Kilometro Lezo 2025
2025eko Kilometro Lezo abuztuaren 22tik irailaren 21era bitartean izango da. Seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta aurreko urteko dinamikari jarraituta, Kilometro Lezo jaialdi ibiltaria izango da aurten ere. Lau gunetan izango dira antolatutako sei ikuskizunak, herrian zehar dauden guneetan egin diete lekua arte eszenikoei.
Aurten lau agertoki izango ditu Kilometro Lezok: Lezo Herri Eskolako patioa, Gurutze Santuaren plaza, Lopene plaza eta Goiko plaza.
Egitarau oparoa
Jaialdia abuztuaren 22an hasiko da Markeliñeren Artilusio antzezlanarekin, 20:00etan Gurutze Santuaren plazan. 23an, berriz, Lezo Herri Eskolan D’click taldearen Latas zirku ikuskizunaz gozatuko dugu 20:00etan. Abuztuaren 29an ATX Teatro konpainiaren eskutik Marmarra antzerki-lana jasoko du Lopene plazak, arratsaldeko 20:00etan hasita. Hurrengo egunean, 30ean, 22:00etan lezoarren txanda izango da, Orratx! Antzerki taldeak Bidaia galduak antzerkia eskainiko du Lezo Herri Eskolako patioan. Igandean, abuztuaren 31n, Komorebi Produkzioak taldearen Argilunak dantza-ikuskizuna jasoko du Goiko Plazak iluntzeko 22:00etan. Azkenik, irailaren 21ean 20:30etatik aurrera, Santakrutzak amaitzeko baina Kilometro Lezoren egitarauaren barruan, La Cerda konpainiaren El baile de la zurda dantza ikuskizuna izango da Goiko Plazan.
Open Kale
Seigarren edizio honetan ere Kilometro Lezo Open Kale Euskadiko Arteen Jaialdien Sarearen parte izango da. Euskadiko Kale Arteen Jaialdiak biltzen dituen aterki-marka da, eta, 15 jaialdik osatzen dute.


