Marta C. Dehesaren hitzaldia: "Marraztuz hitz egin: artea eta legezkotasuna"

Vitoria-Gasteiz 2025(e)ko Maiatzak 29
  • Marta C. Dehesaren hitzaldia: "Marraztuz hitz egin: artea eta legezkotasuna"

Maiatzaren 30ean, osteguna, 19:30ean, Zas Kultur-ek "Zas Entzutera" entzute aktiboko zikloaren saio berri bat hartuko du. Proiektu berezi honek hitza eta marrazkia gurutzatzen ditu, elkarrekin pentsatzeko eta jakintza partekatzeko modu gisa. Oraingo honetan, artearen eta legearen arteko harremanak izango dira ardatz, eta saioan izango dugu Marta C. Dehesa, artearen zuzenbidean eta jabetza intelektualean estatuko aditu nagusietako bat.

Abokatua eta kultura-kudeatzailea da Dehesa, eta Derechos de autor para artistas visuales (Consonni) liburuaren egilea. Bere ibilbidea artea eta kultura lantzen duten profesionalen —artisten, diseinatzaileen, ilustratzaileen, editoreen, kolektiboen— aholkularitza juridikoan oinarritu da, eguneroko praktika artistikoa zeharkatzen duten gai korapilatsuetan argitasuna emanez: kontratuak, enkarguak, eskubideen lagapena, fakturazioa, lan-hitzarmenak, jabetza intelektuala, obren erabilera desegokiak eta abar.

"Zas Entzutera" ez da ohiko hitzaldi edo tailer bat. Josteko tailer tradizionalen antzeko egitura proposatzen du: hainbat pertsona elkartzen dira elkarrekin hitz egiteko, eskuak lanpetuta dituztela. Kasu honetan ez da josten, baizik eta marrazten. Arkatza orratzaren ordez. Marrazkia, arreta partekatuaren euskarri. Ez da marrazten jakin behar. Nahikoa da keinuari jarraitzen uztea, eskuak elkarrizketaren erritmoan mugitzea, eta galderak eta hausnarketak paperera eramatea.

Formatu honek elkarrizketa askatasun handiagoz sortzea ahalbidetzen du, hierarkiarik gabe, eta segurtasunez zalantzak partekatzeko espazioak sortzen ditu. Marta C. Dehesarekin egingo den saioa aukera izango da artearen eta kulturaren sektoreko edozein eragilek beren kezka juridikoak plazaratzeko, edo, besterik gabe, entzun, hausnartu eta trazu artean ideiak partekatzeko.

Saioa arte eta kultura arloko profesionalei zuzenduta dago —artistak, diseinatzaileak, ilustratzaileak, argazkilariak, komisarioak, editoreak, bitartekariak...— eta doakoa da. Ez da aurrez izena eman behar. Sarrera librea izango da edukiera bete arte. Puntualtasuna eskatzen da saioa batera hasteko.

Datu praktikoak

Saioaren izenburua: Marraztuz hitz egin: artea eta legea Marta C. Dehesarekin
Data: maiatzaren 30a, osteguna
Ordua: 19:30ean
Tokia: Zas Kultur (San Anton plaza 2, Gasteiz)
Sarrera: doakoa, edukiera bete arte
Informazio gehiago: https://zaskultur.com/2025/05/26/conversar-dibujando-arte-y-legalidad

zaskultur.com

Laburrean

Non