"Pollution Pods, efectos de la contaminación atmosférica" (Barakaldo)

Barakaldo 2025(e)ko ekainaren 14(e)tik 2025(e)ko ekainaren 22(e)ra
  • "Pollution Pods, efectos de la contaminación atmosférica" (Barakaldo)

BBK-k Pollution Pods eraman du Barakaldora, poluzio atmosferikoaren eragina esperimentatzeko aukera ematen duen instalazioa

  • Michael Pinsky-ren artelanak munduko hainbat hiritako airearen kalitatea birsortzen du, tenperaturan, hezetasunean edo ozono-mailetan izandako aldaketen bidez.
  • BBK Banku Fundazioaren 10. urteurreneko ekimenetako bat da, erakundeak Bizkaiko eta planetako ingurumen-jasangarritasunarekin duen konpromisoari jarraiki.
  • Barakaldon izan ostean, Pollution Pods BBK Klimara joango da uztailaren 3tik aurrera.

Barakaldok Pollution Pods hartuko du gaurtik aurrera, Michael Pinsky britainiarraren arte-instalazio txundigarri bat, bisitariei atmosferaren poluzioaren eraginak zuzenean esperimentatzeko aukera ematen diena. BBK-k Banku Fundazioaren 10. urteurrena dela-eta sustatzen duen ekintzetako bat da, ingurumen-asangarritasunarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromiso irmoaren barruan.

Interkonektatutako bost kupula geodesikoz osatutako lanak munduko hainbat hiritako —Tautra, Londres, New Delhi, Beijing eta São Paulo— airearen kalitatea birsortzen du, tenperaturan, hezetasunean, usainetan
eta ozono, nitrogeno-dioxido, sufre-dioxido eta karbono-monoxidoaren mailetan izandako aldaketen bidez. Ibilbidea ingurune garbi eta fresko batean hasten da, Tautran (Norvegia), eta gero eta eremu kutsatuagoetara joaten da. Poluzioaren kapsula horiek nazioarteko ikerketa-lan baten emaitza dira, zehazki, Climart-ena. Lau urteko proiektu horrek arteak krisi klimatikoaren pertzepzioan eta gizarte-ekintzan zelan eragin dezakeen aztertu du.

Proiektuak ingurumen-arazoak eta horiek gure eguneroko bizitzan duten eragina sakonago ulertzea sustatu nahi du, artearen bidez. Europako hainbat hiritatik igaro ostean, Pollution Pods Barakaldora iritsi da. Instalazioa Herriko Plazan bisitatu ahal izango da ekainaren 14tik 22ra. Ondoren, BBK Klimara joango da, Urdaibaira, eta bertan BBK Klima abenturaren eskaintzan sartuko da uztailaren 3tik abuztuaren 31ra.

BBKren ustez, ekimen hau herritarrak ingurumen-erronketara hurbiltzeko modu berritzaile bat da, Nora Sarasolak ekimenaren aurkezpenean adierazi duen legez, “Bizkaiko eta gure planetako ingurumen-jasangarritasunaren alde egiten dugun apustua irmoa delako. Eta gaur egun babesteko hartzen ditugun ekintzen araberakoa izango da etorkizuna”.

“Fundazio moduan hamargarren urteurrena ospatzen ari garen urte honetan, gure Lurraldearen garapen jasangarria bultzatzen jarraitu gura dugu, bizkaitarrengan eragina izango duten ekimenekin, adibidez, kontzientziak astintzen dituen eta planetarekin dugun harremana birpentsatzera behartzen gaituen esperientzia honekin”, amaitu du.

 

BBK Klima: ingurumen-hezkuntza Urdaibairen bihotzean

Pollution Pods-en ibilbidea BBK Kliman amaituko da, Euskadin klima-aldaketari buruzko kontzientziazioari esklusiboki eskainitako lehen esperientzia-parkean. Busturian dago, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean, eta espazio aitzindari honek zientziaren dibulgazioa, hezkuntza-berrikuntza eta ingurune naturalaren gozamena uztartzen ditu, jasangarritasun-kultura sakon eta eraldatzailea sustatzeko.

80.000 metro karratu baino gehiagoko azalerarekin, BBK Klimak ingurune paregabea eskaintzen du, non adin guztietako pertsonek larrialdi klimatikoari aurre egiteko erronkak eta irtenbideak azter ditzaketen. Bere
proposamena bizipen-ikaskuntzan oinarritzen da: 360o-ko domo geodesikoan murgiltzeko proiekzioak, bizikleta elektrikoko ibilbideak, ur-eremu jasangarriak, tirolina eta ekintza klimatikoan oinarritutako ihes-gela berritzaile bat.

Gainera, BBK Klimak programa pedagogiko espezifikoak garatzen ditu, hala nola “BBK Klima Ikastetxeetara”, Bizkaiko ikasleentzat direnak eta jolasa, zientzia eta naturarekiko harreman zuzena uztartzen dituztenak. Hori guztia konpromisoa inspiratzeko, bizi-ohitura jasangarriak bultzatzeko eta egungo eta etorkizuneko ingurumen-erronketarako herritar kontzienteagoak eta prestatuagoak lantzeko diseinatutako gune batean.

Pollution Pods bere udako eskaintzan sartzeak, bisitariaren esperientzia zabaltzeaz gain, BBK Klima erreferente bihurtzen du klimaren dibulgazioan eta hezkuntza-ekintzan Espainiako estatuan.

 

BBK, 10 urte Banku Fundazio moduan

BBK ospakizun-urtean murgilduta dago. Duela hamar urte Banku Fundazio bihurtu ginen. Une hartan bide zailena, baina errotzeari eta egonkortasunari dagokienez ekarpen handiena egiten zuena, aukeratu genuen. Erabaki zail baina egoki hari esker, lurraldearen garapen jasangarrirako funtsezko proiektuak bultzatzeko ekimenak aktibatzen jarrai dezakegu, baita pertsonei ekarpena egiten dieten eta Bizkaia indartsuagoa egiten duten ekimenetan inbertitzen segi ere.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2025(e)ko ekainaren 14(e)tik 2025(e)ko ekainaren 22(e)ra
  • LekuaHerriko Plaza
    Barakaldo
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaHainbat (euskara barne)
  • Ikusi agenda Barakaldo

Non