Bilboko Aste Nagusia 2025 (Plaza Barria): Bilboko Udal Txistularien Alardea
Bilboko 2025eko Aste Nagusiaren barne.
Aurtengoan Bilboko Udal Txistulari Bandak antolatzen duen 65. Txistu alardea ospatuko da. Azken urteotan ohiko bilakatu den eskenatokian, hau da Plaza Barrian. Aste Nagusiari bere neurriko amaiera emateko hainbat txistulari batzen dira uriko txoko enblematiko honetan jaiei azken sugarra ateratzeko. Azken egunean, abuztuak 24, igandea, 13:00etan, jaiak musikarekin eta emozioz, tradizioz eta oroimen partekatuz agurtu nahi dituztenentzako topagunea.
Urtero gisa, Euskadiko txoko guztietatik hurbildutako laurogei bat txistulari izango dira musikarien artean. Baina txistulariez gain metal boskotea, Imanol Iribarren piano-jolea, Iñigo Eskubi gitarra-jolea, Amaiur Cajaraville baxu-jolea eta Ander Zulaika bateri-jolea arituko dira. Baina hainbat abestitan ahotsa ipintzen San Antón abesbatzako lagunak ere ariko dira. Guztiak ere Txaber Fernández bilbotar zuzendariaren esanetara. Formazioz eta lanbidez bestelako taldeak, orkestra edo koroak, zuzentzen baditu ere argi erakutsi du urte hauetan talde honi zukua ateratzeko duen gaitasuna. Kontzerturako musika moldaketak egiteaz hainbat musikagile arduratuko dira: Xabier Zabala, Peio Irigoien eta Iñaki Urkizu esaterako. Baina kontzerturako espreski sortutako musika pieza berriak ere izango dira Koldo Uriarte eta Xabier Zabalak konposatzaileek sortutakoak. Musikari ikusgarritasuna emango diete dantzariek, doinu eta erritmo desberdinak kolerez eta mugimenduz jantziko dituzten Oinkari dantza taldekoek. Maisuak dira edozelako musikari, eta batez ere gure doinu tradizionalei, mugimendua ematen.
Aurtengoan gonbidatu berezia bat izango da, Julen Alonso trikitilari gaztea, eta berarekin abesten laguntzen Uxue Kerejeta. 10 urtez trikitixa txapelketetan murgildua egon da Julen (1996, Orio). Azkena, 2019ko helduen txapelketan garaile, eta bertan erretiratu zen txapelketetatik. Ordutik hona, bi disko argitaratu ditu: Sutan dantzan eta Eskuetan bihotza. Orain Haria izeneko diskoarekin dabil lanean. Bere konposaketen atzean hainbat musikari ditu, baina oraingo emanaldian Uxue Kerejeta izango du alboan. Uxue, trikitixa txapelketetan ibilia ere bada hainbat urtez. Garai hartan elkar lehiatuz ibili ziren, eta gaur egun haien erlazioa handitu eta ondoan du bere ahots eta panderoaren laguntzarekin.
Bukatzeko sorpresa bat ere izango da aurten. Bilboko Aste Nagusiko beste elementu esanguratsuenetako bat Txistularien Alardearekin lotzea nahi izan da: Erraldoi eta Buruhandien konpartsa hain zuen ere. Jaietan ia ezinbesteko diren elementuak dira, batez ere txikienentzat, eta Aste Nagusiari behar bezalako agurra esateko bi ekitaldi lotu nahi izan dira, erraldoien bilkura eta txistulariena.
TXISTULARI BANDAREN BESTE EMANALDI BATZUK
Parte hartzen duen protokolo-ekitaldiez gain, Udal Txistulari Bandak gaur Areatzako Kioskoan ere joko du "Erromeria" izeneko ikuskizunean, Bilboko Udal Musika Bandarekin eta Ballets Olaetarekin batera. Era berean, 19an formazio tradizionaleko kontzertua eskaini zuten Santiago Plazan. Eta 19an bezala, 21ean ere Alde Zaharreko kaleak girotzen jarraituko du eguerdiko 12:00etan hasiko den kalejira batekin.
Azpimarratu beharra dago, Txistularien Alardea, Aste Nagusiko ikuskizunik jendetsu eta herrikoienetako bat dela Bizkaiko Txistularien Elkarteko Bilboko Ordezkaritzak Areatzan antolatzen zuen garaitik, bertan.
2005. urteaz geroztik, Bilboko Udal Txistularien Banda da ikuskizun honen arduraduna eta urte guzti hauetan zehar, hainbat artista gonbidatuk parte hartu dute bertan, adibidez, Kepa Junkerak, Los Cinco Bilbaínosek, Imanol Urkizuk, Gozategik, Zigor Sagarnak, Niko Etxartek, Gorka Sarriegik, Korrontzik, Xabier Solanok eta Alex Sarduik besteak beste.
BILBOKO TXISTULARIEN ALARDEA
Aste Nagusia 2025 – Abuztuak 24
Plaza Barria, 13:00
- Txanton Piperri: Buenaventura ZAPIRAIN Mold.: Kepa de Miguel
- Kantaldia: Iñaki URKIZU
- Eskuetan bihotza: Julen ALONSO Mold.: Xabier Zabala
- Oihuka: Julen ALONSO Mold.: Xabier Zabala
- Mundua geldituko balitz: Julen ALONSO Mold.: Xabier Zabala
- Zelaia (fandangoa): Koldo URIARTE
- Zelaia (arin-arina): Koldo URIARTE
- Haria: Julen ALONSO Mold.: Peio Irigoien
- Sutan dantzan: Julen ALONSO Mold.: Xabier Zabala
- Bizigoza: Julen ALONSO / Hitzak: Iñigo GALDÓS Mold.: Xabiel Zabala
- Musika Plazan III: Xabier ZABALA
- Polonesa: Ezezaguna Mold: Txomin Mujika eta Ismael Yagüe
Zuzendaria: Txaber Fernández
Gonbidatu bereziak: Julen Alonso eta Uxue Kerejeta
Oinkari dantza taldea
Partaideak:
Metal boskotea
Imanol Iribarren (pianoa)
Iñigo Eskubi (gitarra)
Amaiur Cajaraville (baxua)
Ander Zulaika (bateria)
San Antón abesbatza (Zuz.: Alfredo Hurtado de Saratxo)
Laburrean
- Mota Kontzertua
- Data 2025(e)ko Abuztuak 24
- Ordutegia13:00
- LekuaPlaza Berria (Bilbo)
Bilbao - ZenbatekoaDoan
- Ikusi agenda Plaza Berria (Bilbo), Bilbao


