Getxophoto 2025: "Friday reports", Satoshi Fujiwara-ren erakusketa

Getxo 2025(e)ko maiatzaren 29(e)tik 2025(e)ko ekainaren 22(e)ra
  • Getxophoto 2025: "Friday reports", Satoshi Fujiwara-ren erakusketa

Getxophoto 2025 jaialdiaren barruan.

Satoshi Fujiwara Parisen zegoen 2015eko azaroaren 13ko atentatu terroristak gertatu zirenean. Gertaeren lekuetara hurbildu zenean, jendez hutsik aurkitu zituen, baina komunikabidez gainezka. Friday Reports-en (Ostiraleko txostenak) gaia irudi mota bera erreproduzitu eta zabaltzen duen ekosistema mediatikoa bera da, gertaera edozein dela ere. Enkoadraketa berberek, argazki- eta bideo-kamera berberek edo lengoaia bisual berak edozein gertakizun, ohiz kanpokoa izanda ere, eszenatoki berdin-berdin bihurtzen dute. Dimentsio eszenografiko hori oso presente dago Fujiwararen proposamenean. Komunikabideen irudiak batez ere formatu digitalean eta pantailan kontsumitzen diren garai honetan, Fujiwarak argazkigintzaren materialtasuna aldarrikatzen du, fokua zabaltzen duten formatu handiko instalazioekin, bere testurak ia abstrakzioraino erakutsiz.

Artista honen lanak Garry Winogrand estatubatuarrarenera garamatza, 1969an hasitako Public Relations seriean era guztietako ekitaldien argazkiak bildu zituen artistarenera. Prentsaurreko, inaugurazio, manifestazio edota kirol-ikuskizunetako argazkiak atera zituen eta orduan, jada, adierazi zuen hedabideek zer nolako eragina duten gertaeretan. Fujiwarak, Winograndek bezala, hausnarketa meta-fotografiko hau txertatzen du, begirada mediatikoak gertaera bera horretan nola modulatzen duen eta, batzuetan, nola eraikitzen duen adierazten duena.

1984an Koben (Japonia) jaioa, Satoshi Berlinen bizi den artista eta argazkilaria da. Bere lana Jameel Arts Centre Dubai, Torontoko Museum of Contemporary Art edo Milango Fondazione Prada bezalako areto garrantzitsuetan aurkeztu da. Hainbat azoka, jaialdi eta biurtekotan parte hartu du, hala nola Biennale de l ‘Image Possible, Photo London, Paris Photo edo Unseen Photo Fair Amsterdam, besteak beste. Bere lehen serieak, Code Unknown, Japan Photo Award saria jaso zuen 2014an. Bere lana sari ospetsuetarako hautatua izan da, besteak beste, 2018an Foam Paul Huf Saria (Foam Fotografiemuseum Amsterdam), 2017an Prix Pictet Japan Saria eta 2015ean Outset Unseen Photo Fair Amsterdam Saria. Hainbat erakunde eta entitaterekin lankidetzan aritu da, horien artean, Issey Miyake, Amnesia Scanner, NikeLab X Matthew M Williams, Sharjah Architecture Triennial Balenciaga eta Salomon X Gr10k daude.

Getxo Kultura

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2025(e)ko maiatzaren 29(e)tik 2025(e)ko ekainaren 22(e)ra
  • OrdutegiaAstelehenetik larunbatera 08:00-14:00
  • LekuaAlgortako Azokako erakustokia
    Getxo
  • ZenbatekoaDoan
  • Ikusi agenda Getxo

Non