Prototipoak Bilbao 2025
Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok, Prototipoak Bilbao, Azkuna Zentroaren Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienalaren 5.º edizioa ospatuko du maiatzaren 27tik 31era. Jatorri desberdinetatik kultura garaikidea esperimentatzeko beste modu batzuk proposatzen dituen elkargune bat da, artea zentzumen guztiekin ikusi eta bizitzeko forma desberdinak proposatzen dituzten horientzat, harremanak, ezagutzak, oroitzapenak eta bizipen partekatuak ehuntzea xede izanda.
Proposamen gehienak site-specific-ak dira, eta haien bidez artistek publikoa gonbidatzen dute munduarekin eta naturarekin harreman sentikorra izatera, enpatiatik, harriduratik, jakin-minetik, arroztasunetik, urduritasunetik, desiratik, zentzumenetatik... abiatuta. Lanek arte-diziplinen mugak gainditu, hedatu eta lausotzen dituzte, ekintza performatiboen, antzerkiaren, argazkigintzaren eta arte bisualen bidez.
2025eko bienala artista hauen diziplina anitzeko proiektuak ditu: Luz Broto, Christian Fernández Mirón, Orangconsong, Dimitri De Perrot, Ça Marche, Chiharu Shiota, Lore Stessel, Hanna Tuulikki eta Héctor Zamora artistenak.
Prototipoak proiektuak jarraipena ematen dio 3, 2, 1, Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketa programak 2013. eta 2015. urteen artean egindako lanari, eta areago zabaltzen du. 2016an sortu zenetik, alderdi sozialaren izaera, performatibitatea eta ugaritasuna ikertu nahi izan ditu artearen bidez, eta, horrez gain, ekarpena egin nahi du era kritikoan eratzeko, alde poetiko, estetiko eta politikotik.
Maiatzeko azken astean egoten da ikusgai, baina Prototipoak Bilbao hilabete batzuk lehenago hasten da. Proiektu batzuek bienalaren aurreko edizioan ere izaten dute sorburu, eta bitartean hazten, aldatzen eta egokitzen dira Azkuna Zentrora eta hirira. Era berean, bienal honetan abian jartzen dira datozen hilabeteetan jardunean egongo diren hainbat prozesu.
Prototipoak 2025: artistak
Azkuna Zentroa eta Bilbo eraldatu egiten dira Protototipoak bienalaren ekintza artistiko garaikidearekin. Erakusketa hau berariaz sortu da Azkuna Zentroarentzat eta hiriarentzat. Aurten bederatzi dira ikusizko arteen, arte eszenikoen, performanceen, dantzaren, instalazioen edo espazio publikoan egindako esku-hartzeen artean dabiltzan proiektuak. Guztiek artearen ikuspegitik hausnartzeko eta errealitatea bistaratzeko proposamenak planteatzen dituzte.
Ohikoa denez, proiektuak Azkuna Zentroko espaziorako sortu dira berariaz, edo Zentroaren eta hiriaren testuinguru arkitektonikoa eta soziala eraldatzea planteatzen dute.
Edizio honetan Luz Broto bezalako artistek parte hartuko dute. Brotok espazioarekin lan egiten du, tokiaren arkitekturari, hirigintzari edo lurraldean duen kokapenari erreparatuz, eta, horrekin, dena aldatzen duten gutxieneko eragiketak proposatzen ditu. Recorrer adentro lanarekin Azkuna Zentroa zeharkatzea du xede, denbora errealean, gorputzaren bidez, zentroko espazioen egitura konplexua jendearengana hurbilduz. Dimitri de Perrot musikaria, eszenografoa, zuzendaria eta soinu-artista da, eta soinua erabiltzen du antzerkirako baliabide narratibo nagusi gisa. In the middle of something ekoizpen espazialaren bidez, entzumenezko esperientzia sakon batera bultzatu nahi ditu entzulea.
Héctor Zamorak, nazioartean ezaguna espazio publikoan egiten duen lanagatik eta esperimentazioan aritzeagatik arkitektura iragankorrekin, egitura performatiboekin eta publikoaren parte-hartzearekin, Azkuna Zentroko Terrazarako Txirikorda sortu du. Bertan, oihal ikaragarri bat korapilatzen da Alhóndigako zabaltzan aire zabalean dagoen egitura osatzen duten arkuen eredu geometrikoan.
Prototipoak Bilbaok batera uztartzen ditu Azkuna Zentroaren sorkuntza eta ekoizpen artistikoari laguntzeko programaren barruan garatu diren prozesuak. Atarian, Lore Stessel argazkilariak, argazkigintzaren eta pinturaren arteko erlazioa aztertzen duenak, Poëtry of the Gang lanaren emaitza jarriko du ikusgai, bi urtez artista AZkide gisa izan duen egonaldian landutako proiektua.
Ça Marche konpainiaren sorkuntza eszenikoak antzerki, performance, mugimendu eta arte bisualaren arteko lotura du abiaburu. Trabajos forzados proiektua erakustiko du, Azkuna Zentroko artista AZkide gisa garatu dutena. Pertsona gorren elkarteekin, instituzioekin eta konpainiekin arituz, gogoetak eta lanak egin ditu irisgarritasunaren inguruan.
Gainera, Prototipoak Músicas memorables proiektua aurkeztuko du, hablarenarte kultura-plataformaren eta Christian Fernández Mirón artista eta hezitzailearen eskutik Bilbora iritsiko den belaunaldien arteko proiektua.
Nazioarteko ikuspegitik, Orangcosong talde japoniarrak ere parte hartuko du biurteko honetan. Taldea 2019an sortu zuten Chikara Fujiwarak eta Minori Sumiyoshiyamak, eta haren lana arte eszenikoetako esperientzian oinarritzen da, beste diziplina artistiko batzuekin lotuta. Engeki Quest lanak, Bilbo beste ikuspegi batetik pasieran ibiltzeko proposatzen du.
Protototipoak bienalaren edizio honetan, naturaren soinuak sartuko dira Auditorioan, Hanna Tuulikki (1982) artista, konpositore eta interpretearen eskutik. Tuulikki gorputzarekin lan egiten espezializatuta dago, eta mundua bir-sortzeko istorioak kontatzen ditu krisi biosferikoaren garaian. The bird that never flew kantuen ziklo bat da, non ahotsek, landa-soinuek eta elektronikak auhen mistikoa egin, eta ohartarazten digute desagertzeko arrisku larrian dauden hegaztien egoeraz.
Gainera, aurtengo edizioan Azkuna Zentroak Chiharu Shiota artista japoniarraren lana aurkeztuko du. My House is your House, bere lehen erakusketa monografikoa Euskadin, bere obrari buruzko ibilbide bat aurkezten du site-specific gisa, hasieratik inoiz erakutsi ez diren bere azken instalazioetaraino, eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaom ikusi ahal izango da datorren irailaren 28ra arte.
Hector Zamoraren instalazioan parte hartzeko deialdi publikoa Terrazan
Txirikorda, Hector Zamora artistak terrazan egingo duen instalazio handia, oihal eta kolore hedatuetatik abiatuta performance batean osatzen da eta deialdi publiko baten bidez hautatutako boluntario talde baten parte-hartzea eskatzen du.
Lan honen aktibazioa berau osatzen duten oihalak etengabe astintzean datza, mugimendu etereoan arkitektura laztandu nahi duen keinu poetiko batean.
Performance bakoitzak 10 minutu iraungo du eta prestatzeko hiru orduko entsegu orokor bat egingo da. Esperientzia artistiko honetan parte hartu nahi duten 18 eta 65 urte bitarteko pertsonek izena eman dezakete web orriaren bidez edo info@azkunazentroa.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz maiatzaren 15a baino lehen.
Laburrean
- Mota Jaialdia
- Data 2025(e)ko maiatzaren 27(e)tik 2025(e)ko maiatzaren 31(e)ra
- LekuaAZ Azkuna Zentroa
Arriquibar Plaza, 4
Bilbao
Web - Info Gehiago
- Ikusi agenda AZ Azkuna Zentroa, Bilbao


