Ugaoko Erdi Aroko Azoka 2025: egitaraua
Ekainaren 7an eta 8an, Ugao-Miraballes iraganera eramango duen bidaia zirraragarri batean murgilduko da, Erdi Aroko azoka tradizionala dela eta. Duda barik, herritarrek gehien espero duten hitzorduetako bat da, bost urtean behin ospatzen dena eta herritarren eta elkarteen inplikazio handia biltzen duena.
Egitarau zabala prestatu da horretarako. Asteburu osoan zehar, Udiarriaga kalea, Ermitatik Galdararen Iturriaren plazara arte, magiaz, ikuskizunez eta publiko guztientzako jardueraz beteko da. Birsortze historiko bizi horretarako, artisautza eta gastronomia produktuen hogeita hamar postu baino gehiago, lanbide zaharren tailerrak, haurrentzako ikuskizunak, kalejirak, atrakzioak eta erakusketak izango dira. Horrekin guztiarekin batera, zuzeneko musika, antzerkia, ipuin kontalariak eta proposamenak izango dira, herritarrek eta bisitariek parte-hartze aktiboa izan dezaten.
Herritarren parte-hartzea
Egitarauak herritar guztiei zuzendutako lehiaketak biltzen ditu: haurrentzako marrazki-lehiaketa (ekainak 7, larunbata, 11:30etik 13:30era), Erdi Aroko jantzi-lehiaketa (ekainak 7, larunbata, desfilea, 18:30ean), kanpoaldeko dekorazio-lehiaketa espazio publiko eta pribatuetan (ekainaren 6ra arte zabalik) eta argazki-lehiaketa sare sozialetan. Horiek guztiek sormena eta herritarren inplikazioa sustatzea bilatzen duten sariak dituzte.
Txikienek beren lekua izango dute merkatuan: haurrentzako txokoa, ipuin-kontalariak, Erdi Aroko jolasak eta bereziki haientzat diseinatutako ikuskizunak.
Ekintza aipagarrienen artean, Lekittoko Deabruak konpainiaren "Akelarre Fok" suzko ikuskizuna aipatu behar da, ekainaren 7an, larunbata, 20:30ean. Kalejira pirotekniko hau Ermitako plazan hasi eta amaituko da, herriko hainbat kale zeharkatu ondoren. Espektakulu hau Mediterraneoko Correfoc-ek inspiratuta eta Euskal Herriko tradizioekin uztartuta dago. Zuzeneko musika eta pirotekniarekin jendearen parte hartze aktiboa lortzen dute, denon gozamenerako.
"Ugao-Miraballesek 650 urteko historia du, eta urteurren borobil honetan gure iraganari omenaldia egiteaz gain, gure komunitatearen indarra eta elkartasuna ospatzen ditugu", adierazi du Ekaitz Mentxakak, Ugao-Miraballesko alkateak. "Azoka honek ez gaitu soilik Erdi Aroan murgilduko; belaunaldi ezberdinen arteko topagune bihurtuko du herria, irudimena, kultura eta elkarbizitza uztartzen dituen espazio paregabea izango da. Halaber, kanpotik gerturatzen direnei ere ongietorria eman nahi diegu: Ugao-Miraballesera etor daitezela eta bertako bizilagunekin batera bizi dezatela historiaz eta ospakizunez beteriko asteburu berezi hau”, azpimarratu du.
Erdi Aroko Buruko Apainduren erakusketa
Gainera, Jane Jauregian, maiatzaren 22tik ekainaren 22ra, Erdi Aroko Buruko Apainduren Erakusketa dago, Erdi Aroan erabilitako pieza sorta zaindua biltzen duen erakusketa. Zorroztasun historikoz eta garaiko artisautza detaileekin berregin dira, eta Erdi Aroko janzkeraren aberastasun estetikoa eta garaiko kode sozial, kultural eta sinbolikoetara hurbiltzeko aukera ematen dute.
Laburrean
- Mota Azoka
- Data 2025(e)ko ekainaren 7(e)tik 2025(e)ko ekainaren 8(e)ra
- LekuaUdiarraga kalea
Ugao-Miraballes - ZenbatekoaDoan
- Ikusi agenda Ugao-Miraballes


