Aurten ere Museoen Nazioarteko Eguna Bizkaian ospatuko da programazio berezi eta doako sarrerekin Bizkaiko museo gehienetan, gainera tailer ezberdinak antolatuko dira aire zabalean eta lurraldeko 45 museoak egun bakar batean ezagutzeko aukera izango da. Ekimen honi buruzko informazio guztia, baita Bizkaiko museoen eskaintza ere, museoeneguna.eus webgunean dago eskuragarri.
Datorren maiatzaren 18an, Bizkaiak bat egingo du Museoen Nazioarteko Egunarekin, Bizkaiko museo-eskaintza aberatsa eta askotarikoa herritarrei hurbiltzeko proposamenarekin. "Bizkaia Museoz Museo, aukeratzeko beste" lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldeko museoen ordezkaritza zabalarekin batera, maiatzaren 18an egingo diren ekimenak aurkeztu ditu.
Loizaga Dorreko ibilgailu zaharren museoa, Galdames herriko Concejuelo Gaztelu berreraikian kokatzen da. Museo horretara eginiko bisitak, ibilgailu zaharrak jasotzen dituen munduko sorta hoberenetako batez gozatzeko aukera emango digu. Kontserbazio egoera ezin hobean dauden Hispano-Suiza, Ford, Ferrari, Jaguar, Lamborghini, Mercedes edo Cadillac bezalako enpresa mitikoen modelo esklusiboak. Hala eta guztiz ere, museo honetara eginiko bisitan aurki dezakegun gauzarik bikainena, Rolls-Royce markako ibilgailuen munduko sortarik osatuena da. 1998. urtean BMW enpresak Rolls-Royce erosi zuen arte, enpresak eginiko modelo guztiez gozatzeko aukera izango dugu. Guztiak, kontserbazio egoera ezin hobean aurkitzen dira.