Pedro Berrugueteren "Deikundea"
Iberdrola-Museoa Kontserbazio eta Zaharberritze Programaren 2024ko kanpainako jarduera nagusietako bat Espainiako Errenazimentuko maisulan baten tratamendua izan da: Pedro Berrugueteren Deikundea (c. 1485-1490); garai horretako margolari garrantzitsuenetako bat da egilea, jatorriz Enkarterriko (Bizkaia) kapare-familia batekoa.
Programak urteko jarduera-plan baten garapena sustatzen du. Horren helburu nagusia artelanen osotasun materiala ziurtatzea da, artelan horiek behar bezala kontserbatu eta erakusteko. Horrez gain, museoaren funtsezko lan horren emaitzak jendaurrean zabaltzen saiatzen da.
Berrugueteren Deikundea –Arburua bildumaren komodatu gisa bost urterako utzia– ia erakutsi gabe egon da, eta orain Bilboko museoan dago ikusgai, oraindik orain zaharberrituta, hobeto ezagutu eta aztertzeko. Helburu horrekin, ondarea berreskuratzeko operazio konplexu bat jarri du martxan programak, eta, Iberdrola España Fundazioaren laguntzari esker, aditu talde bat bildu du.
Pilar Silva Maroto historialariak, pintura hispaniar-flandestarrean eta lehen Errenazimentuko pinturan adituak –Prado Museo Nazionaleko kontserbazio-buru izandakoa 2017ra arte–, ikuspuntu historikotik eta estilistikotik aztertu du artelana, ikonografia bera lantzen duten egilearen beste pintura batzuen testuinguruan. Azterketa interesgarri horren emaitza Museoko 5. Koadernoan argitaratu da.
Bestalde, pinturaren alderdi materialak Elisa Mora Sánchez Prado Museoko zaharberritzailearen esku egon dira 2021era arte, obrako elementu piktorikoen tratamendua egin baitu; eta Mayte Camino Martín –Pradoko markoen zaharberritzailea– arduratu da urre-koloreko hondoen tratamenduaz.
Jose Luis Merino Gorospe Arte Ederren Bilboko Museoko Antzinako Arteko kontserbatzaileak koordinatu du proiektua.
Jatorri ezezagunekoa, Berrugueteren Deikundea 1916ko argazki bakar batek dokumentatzen du. Argazki horretatik ondoriozta daiteke bere historian zehar zaharberritu egin dela, 1950eko hamarkadan ziurrenik, gaur egungo bildumara igaro aurretik.
Bere estiloagatik, Berruguete Italian egon ondoren itzuli zen garaiko bereizgarriak baititu, eta margolariaren beste ohol batzuen antzekoa baita, Deikundea 1485-1490 urteen inguruan –beharbada Palentziako elizaren baterako– egindako Ama Birjinaren bizitzako eszenekin osatutako erretaula baten parte izan zen.
Ikonografia tradizionalari jarraiki, eszena jauregiko barnealde batean kokatzen da. Barnealde horren sakontasuna enpirikoki eraikitzen da arkitekturaren ihes-lerroen bidez eta, batez ere, lurzoruaren lauzatzearen bidez, zeinak gelaren beheko erdia hartzen duen. Goikoaren protagonista urre-koloreko tapiz aberats bat da, atzeko horman zintzilik dagoena eta momentuaren solemnitatea nabarmentzen duena.
Ama Birjinak, tunika gorri eta mantu urdinarekin, testu sakratuen irakurketa geldiarazten du San Gabrielen mezua jasotzeko. Airean zintzilik, goiaingeruak zetro bat darama ezkerreko eskuan, Maria agurtzeko filakteriarekin, eta Jesusen ama izango dela iragartzen dio. Espiritu Santuaren usoa unearen gainean hegan dabil.
Konposizioaren argia eskuinetik dator batez ere, eta itzalak sortzen ditu, egurrezko atrilak, loredun edalontziak edo airean zintzilikatutako aingeruak proiektatuak. Ezkerrean, arku batek paisaia bat sumatzen uzten duen zutabedun elizpe bati ematen dio bidea.
Italiar arteak berezkoa duen narrazio-elementuen urritasuna, hemen, Gaztelako pinturak berezkoa duen urrearen erabilera ugariarekin –hondoko zintzilikarioa, argi-koroa, Ama Birjina belaunikatzen den kuxina eta aingeruaren kapa– konpentsatuta dago. Geruzak, ehunaren dekorazio aberatsagatik, Van Eyck flandestarraren margolan batzuk gogorarazten ditu, Berruguetek Urbinoko egonaldian ikasi ahal izan zituenak. Ezkerrean, arkupearen zutabeak italiar kutsuko arkitektura gogorarazten digu; eskuinean, berriz, bankuak Gaztelako gotikoaren trazeria du. Elementu hauek guztiek Berrugueteren artearen adibide egoki bihurtzen dute Deikundea; bere garaiko eskola nag
Pedro Berruguete (Paredes de Nava, Palentzia, c. 1450-Madril?, 1503) kapareen familia batean sortu zen; familia hark Bizkaian zuen jatorria, Enkarterrin, eta handik iritsi zen Berrugueteren aitona Paredes de Navara, 1430 inguruan, Rodrigo Manriquerekin, zeina izendatu berri baitzuten Paredesko konde. Pedro Berruguetek Gaztelan egin zituen lehen ikasketak, margolari hispaniarflandestar batekin.
Italian osatu ahal zituen ikasketak (c. 1472-1473), familiaren harremanei esker, zalantzarik gabe, Manrique familiarekin edo Mendoza familiarekin –Palentziako gotzaina zen, orduan, Diego Hurtado de Mendoza, Mendoza kardinalaren iloba, aurrez ere Italian izana, aitari, Tendillako kodeari, laguntzen–. Litekeena da, halaber, Pedro González Berruguete osaba eta domingotarren ordenako goi-mailako kideak ere esku hartu izana atzerrian ikas zezan.
Italiara iritsi zenean, Urbinon izan zela dokumentatuta dago; hango dukearentzat lanean jardun zuen, zeina irudikatu baitzuen Federico de Montefeltro eta haren seme Guidobaldoren erretratu bikoitza obran (1476-1477, Marketako Museo Nazionala, Urbino). Herrialde hartan egindako denboran, arte flandestarra –bere prestakuntzan oinarri izandakoa– eta arte italiarrauztartu zituen, baita arte klasikoa ezagutu ere. Hala ikasizuen biluziak irudikatzen, baita giza irudiaren mugimendua irudikatzen ere, irudiari bolumen handiagoa eta izaera monumentalagoa atxikita.
Gaztelara itzulita, Berruguetek lanean jardun zuen 1483tik –dokumentatuta dago Toledoko katedralean lan egin zuela– 1503aren amaierara, hil arte. Urte haietan, ordea, Italian sortutakoez oso bestelako obrak landu zituen. Izan ere, garai hartako komitenteen gustura eta enkarguen ezaugarrietara egokitu behar izan zuen: erretaulak ziren gehienak, eta epe laburragoan eta prezio txikiagoan egin beharrekoak. Horrez gainera, urre ugari izatea aintzat hartzen zuten, batik bat, eta artistaren eskuari baino balio handiagoa ematen zioten urreari. Garai hartako obra independenteen adibide gutxi iritsi zaizkigu Berrugueteren estilo originalaren berri ematen dutenak, flandestar eta italiar arteen ezagutza sakonean eta bere garaiko Gaztelako giroak beragan izan zuen eraginean oinarrituak. Horren guztiaren lekuko aparta da, nolanahi ere, Burgosko Mirafloresko kartusiako Deikundea (1495-1500), Elisabet Katolikoa erreginak ordaindua.
Laburrean
- Mota Erakusketa
- Data 2025(e)ko maiatzaren 20(e)tik 2025(e)ko irailaren 30(e)ra
- OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
- LekuaBilboko Arte Eder Museoa
Museo Plaza, 2
Bilbao
Web - Sarrerak Erosi
- Ikusi agenda Bilboko Arte Eder Museoa, Bilbao


