Sestaoko Jaiak 2025: egitaraua

Sestao 2025(e)ko ekainaren 19(e)tik 2025(e)ko ekainaren 29(e)ra
  • Sestaoko Jaiak 2025: egitaraua

Sestaoko 2025ko jaiak ekainaren 19tik 29ra ospatuko dituzte, kultur egitarau zabalarekin; hain zuzen ere, aurten, besteak beste, David Civera, Gorka Urbizu, Samantha Hudson, La Frontera, Merina Gris eta Potato arituko dira.

Dena prest dago Sestaoko jaiak hasteko. Ezkerraldeko udalerria "sampedroen" ospakizunetan murgilduko da, ehun ekitalditik gora dituen programa batekin. Horien artean, nabarmentzekoak dira musika-emanaldiak, haurrentzako jarduerak, zezensuzkoak eta erraldoiak eta buruhandiak; beste hainbat ekintzarekin batera, herritarren gozamenerako egitaraua osatzen dutenak.

Azken urteotan ohikoa den bezala, udalerriaren erdialdean hainbat jai-esparru izango ditugu: Harrobietako aparkalekuan barrakak eta txosnak egongo dira; Kasko plazan kontzertuen agertokia; eta San Pedro plazan eta Begoñako Andra Mari ikastetxeko patioan, berriz, agertoki txikiagoak jarriko dira formatu ertaineko beste musika-emanaldi batzuk eta bestelako ekitaldiak egiteko.

Musika-programazioa

Aurten ere, Sestaok musika-kartel bat aurkeztu du, sona handiko artistak biltzen dituena. Oraingo honetan, nabarmentzekoa da ekainaren 26an, osteguna, David Civerak eskainiko duen emanaldia. 2001eko Eurovision Jaialdian, Espainiaren ordezkari gisa, seigarren tokian sailkatu zen Teruelgo abeslariak bere ibilbidean egin dituen estudioko hamar albumetako arrakasta handien errepasoa egingo du.

Ekainaren 27a, ostirala, hogeita hamar urtetik gorako musika-ibilbidea duen La Frontera rock taldearen txanda izango da. Ekainaren 19an, larunbata, Berri Txarrak taldearen sortzaile izan zen Gorka Urbizu igoko da Kasko plazako oholtzara bere bakarkako lehen albuma aurkezteko, euskarazko diskorik onenaren saria jaso duena 2025eko Musika Independentearen Sarietan.

Kasko plazako agertokian ere beste artista batzuk arituko dira. Ekainaren 28an, larunbata, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat, Samantha Hudson izango dugu. Gainerako egunetan, berriz, Potato, Merina Gris, Pasarela eta Alaska Tour Show orkestrak, Miguel Ríosen omenezko banda eta Lokers eta María Band rock talde lokalak entzun eta ikusi ahal izango ditugu.

Begoñako Andra Mari ikastetxearen agertokian musika eskaintza askotarikoa programatu da: filmen soinu-banden kontzertu bat, Zinema Paradise taldearekin; Nafarroako jotak; boleroak; Rocío Dúrcali omenaldia egiten dion kontzertua, Los Gavilanes mariatxiaren eskutik; eta bi folk emanaldi, Sarrabete eta Folketan taldeek eskainiak.

Bestetik, San Pedro plazako agertokitik dantzarako aukera eskainiko zaie adinekoei, eta bertan kaleko antzerkia eta online dantza-tailer bat ere egingo dira.

Haurrek ikasturtea amaitu eta udako oporrak hasten dituzten garaian heltzen diren jaiek hainbat ekitaldi izango dituzte gure umeentzat: lau haur-parke, dantzaldi bat, magia emanaldi bat, clown-ikuskizun bat eta igel-toka lehiaketa programatu dira, bai eta Sestaoko txikiei hainbeste gustatzen zaizkien erraldoi eta buruhandien ohiko kalejirak ere.

Gaztelekuk nerabeentzako aisialdi-eskaintzaren zati handi bat bilduko du eta, bertan, Play Station, Nintendo Switch eta ping-pong txapelketak antolatuko dira. Ohiko hitzordura ez dira faltako zezensuzkoak eta Terrassako Colla de Diables Carrefocs famatuak, baina Las Llanas zumarkalean egiten ari diren berrurbanizazio-obrak direla-eta, aurten ibilbidea aldatuko dute. Carrefocs taldea Saturnino de la Peña institututik atera, eta Ondejeda parkearen goiko aldean den kalistenia gunera joango da. Zezensuzkoak, bestalde, udaletxearen aurretik irtengo dira gauero.

Koldo Urkiaga, pregoilaria

San Pedro 2025 jaietako pregoilaria Koldo Urkiaga izango da, bere biziibilbidean, gure udalerrian euskal tradizioen eta euskararen alde lan handia egin duen laguna. Urte askoan Euskal Jaia antolatzen, eta Jai Batzordean eta beste udal foro batzuetan lanean aritu ondoren, "erretiroa" hartzea erabaki du bere familiaz gozatzeko. Hori dela eta, Jai Batzordeak Koldo aukeratu du aurtengo jaien suziria pizteko.

Jaiak iragarriko dituen kartelari dagokionez, egilea Ainhize Pérez Ortega da. Kartelak erraldoiak eta, jaietako zapia jantzita, dantzan eta musika jotzen dabilen jendea erakusten ditu, jaien poza adierazteko.

 


Laburrean

Non