Donostiako Jazzaldia 2025: egitaraua

Donostia / San Sebastián 2025(e)ko uztailaren 19(e)tik 2025(e)ko uztailaren 27(e)ra
  • Donostiako Jazzaldia 2025: egitaraua

Donostiako Jazzaldiak 60 edizio betetzen ditu eta ospatzeko 88 kontzertu eskainiko ditu 12 agertoki ikusgarritan. Donostia, aurten ere, musikaz blai eta jai giroz gainezka egongo da uztailaren 19tik 27ra. 51 kontzertu doakoak izango dira, 31 tokiko artistenak, 5 familientzat izango dira Txikijazzaren hamahirugarren edizioaren barruan, 8 JazzEñeren hamaikagarren ediziokoak —Donostiako Jazzaldiaren baitan aurten berriro egingo den Jazz espainiarraren erakustaldia—, 8 hondartzan —Keler Gunea—, 23 Kursaaleko terrazetan —Frigo Gunea eta Fnac Gunea—, 6 Chillida Lekun emango direnak, bat Irungo San Juan plazan, beste bat Maria Cristina hotelean...

Artista handiak izango dira Kursaaleko terrazetan (Frigo Gunea eta Fnac Gunea): Naïssam Jalal, Minyo Crusaders, Pete Roth Trio featuring Bill Bruford, Patax, The Amy Winehose Band, Jessie Gordon Quintet, Pianoforte, JazzyBIT...

Jamie Cullumek bi kontzertu eskainiko ditu, bat doakoa Keler Gunean eta bestea ordainpekoa Kutxabank Kursaal Auditorioan. Cullumi Jazzaren beste izar handi batzuk gehituko zaizkio: Brad Mehldau, Dee De Bridgewater, Marc Ribot, Dave Holland, Hermeto Pascoal, Chris Potter, Steve Coleman, Marco Mezquida...

Beste genero batzuetako musikaren eta musika herrikoiaren eskaintzan talde legendarioak, tartean The Beach Boys eta EXTC, eta oraintsuko artistak daude, Yerai Cortés, The War and Treaty, Nala Sinephro, Anari, Judith Hill, Bulego, Crystal Murray eta Sidonie, besteak beste.

Jazzaldia 2025: egitaraua

Uztailak 19

Uztailak 20

Uztailak 22

Uztailak 23

Uztailak 24

Uztailak 25 

Uztailak 26 

Uztailak 27 

 

Euskal taldeen 31 kontzertu 60 Jazzaldian

Donostiako Jazzaldiak, duela hamarkada batzuetatik hona, tokiko talentua nabarmentzeko eta sustatzeko plataforma gisa balio du. Jazzaldiak bere programazioaren zati handi bat euskal talde eta artistei eskaintzen die, figura emergenteak eta artista gazteak ekarrita ez ezik, garrantzi eta aintzatespen handiagoko musikarien kontzertuak proposatuta ere. Zalantzarik gabe, euskal musikaren panorama zirraragarriaren erakusgarri bat entzuteko aukera paregabea, ez bakarrik Jazzaren arloan, baita beste genero batzuetan ere.

2025eko Tokiko Taldeak hautatzeko prozesuaren ondoren, 10 talde izango ditugu aurten ere: Thomas Camille, Biper Swing, Ura Duo, Suite Seda, Eneko Diéguez Quartet, Alma Seben, FEMMM & Band, Velasquartet, Soul Cream eta La Quinta Planta.

Gainera, Anari eta Bulego izango ditugu Keler Gunean. Chillida Lekun, berriz, tokiko hiru ordezkari: Iñaki Salvador, Marco Mezquidarekin batera arituko dena; Oreka TX, Bascolombia proiektua aurkeztuko duena, eta Arima Soul.

Los Diversos, Paul San Martín & Itziar Yagüe, Triz Quintet eta Irati Bilbaok, eta 12 DJk osatzen dute tokiko partaidetza.

13 Txikijazz

Txikijazzaren 13. edizioa uztailaren 22tik 27ra garatuko da. Familiek musikaz eta arteaz gozatu bitartean partekatu eta ikasteko gunea da hau, eta hiru agertoki izango ditu: Kutxa Fundazioa Tabakaleran, Chillida Leku, eta Fnac Gunea Kursaaleko terrazetan.

Haurrentzako musika-jaialdi honek bost kontzertu eskainiko ditu: Claire Martin, Arima Soul, Irati Bilbao, Old School Funky Family eta The Amy Winehouse Band talde britainiarrarena.
Proposamen osagarri gisa, bost kontzertuetan tailer bana egingo da esparru berean, adin-tarte desberdinetarako pentsatuak.

Donostiako Jazzaldia Saria

Jazzaldian parte hartzen duten artistei ematen zaizkie Donostiako Jazzaldia Sariak, musikaren arloan egin duten ibilbidea aitortzeko ez ezik, musikarien hainbat belaunaldirentzat erreferente bihurtu direlako ere. Edizio honetan hiru sari banatuko dira:

-Dee Dee Bridgwater: Jazz bokaleko dama handienetako bat da. Multifazetikoa, kantari ausarta eta esploratzailea, aitzindaria eta, aldi berean, tradizioaren zaindaria. Bridgewaterren karrera beti izan da musika generoen arteko zubia.

-Marc Ribot: Berdingabea eta sailkaezina, teknika harrigarri baten eta agortezina dirudien sormenaren jabe, azken hamarkadetan sormen eta asmamen handienekoa erakutsi duen gitarrista da Ribot. Kontzertu zoragarriak eta ustekabekoak dira bereak, betiere gu probokatzeko, gogoetara bultzatzeko eta dibertitzeko duen gaitasuna ondo asko erakusten dutenak.

-Bill Bruford: Sofistikatu eta zehatza, King Crimson, YES eta Earthworkspone bezalako supertaldeetan aritua da Bruford. Bere bateria konposizioaren zerbitzura jartzen du beti, sentsibilitate erritmiko ez ezik melodikoa ere erakutsiz, eta bolumenaren aurretik espresioari eta xehetasunari bidea irekiz.

DJak Nauticoolen

Uztailaren 23tik 27ra, 15 DJ saio izango dira Nauticooleko terraza zoragarrian, Kontxako badiaren parean. DJak Mikel Makalak hautatu ditu: Arima Soul System (Lidia Insausti & DJ Makala), Jazzatik (DJ Makala & Alex “Sax” Haro), DJ Makala, Rosco, Ope Loeb, Sr. Lobezno, Beltza Weekend Djs, DLC Kultur (Chica Tequila & Maisa Covaleda), Budín, Roberto Tortuga, Soulero! Satte, Divorce From New York, XGFarru, Lidiuska eta Sergio Vélez.

“El Regreso de Josephine”

2024aren amaieran aurkeztutako Jazzaldiaren kartel nagusiaren kontrapuntu gisa, Jose Luis Lanzagorta egileak beste irudi bat sortu du, Josephine Bakerren omenez. Emakume askea izan zen, eskubide zibilen aldeko borrokalari handia, eta 1930ean modernotasun aire berria ekarri zion instant batez Donostiari. Bere izenburua “El Regreso de Josephine” da, eta Ricardo Martíni ere egiten dio omenaldia, 1930ean Principe Antzokian hark ateratako argazkian oinarrituta baitago.
“El Regreso de Josephine” irudia erabiliko da gaurtik aurrera Donostiako kaleak apaintzen dituzten banderoletan.

60 edizio une ahaztezinez beteak

Uztailaren 11n, Lolo Vascok komisariatutako argazki-erakusketa bat aurkeztuko da San Telmo Museoan, Jazzaldiaren 60 edizio hauetan bizitako une asko errepasatuko dituena. Argi, nota, instrumentu, mikrofono, inprobisazio eta txaloen arteko bidaia bisuala eta emozionala izango da.

Jazzinema

Jazzaldiarekin batera, aurten, uztailean eta abuztuan, Euskadiko Filmategiak antolatzen duen Jazzinema zikloaren bederatzigarren edizioa izango da, zinemaren eta Jazzaren arteko harreman apartaz gozatzeko aukera ematen diguna.

Chillida Lekuko egitaraua:

Donostiako Jazzaldiak, 60. edizioa ospatzeko, eutsi eta indartu egingo du bere programazioa Chillida Leku museoan.

Hala, iraganean hain emaitza onak izan dituen lankidetzak jarraitu egingo du museoaren eta Jazzaldiaren artean, artea eta natura uztartzen diren ingurune paregabe honetan kontzertuen programazio bikaina eskaintzeko.

Guztira sei kontzertu emango dira bertan, eta horien artean bi estreinaldi nabarmenduko ditugu, aire zabalean, museoaren zelaietan. Uztailaren 19an, Bascolombiaren kontzertua izango da, Oreka TX euskal taldea eta Phonoclórica kolonbiar taldea batzetik eratua. Uztailaren 20an, Iñaki Salvador eta Marco Mezquida pianoaren bi jeinuek Dichosos tributos proposamena aurkeztuko dute.

Jazzaldian lehen aldiz, bi kontzertu eskainiko dira Chillida Lekuko Zabalaga baserrian: uztailaren 26an, Lew Tabackin flautista eta saxofoi tenor handiaren laukotea; eta, uztailaren 27an, Jordina Millà & Barry Guy pianista eta kontrabaxua arituko dira.

Chillida Lekuko kontzertuen eskaintza osatzeko, Txikijazz programazioaren barruan, bi kontzertu izango dira helduez lagundutako haurrei zuzenduak: uztailaren 25ean Claire Martin abeslari britainiarra arituko da; uztailaren 26an, berriz, Arima Soul euskal taldea.

Galarretan aparkaleku bat prestatuko da ibilgailu pribatuentzat, eta doako autobus bat ere egongo da Galarretatik museora, uztailaren 19, 20, 25 eta 26ko kontzertuetarako (azken egun horretan goizez bakarrik).

Uztailaren 26 eta 27an 19:30ean izango diren kontzertuetara bertaratzen direnek zuzenean aparkatu ahal izango dute museoko aparkalekuan.

Keler Guneko programazioa:

Zurriolako hondartzan, Keler Gunea izango da Jazzaldiko gunerik heterogeneo eta jendetsuena. Uztailaren 23tik 26ra, zortzi kontzertu eskainiko dira dohainik. Talde eta artista euskaldunak, britainiarrak, estatubatuarrak, katalanak, frantziarrak arituko dira bertan, eta askotariko estiloak entzungo dira, Jazz, rock, soul, country, blues, pop eta R&B tartean.

Uztailaren 23an (asteazkena) hasiko gara iluntzean, Jamie Cullumekin. 60. Jazzaldi honetan eskainiko dituen kontzertuetako bigarrena izango da, baita aukera paregabea ere musikari britainiarra doan ikusteko, bere alaitasun kutsakorrarekin, eta alde guztietatik darion energia sinpatiarekin. Ondoren, Donostian lehen aldiz, The War & Treaty bikotea izango dugu, Trotter senar-emazteek osatua. Beren ahots ahalmentsu eta gospel eta country fusioarekin, Estatu Batuetan izaten ari diren arrakastaren berri emango digute, inolako zalantzarik gabe.

Uztailaren 24an, ostegunean, Keler Guneko lehen txanda Anari artista, abeslari, gitarrista eta konpositorearentzat izango da; ezaguna da bere estilo musikal paregabea, sakontasun poetiko eta hunkigarritasun gordinez betetako bere letra zainduekin batera. Osteguneko bigarren kontzertua EXTC taldeak eskainiko du, Terry Chambers lider duena. Bateria ospetsu hau errepidera itzuli da bere EXTC bandarekin, XTC talde mitikoaren oinordekoarekin.

Uztailaren 25ean, ostirala, munduko izar handi bihurtzeko bidean dauden bi emakume gazte izango dira protagonista. Lehenik, Judith Hill abeslari, konpositore eta instrumentista estatubatuarra izango dugu, bere ahots ahalmentsuagatik, gitarragatik eta soul, R&B, funk, jazz eta rock generoetan erakusten duen moldakortasunagatik ezaguna, gospel eta bluesaren eraginekin. Ondoren, 23:30ean, Crystal Murray abeslari gazte paristarra arituko da; Bartzelonako Sonar eta Parisko Rock En Seine jaialdietan arrakasta handia izan duen ahots aparta.

Keler Guneko kontzertuei amaiera emateko, uztailaren 26anBulego izango dugu lehenengo eta Sidonie ondoren. Talde arrakastatsuen artean finkatu da Bulego, poparen aldeko apustua irmotu eta publikoaren arreta bereganatu duen proposamen musikal freskoarekin, halako nostalgia ukitua dariona, eta energiaz eta melodia itsaskorrez betea. Sidoniek, azken bi hamarkadetan Espainian izan den talde arrakastatsuenetakoak, inoiz ez du huts egiten bere zuzenekoetan energia nonahi zabalduz. Talde honen abestiak, horietako asko milaka pertsonarentzako belaunaldi arteko ereserki bihurtuak, aldi berean dira bizitasun handikoak eta malenkoniatsuak, dibertigarriak eta dramatikoak, rockeroak eta poperoak, euforikoak eta introspektiboak, ganberroak eta serioak…

KELERek, 60 Jazzaldiaren babesle nagusiak, jarri dio izena gune honi, KELER GUNEAri. Eta, aurreko edizioetan bezala, Zurriola hondartzan kokatuko da, kai-muturraren ondoan.

Uztailaren 23tik 26ra doako bi kontzertu izango dira egunean:

Uztailak 23:
-Jamie Cullum (20:45)
-The War and Treaty (23:30)

Uztailak 24:
-Anari (21:00)
-EXTC (23:30)

Uztailak 25:
-Judith Hill (21:00)
-Crystal Murray (23:30)

Uztailak 26:
-Bulego (21:00)
-Sidonie (23:30)

Kutxabank Kursaal Auditorioa:

Uztailaren 22an hasiko da guztia Kutxabank Kursaal Auditorioan, Jazzaren eta egungo poparen izar handienetako baten kontzertuarekin: Jamie Cullum britainiarra, Jazzaldian biltzen den publikoaren benetako idoloa, eta Donostian aritu den bakoitzean gailendu izan dena.

Egun horretatik aurrera, Kursaaleko Auditorioak beste 5 kontzertu aurkeztuko ditu, guztiak ere lehen mailakoak. Uztailaren 23an, musikaren historiak eman duen talde mitikoetako bat arituko da, The Beach Boys, bere sorreratik kide duen Mike Love buru dela, eta Bruce Johnstonekin, taldekidea 60ko hamarkadaren erdialdeaz geroztik.

Ostegunean, 24an, etorkizun handiko gitarrista bat izango dugu gure artean, Yerai Cortés flamenkoa, estiloen gainetik dagoen bere proposamen gazte eta garaikidearekin. Oso denbora gutxian, bere ospea berehala zabaldu eta publiko handiarentzat irekitako era askotako agertoki eta jaialdietan izana da.

Jazzaldia behin baino gehiagotan saiatu da Hermeto Pascoal brasildar bikain, tropikal eta bakana ekartzen. Bere parte-hartzea bertan behera utzi behar izan genuen COVID-19aren pandemiaren ondorioz. Azkenik, uztailaren 25ean, ostirala, Hermetok kontzertua eskainiko du Kursaaleko Auditorioan.

Uztailaren 26an, larunbata, aukera izango dugu musika garaikidean den figura sailkaezin, moldakor eta originalenetako baten hirukotea, Andrew Bird abeslari eta biolinistarena, ikusi eta entzuteko. Programazio honek dakarren beste berritasun interesgarria.

Kutxabank Kursaal Auditorioko emanaldiak igandeanhilak 28, amaituko dira. Egun horretan, Jazzaren kondaira handienetako baten jaiotzaren mendeurrena ospatuko dugu: 1925ean Montrealen jaiotako Oscar Petersonena. Eta hiru musikari aparten eskutik egingo dugu: Sullivan Fortner, New Orleanseko interpreteen azken belaunaldietatik gailendutako pianista, eta baxuak eta bateriak osatutako duo legendarioa, John Clayton eta Jeff Hamilton (azken hau, Petersonen taldeko bateria urte askotan), ezinbesteko figurak gure musikaren historian.

Trinitate Plaza:

Jazzaldiko agertokirik enblematikoenak, beti bezala, 4 gau eskainiko ditu, eta bi kontzertuz osatutako saio bikoitzaz gozatzeko aukera emango digu. Aurtengo programazioak izen handiak eta proposamen interesgarriak bildu ditu.
Uztailaren 24anSteve Coleman maisuarekin eta bere Five Elements taldearekin hasiko gara; sutsu eta bizia beti, Coleman egungo Jazzaren eszenako saxo karismatikoenetakoa da. Kurt Ellingekin jarraituko dugu, egungo Jazz kantaririk onenetakoarekin; gogoan dugu oraindik Branford Marsalisekin Trinitate plazan hark eman zuen kontzertu bikaina. Oraingoan, Yellowjackets taldea izango du lagun, edizio honetarako beste berritasun nagusietakoa. Elkarrekin, Kurt Ellingek eta Yellowjacketsek, Weather Report taldearen abesti bikainen bertsioak aurkeztuko dituzte.

Ostiralean, hilak 25Marc Ribot gitarrista handiarekin eta Hurry Red Telephone bere talde berriarekin hasiko da gaua. Ondoren, Jazz bokalaren dama handienetakoa, Dee Dee Bridgewater“We Exist!” bere proiektua aurkezten izango dugu bertan.

Uztailaren 26anCrosscurrents Trio, bi musikari bikain, Dave Holland kontrabaxuan eta Chris Potter saxofoian; Zakir Hussain handiak osatzen zuen hirukotea baina, tamalez, duela egun gutxi hil da eta oraindik ez dakigu zeinek beteko duen bere lekua perkusioa jotzen. Bigarren kontzertua, berriz, artista berritzaile, harrigarri eta ustekabeko batek emango du: Chief Adjuah (Christian Scott) tronpetista, konpositore eta ekoizleak.

Trinitateko azken saio bikoitzean, uztailaren 27an, kalitatea eta hurbiltasuna uztartzen dituzten bi proposamen. Lehenik eta behin, Marco Mezquida pianista eta Chicuelo gitarrista kolider dituen hirukotea; iberiar panoraman sasoi bete-betean dauden musikarietako bi, best seller formatuan. Ondoren, Melody GardotThe Essential Melody Gardot (2024) bere azken diskoa aurkeztera datorren emakume abeslari bikain eta berezienetakoa.

Škoda San Telmo Museoa:

Hiru pianista frantses, hirurak sormenez gainezka eta piano soloan izugarrizko talentua erakutsiz, Frantziako Jazzaren eszenan beren estilo bereziak bizi duen goraldiaren berri ematera datoz San Telmoko klaustrora. Bertan, goizeko saioetako lehen hiru emanaldien protagonistak izango dira: Baptiste TrotignonBojan Z eta Pierre de Bethman.
Uztailaren 26anMarc Ribot gure gonbidatu bereziaren txanda izango da, eta kontzertu bat eskainiko digu bakarlari gisa, gitarran eta ahotsean. Sortzaile bikain baten nortasunaz gozatzeko abagunea.

Azkenik, uztailaren 27an, solo formatutik aterata, baina eskaintza akustikoari eutsita, Kirk Knuffke kornetistaren laukotea izango dugu, Stomu Takeishi baxuarekin, Bill Goodwin bateria ospetsuarekin eta Ray Anderson tronboi zoragarriarekin batera osatua.

FCC Victoria Eugenia Antzokia (XI JazzEñe):

JazzEñe 2025ek zortzi kontzertu eskainiko ditu lau saio bikoitzetan, uztailaren 23tik 26ra. Emanaldiak 12:30ean hasiko dira Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Nazioarteko programatzaileei zuzendutako Espainiako Jazzaren erakustaldiak aurten betetzen du bere hamaikagarren edizioa, eta bost urtez jarraian, Donostiako Jazzaldiaren baitan programatu da hiriko Udalarekin eta Donostia Kulturarekin lankidetzan.

Talde hautatuak

Uztailak 23 (12:30)

J. Fox

Juanfe Pérez: Prohibido el toque

Uztailak 24 (12:30)

Maite Akustik Quintet

Román Filiu: Suite Oriental

Uztailak 25 (12:30)

EME·EME·PROJECT: Mutatis Mutandis

El Cuarteto Federal: Cuatro puntos cardinales

Uztailak 26 (12:30)

Pere Bujosa

Daniel Román Jazz Quintet: Bruegel sound

Sarrerak salgai

Sarrerak salgai daude dagoeneko (prezioa 8 €) baita Victoria Eugenia Antzokirako abonamenduak ere (prezioa 56,95 €). Abonamenduan JazzEñeko 4 egunak eta Marc Ribot Ceramic Dog taldearen kontzertua (uztailaren 27an 12:30ean) sartzen dira. Jazzaldiaren webgunean, Donostia Kulturaren webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.

 

jazzaldia.eus

Laburrean

Non