria eta Animatopia. Animaziozko zinemaren bide berriak atzerabegirakoetan programatu ziren, hurrenez hurren, eta Boyhood (2014) filmak FIPRESCI Sari Nagusia jaso zuen Donostian, baita zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza ere Berlinalen. Nouvelle Vaguez gain, Blue Moon (2025) ere estreinatu du aurten, Andrew Scotti antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza eman ziona Berlinalen.
Horrez gainera, lehiaz kanpo programatu zen Cannesen Vie privée / A Private Life, Perlak sailari amaiera emango dion filma. Pelikulan, bere pazienteetako baten heriotza ikertzen duen psikiatra baten rola egiten du Jodie Fosterrek. Daniel Auteuil, Virginie Efira, Matthieu Amalric eta Vincent Lacoste antzezleek ere parte hartu dute Rebecca Zlotowskiren (Paris, 1980) lan berri honetan. Egilearen aurreko filmak Cannesko Semaine de la Critique (Belle epine, 2010), Un Certain Regard (Grand Central, 2013) eta Quinzaine des Réalisateurs (Une fille facile, 2019) ataletan erakutsi izan dira, baita Venezian ere, Mostran erakutsi baitzuen Planetarium (2016, lehiaz kanpo) eta haren sail ofizialean lehiatu baitzen, berriz, Les enfants des autres (2022) filmarekin. Emmanuelle (Audrey Diwan, 2024) filmaren gidoigilea ere izan da, iaz Donostiako Sail Ofiziala inauguratu zuen filmarena, hain justu.
Zabaltegi-Tabakalera
Zabaltegi-Tabakalerak –hots, Donostia Zinemaldiaren sail lehiakor irekienak– 23 obra hartuko ditu guztira: 15 film luze, sei film labur eta bi film ertain, hain justu. 73. edizioak zazpi mundu-estreinaldi eta zinema-jaialdi nagusietan –hala nola Cannesen, Berlinen, Venezian, Rotterdamen eta Locarnon– hautatutako lanak hartuko ditu; halaber, Paz Encina, Lucile Hadzihalilovic, Luis Ortega, Hlynur Pálmason eta Gabrielle Stemmer ibilbide luzeko zinemagileen lan berriak ez ezik, hainbat egileren lehen lanak ere hartuko ditu, hala nola Harris Dickinson aktoreak zuzendutako lehen filma, Zinemaldiarekin haren sail eta programen medioz (esaterako, Nest, Ikusmira Berriak, WIP Europa eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa) lotutako zenbait egileren obrez gainera, halakoen adibide izanik Paula Tomás Marques, Jaume Claret Muxart, Sarah Miro Fischer eta György Pálfi, hurrenez hurren. Bestalde, Sergio Oksmanek emango dio hasiera sailari Una película de miedo / A Scary Movie pelikularekin.
Zabaltegi-Tabakalerari amaiera emango dion lana Fiume o morte! izango da, Igor Bezinovic (Rijeka, 1983) zuzendari kroaziarraren hirugarren filma, Tiger Award eta FIPRESCI sariak beretu zituena Rotterdamgo jaialdiaren lehiaketan. Ez-fikziozkoa da filma, eta 1919tik 1920ra Fiume portu-hiriak Gabriele D'Annunzio poeta eta militar italiarraren esku jasandako okupazioa –16 hil iraun zuena– berrikusten ditu.
Horizontes Latinos
Donostia Zinemaldiaren 73. edizio honetan, Horizontes Latinos sailak barne hartuko ditu, batetik, bi filmen mundu-estreinaldiak, zehazki, lehiaketa inauguratuko duen Dominga Sotomayorren film berri Limpia, eta Maria Clara Escobar eta Marcelo Gomesen Dolores, eta, bestetik Cannesen, Berlinen, Venezian, Tribecan, Locarnon eta Toronton hautatutako eta saritutako filmak. Hauetako batzuk Zinemaldiaren programen babesarekin aurrera atera dira (Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa, Ikusmira Berriak eta WIP Latam). Saila Espainian argitaratu gabeko urteko hamabi film luzeren sorta batez osatuta dago, Latinoamerikan erabat edo partzialki ekoitzitako film guztien artetik hautatuak, baldin eta jatorri latinoamerikarreko zinemagileek zuzenduak badira edo esparru edo gai gisa mundu osoko komunitate latinoamerikarrak badituzte.
Dominga Sotomayorren (Santiago, Txile, 1985) Limpia filmaren mundu-estreinaldiak emango dio hasiera sail lehiakorrari. De jueves a domingo (2012), Tarde para morir joven (2018) eta Correspondencia –Carla Simónekin (Zabaltegi-Tabakalera 2020) batera zuzendua– obren zuzendariak Alia Trabucco idazle txiletarraren izen bereko best sellerra egokitu du oraingoan; etxeko langile baten eta hark zaintzen duen sei urteko neskatoaren arteko harremana kontatzen digu bere lan berrian zuzendari txiletarrak.
Horizontes Latinos sailari amaiera emango dio La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo filmak –2020ko Ikusmira Berriak saria irabazi zuenak– Diego Céspedesen (Santiago, Txile, 1995) lehen film luzea –Cannesko Un certain regard saria beretu zuena– western moderno bat da, eta protagonista, neskato bat, mendeku bila dabil bere familiari gizonen arteko maitasunarekin lotutako gaixotasun arraro baten errua egozten dion jendearen aurka. Txileko zinemagileak Nest saria irabazi zuen El verano del león eléctrico (2018) izeneko bere lehen film laburrarekin; bigarrena Las criaturas que se derriten bajo el sol (2022) izan zen eta Cannesko Semaine de la critique atalean parte hartu zuen, Zabaltegi-Tabakalera inauguratzeaz gainera.
Belodromoa
Programazioak Go!azen telesailaren hamabigarren denboraldiko lehen atalaren bi emanaldi hartuko ditu barne, Rondallas –Daniel Sánchez Arévaloren film berria– eta Hasta que me quede sin voz –Leiva musikariari buruzko ez-fikzioa– estreinatzeaz gainera. Halaber, auditoriumak –2.000 pertsona baino gehiago har ditzakeenak– itxiera galaren emankizuna ere hartuko du, EITB Gala, Kontzertua & Proiekzioa –Euskadiko Orkestrarekin eta SGAErekin batera antolatutako ekimen tradizionala– eta Ikastetxeak Belodromoan jardueraren goizeko emanaldiez gain.
New Directors
Txinako, Costa Ricako, Danimarkako, Espainiako, Errusiako, Indiako, Japoniako, Erresuma Batuko, Errusiako, Suediako, Taiwango eta Turkiako hamalau zinemagilek euren lehen eta bigarren film luzeak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiko New Directors sailean, eta Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko lehian ariko dira.
Made in Spain
Guztira 28 filmez osatuta egongo da Made in Spain, Donostia Zinemaldiko sail ez-lehiakorra, urteko film espainiarren lagin bat hartu ohi duena. 73. edizioan (Irailaren 19tik 27ra) lau film luzeren eta film labur baten mundu-estreinaldiak hartuko ditu sailak, eta gainerako filmak, bestalde, aurretik beste zinema-jaialdi batzuetatik igarotakoak izango dira, edo jada estreinatuak Espainian. Albertina Carri, Arantxa Echevarría, Belén Funes, Cesc Gay, Oliver Laxe, Eva Libertad, Julio Medem, Javier Rebollo, Celia Rico Clavellino, Carla Simón eta Helena Taberna zinemagileen azken lanak dira horren adibideetako batzuk.
Lillian Hellman gidoilariari eskainitako atzerabegirakoa
Guztira, 1935etik 1999ra bitartean estreinatutako 16 film luzek osatuko dute Lillian Hellman gidoilari estatubatuarrari eskainitako Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko atzerabegirakoa. Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa Filmoteca Españolarekin elkarlanean, eta Lillian Hellman. Ficción, memoria y compromiso liburu monografikoa argitaratuko dute. Egileak Maria Adell, Hannah McGill eta Nuria Vidal dira eta editore lanak Quim Casas kritikari eta Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kideak egin ditu.
Klasikoak
Klasikoak sailak –zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituenak– hamabi lan bilduko ditu Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan, hala nola Christian-Jaque, Jorge Fons, José Miguel (Jomí) García Ascot, Antonio Giménez-Rico, Stanley Kubrick, Yoshimitsu Morita eta Manoel de Oliveiraren lanak. Obra horiez gain, Urrezko Maskorra irabazi zuen Furtivos (José Luis Borau, 1975) ere emango da inaugurazio-film gisa (mende-erdia beteko du pelikulak aurten), baita 80ko hamarkadan José Julián Bakedanok, Xabier Elorriagak, Anjel Lertxundik eta Alfonso Ungríak zuzendutako euskarazko film ertainak ere.
Donostia Zinemaldiko eta Euskadiko Filmategiko arduradunek, José Luis Rebordinosek eta Joxean Fernándezek (hurrenez hurren), zaharberritutako lanen hautaketa ezagutarazi dute. Elkarrekin aurkeztu dituzte Klasikoak ekimena osatzen duten hiru programazioetako kartelak: Zinemaldiaren izen bereko saila, haren atzerabegirako klasikoa (edizio honetan Lillian Hellman gidoilariari eskainia) eta Euskadiko Filmategiarekin batera antolatutako hiru hilabeteko zikloa, urte honetatik aurrera urrian hasiko dena. Hiru hilabeteko zikloari dagokionez, Alfred Hitchcocken Notorious klasikoak (1946) inauguratuko du, eta Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohizunen proiektatuko diren hamalau filmetako lehena izango da.
Horrela, guztira, Klasikoak sailean 42 film eskainiko dira irailetik abendura bitartean, klasiko nola zahar hala modernoen 124 emanalditan banatuta (film ospetsuak ez ezik, aurkikuntzak ere biltzen dira). Klasikoak, honenbestez, denboran eta espazioan hedatutako zinema klasikoko jaialdia da. Programa horrek, José Luis Rebordinosen hitzetan, “ez dio nostalgiari heltzen, oroitu eta memoria egin beharrari baizik”. Horren ildotik, hau azpimarratu du: “Kultur erakunde garen aldetik, zinema-jaialdiok eta filmategiok betebeharra dugu orainera ekartzeko iraganeko zinema, nola ikus-entzuleek ezagutzen dituzten klasikoak hala oraindik deskubritzeke dauden harribitxiak. Obra horiek berreskuratzeak berrinterpretazio berriak pizteko balio du, orainaldiarekin ez ezik, pelikula horiek etorkizunarekin ere lotzeko, zergatik ez”.
Sebastiane Latino saria
GEHITU Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteko kideez osatutako epaimahaiak bost latinoamerikar film izendatu ditu XIII. Sebastiane Latino sariaren finalista gisa. Hautatutako filmak: Ato Noturno, La misteriosa mirada del Flamenco, Los inocentes, Llueve sobre Babel eta Un mundo para mí.
WIP Latam
La plaga sin fin / The Neverending Plague, Joaquín Cociña eta Cristóbal Leónena; Moscas / Flies, Fernando Eimbckerena, A la hora de poner la mesa ya no éramos cinco / We Were No Longer Five, Esteban Hoyos eta Juan Miguel Gelacio egileena; and Chicas tristes / Sad Girls, Fernanda Tovarrena dira Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan postprodukzio-fasean egonik profesional talde baten aurrean aurkeztuko diren lau film luze latinoamerikarrak. Denak izango dira WIP Latam Industriaren Saria eta EGEDA Platino Industria Saria irabazteko hautagaiak.
WIP Europa
Somewhere Between Sleep –Jonas Bakena–, Sieben Tage Februar / February, Seven Days –Tatjana Moutchnikena–, Lovers Sleep Alone (behin-behineko izena) –Massih Parsaeirena– eta Veha –Elif Sözenena– dira Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Industriako jardueren esparruan profesionalen audientzia baten aurrean aurkeztuko diren film luzeak, postprodukzio-fasean daudenak. Hiru lehen eta bigarren film bat izango dira WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria irabazteko hautagaiak.
Laburrean
- Mota Jaialdia
- Data 2025(e)ko irailaren 19(e)tik 2025(e)ko irailaren 27(e)ra
- LekuaDonostia / San Sebastián
- Sarrerak Erosi
- Info Gehiago
- Ikusi agenda Donostia / San Sebastián


