Bilbao Blues Festival 2025 (Kartela eta ordutegiak)
Bilbao Blues Festival jaialdiaren laugarren edizioa uztailaren 25etik 27ra egingo da, Arenala eszenatoki nagusia izanda. Edizio honetan lehiaketako saria Jimmie Vaughanentzako (Texas, 1951) izango da, lau Grammy irabazi dituenak eta bere kontzertua Estatuan bakarra izango dena.
Mississippi Queen and The Wet Dogs talde bilbotarrak uztailaren 25ean, ostirala, Bilbao Blues Festival jaialdiaren laugarren edizioa irekiko du. Ekitaldi honek, gainera, honako kontzertu hauek izango ditu: The Kings of Blues, Blackburn Brothers, Delanie Pickering, Terrence Simien, Vanessa Collier, Ray Collin’s Hot Club eta Chicago Blues Summer Tour taldeen kontzertuekin. Denak, Areatzan dagoen agertoki nagusira igoko dira. Nazioarteko bluesaren festa handi hau, guztiz doakoa, uztailaren 25etik 27ra izango da.
Artista bikain hauek Jimmie Vaughan (Texas, 1951) bluesaren legendarekin bat egiten dute, bere ibilbideagatik lehiaketaren saria jasoko duena eta Estatuan emango duen kontzertu bakarra Hiribilduan eskainiko duena.
Kontzertuen egitaraua
Uztailak 24
Areatzako kioskoa
- 19:30h | Final Volotea Blues Challenge
Uztailak 25
Museo Guggenheim Bilbao
- 11:00h | Conciertos pedagógicos | TopARTE
Areatzako agertokia
- 19:00h | Mississippi Queen & The Wet Dogs
- 20:45h | The Kings of Blues
- 22:30h | Blackburn Brothers
Uztailak 26
Areatzako kioskoa
- 12:30h | Sweet Marta & The Blues Shakers
- 14:00h | Al Dual
Areatzako agertokia
- 19:00h | Delanie Pickering
- 20:45h | Jimmie Vaughan
- 22:30h | Terrance Simien & Zydeco Experience
Uztailak 27
Areatzako kioskoa
- 11:30h | Clases de baile Boogie Woogie
- 12:30h | Delanie Pickering
- 14:00h | Martín Burguez & His Rhythm Combo
Areatzako agertokia
- 19:00h | Vanessa Collier
- 20:45h | Chicago Summer Tour 2025
- 22:30h | Ray Collins’ Hot-Club
Hiru egun, bluesaren xarmari gutaz jabetzen uzteko. Uztailaren 25ean -ostirala-, 19:00etan, Areatza animatuko duen lehenengo taldea Mississippi Queen & The Wet Dogs izango da, hots, estatuko soul-funk estiloaren erreferentea den bertoko talde bat. Inés Goñi, Aitor Zorriketa, Mikel Núñez, Ander Alonso eta Jon Carranzak osatuta, taldeak abesti propioak nahasten ditu artista klasikoen eta gure garaikoen bertsioekin, hainbat estilo uztartuz: blues, soul, funk eta rocka. Euren debutetik sei urte igaro ondoren, euren bigarren lana plazaratu berri dute: “Phoenix”.
20:45ean, The Kings of Bluesen txanda izango da; talde horretan, ibilbide luze eta arrakastatsua duten bost artistek (Tony Coleman, Russell B. Jackson, Vasti Jackson,Kenny “Blue Boss” Wayne eta Waldo Weathers) euren talentua eta grina batu dituzte blues, funk eta groovetik elikatzen den voltaje handiko proiektu batean, zuzeneko emanaldi ikusgarriak segurtatzeko. Jaialdiaren lehenengo eguna Blackburn Brothersek itxiko dute, Estatuan emango duten kontzertu bakarrarekin. Funk, jazz eta soula, soinu bereizgarri eta eredugarri bat sortzeko, izen handiko musikarien eraginpean: BB King, Ray Charles, Eddie Harris, Miles Davis, James Brown eta Stevie Wonder.
Larunbatean, 12:30ean, Areatzako Kioskoak Sweet Marta & The Blues Shakers taldea hartuko du; 2013an sortua, Estatuko bluesaren eszenako harmonizista bakarra ospe handiko musikariz lagunduta agertuko da (Johnny Bigstone gitarrista, Little Jordi baxu-jotzailea eta Homero Tolosa bateria-jotzailea). Eta 14:00etan Al Dual, rock and roll klasikoaren maisua den Alfonso José Martínez, 50eko eta 60ko hamarkadako amerikar musikaren soinuak fideltasunez kopiatzen dituena eta nazioarteko rockabillyaren eszenako artista prestigiotsuenen artean finkatu dena.
Arratsaldean, berriz, Areatzako eszenatokiak gaztetasuna eta esperientzia uztartuko ditu. 19.00etan, Delanie Pickering gitarrista eta abeslari gazteak bere Chicago eta Texasko jatorrizko bluesak eskainiko ditu, swing dosiekin eta New Orleanseko erritmoekin konbinatuta, eta beraren ostean Jimmie Vaughan izar handia (Oak Cliff, Texas, 1951) iritsiko da. Estatuan emango duen kontzertu bakarrean, berriz ere erakutsiko du zergatik den blues amerikarraren historiako gitarristarik onenetako bat, eta Billbao Blues Festival IV. Saria jasoko du. Eta, 22:30ean, Zydeko musikak amaiera bikaina emango dio egunari; berau Louisianako kreole beltzen eta arraza anitzekoen sustraizko genero tradizionala da; protagonista belaunaldi eta kultura anitzeko banda bat izango da; Terrance Simien & Zydeco Experience.
Bilbao Blues Festivalen azken eguneko goizean, Areatzako Kioskoak herritarrak gonbidatuko ditu berriro Boogie Woogie dantza-klaseetara etortzera, zita honetako klasiko bilakatu baita honezkero; Portugaleteko Swing Dantza Eskolako Carlos Etxeberriaren eskutik, klaseak 11:30ean hasiko dira. Ordubete geroago, Delanie Pickering arituko da berriro, eta beraren ostean, 14:00etan, Martin Burguez & His Rhythm Combok joko du, hots, Urugaiko seikote batek, oso ikuskizun zirraragarriak eskaintzen dituena rhythm & bluesaren klasikoak biziberrituz, abesti originalekin uztartuta, 40ko eta 50eko hamarkadetako musikaren ondare erakargarri batez.
Areatzako eszenatokian, 19:00etatik aurrera, Vanessa Collier, Chicago Summer Tour 2025 eta Ray Collins’ Hot Club. Collier, Texasko abeslari, saxofonista eta gitarrista, generoaren artista arrakastatsuenetako bat da munduko oraingo panoraman. Chicago Blues Summer Tour, berriz, Chicago Blues Festivalen aldetik gogo biziz espero genuen lehenengo urteko bira da, eta bertan Blues elektrikoaren hiriburuko zenbait musikari ospetsuk parte hartzen dute, hala nola Mike Wheeler, Larry Williams, Cleo Cole, Jesse Lockridge eta Russ Greenek, Faye “Peaches” Statenen ahotsarekin. Bilboko jaialdiaren laugarren edizio hau itxiko duen taldeari ere ez zaio izarrik falta: Ray Collins’ Hot Clubeko bederatzi birtuosoak, euren album berria aurkeztuz: “The Book of the Golden Age”. Swing, rock’n’roll eta country-aireak, 50eko hamarkadaren paisaia zeharkatzen duen bidaia musikal batean.
FAMILIENTZAKO IKUSKIZUNA GUGENNHEIM BILBAO MUSEOAN
Ostiral goizean, 11:00etan, eszenatokia Guggenheim Bilbao Museora aldatuko da, familientzako ikuskizun batez, Diablues ta Blezifer bikotearekin -bere partaideak Mikel Etxeberria (ahozko soinua, gitarra eta ahotsa) eta Asier Elorza (ahotsa, gitarra, dobro eta tronpeta) dira-; haiekin batera, Oihan Vega aktore eta komunikatzailea eta Nagore Sanz kontrabaxu-jotzailea ere arituko dira. Euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko den kontzertu hezigarri honek ordubeteko iraupena izango du. Bilbao Blues Festivalen gainerako jarduerak bezala, honetan ere sarrera doakoa da.
VOLOTEA BLUES CHALLENGEREN BIGARREN EDIZIOAREN FINALA
Jaialdiaren hasieraren bezperan, uztailaren 24an, Volotea Blues Challengeren finala egingo da, gure Hiriak bigarren urtez jarraian hartuko baitu. Izan ere, 19:30etik aurrera, Areatzako Kioskoak estatuko oraingo panoramako lau talde onenen emanaldiak hartuko ditu.
BigBlack Rhino (Girona), Jonás Molina Band (Madril), Marí Carbonell Blues Mood (Valentzia) eta Sirjo Cocchi & Balta Bordoy – The Blues Way (Bartzelona) Bilboko publikoaren aurrean lehiatuko dira European Blues Challengerako -generoaren nazioarteko ekitaldi garrantzitsuenetako bat- plaza bat lortzeko.
Nuria Mancebo (Nuri Thunder), Gerard Brugués (Pàkitsguitar), Gerard Cantero, Miquel Brugués eta Francesc Sotillos (Cheka) dira BigBlack Rhino, 2014an eratutako taldea. Bere lehenengo lana, “Come Back Home”, 2016an argitaratu zuen: musika beltza, soularen gozotasuna rockaren eta rhythm & bluesaren garraztasunarekin nahasten zuena. Haien estudioko hirugarren albuma, “Supralove”, iazkoa da.
Jonás Molinak, Madrilgo gitarrista eta abeslariak, erabaki zuen bere banda propioa sortzea, Madrilgo bluesaren zirkuituan hainbat urtez talde batzuekin jo ondoren. Horrela sortu zen Jonás Molina Band, abesti propioetan eta 50eko hamarkadako coverretan espezializatua, jump/west coast blues eta swing/boogie woogieekin nahastuta.
2024an Bartzelonako Blues Elkartearen X. Lehiaketan ‘blues nazional berriaren blues-talde onena’ bezala saritua, María Carbonell Blues Bandek gorazarre egiten dio iparramerikar musika beltzari, eta, gainera, berrasmatzera ausartu ere egiten da, generoaren, R&Baren eta soularen erreferente nagusiak omentzeko.
Eta 60ko hamarkadako blues elektrikoaren tradiziora eta R&Baren urrezko garaira daraman bidaia bat da The Blues Wayren proposamena, SirJo Cocchi (ahotsa eta pianoa) eta Balta Bordoyren (gitarra) proiektua. Estatuko Blues Challengeren aurreko edizioan ere izan ziren finalistak.
NAZIOARTEKO AITORTZA DUTEN ANTOLATZAILEAK
Jaialdia antolatzen duen erakunde eragileak, Crazy Bluesek, nazioarteko sari nagusiak irabazi ditu genero musikal honen bultzadari dagokionez: Eragile onenarentzako BBSA saria (Blues Behind the Scenes Award), European Blues Unionek 2019an Azore Uharteetan emanda, eta nazioarteko jaialdien antolaketa onenaren K.B.A. Saria (Keeping the Blues Alive), munduko aitortza gorena, Blues Foundationek 2015ean Memphisen emanda.


