Museoen Nazioarteko Eguna 2025, Artium Museoan

Vitoria-Gasteiz 2025(e)ko maiatzaren 17(e)tik 2025(e)ko maiatzaren 18(e)ra
  • Museoen Nazioarteko Eguna 2025, Artium Museoan

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren asteburuan (larunbatean, maiatzak 17, eta igandean, maiatzak 18) bere publiko guztiak egitarau zabal batean parte hartzera gonbidatuz. Bertan, martxotik aurrera Michael Marder filosofoarekin eta Anaïs Tondeur artistarekin —Vitoria-Gasteizko CPI Samaniego IPI, CEIP Ramón Bajo HLHI eta Odon Apraiz Ikastola ikastetxeen parte-hartzearekin— antolatutako lantegietan egindako lanen erakusketa bat egongo da ikusgai. Gainera, bi egun horietarako lantegi ireki berriak antolatu dira eta, gainera, familientzako amarauna programaren saio bat egingo da. Sarrera doakoa izango da asteburu osoan, bai erakusketak bisitatzeko, bai egun hori dela-eta antolatutako jardueretan parte hartzeko ere.

Museoen Nazioarteko Eguna maiatzaren 18an ospatzen da, Museoen Nazioarteko Kontseiluaren (ICOM) babespean. UNESCOri lotutako erakunde horrek museoen eremuan oraingo eta etorkizuneko kultura- eta natura-ondare materiala eta immateriala sustatzen eta babesten ditu. ICOMek egun hau 2025ean ospatzeko honako lelo hau aukeratu du: Museoen etorkizuna etengabe aldatzen diren erkidegoetan. Kontseiluak dioen bezala, «inguratzen gaituen mundua eraldatzeko ahalmena dute museoek, eta erakunde horiek lokailu, berritzaile eta kultura-nortasunaren zaindari gisa duten funtsezko zereginaz hausnartzera gonbidatzen gaitu aurtengo leloak».

Urtero bezala, Artium Museoak programazio zabala antolatu du maiatzaren 17rako eta 18rako egun horren ospakizunarekin bat egiteko. Maiatzaren 17an, larunbata, 11:00etan museoa irekitzen denetik aurrera, posible izango da ikasleek lorategian egindako lanak biltzen dituen erakusketa bisitatzea. Zertan amets egiten dute landareek? Jarduera martxoan eta apirilean egin zen, eta parte-hartzaileek lorategiko landareekin lan egin zuten, izaki bizidun gisa hartuz, beren subjektibotasun eta adimenarekin. Lantegi horietan modu ludiko eta interaktiboan aztertu zituzten landareen pertzepzio- eta kognizio-gaitasunak, bizi-erritmoak, portaera eta adierazpideak, hainbat teknika artistiko erabiliz, irudimenezko ariketen bidez. Lantegi horiek Michael Marder filosofoaren eta Anaïs Tondeur artistaren arteko ia hamar urteko lankidetzaren emaitza dira, eta bertan CPI Samaniego IPI (Lehen Hezkuntzako 6. maila), CEIP Ramón Bajo HLHI (Lehen Hezkuntzako 5. maila) eta Odon de Apraiz Ikastola (Lehen Hezkuntzako 6. maila A eta 6. maila B) ikastetxeek parte hartu zuten. Hain zuzen ere, Zertan amets egiten dute landareek? Lantegiaren beste bi saio egingo dira, museoko publiko guztientzako irekiak, maiatzaren 17an (larunbata) eta 18an (igandea), 11:30etik 13:00etara.

Aldi berean, José Ramón Ais artistak (Bilbo, 1971), sarrera nagusitik barruko plazaraino Artium Museoaren espazioa daraman zuhaitz lerroak osatutako El ladrón de miel instalazioaren egileak, Lorategi batean.... lantegia egingo du maiatzaren 17an (larunbata) eta 18an (igandea), 10:00etatik 13:00etara. Proposamen horretan, artistak, bi saiotan, «lorategi hedatu» bat planteatuko du, hainbat ariketa praktikoren bidez, esate baterako landareak aldaxken bidez ugalduz eta loreekin esperimentazio sentsoriala eginez.

amarauna
Gainera, amarauna programaren (hizkuntza artistiko batzuetara eta besteetara belaunaldien arteko hurbilketa bat proposatzen duen familientzako ekimena) saioen ohiko egutegiarekin bat etorriz, Naita Antzerki Taldeak Naita Kontu eta Kanta kontzertua emango du MNEren asteburuan. Kontzertu honetan Bombón kontrabaxuaren historia ezagutuko dugu. Ez du kontrabaxu izan nahi, eta bere bilaketa pertsonalean lagunduko dioten beste musika-tresna batzuk ezagutuko ditu. Gainera, Naita Antzerki Taldeak ogro gaizto bati asmamen handiz aurre egingo dioten Hiru ahunzkumeen ipuina berreskuratuko du. Amaitzeko, Tripa zorri, sagar gorri (rap), 11 neska ausart (cumbia) eta Otsoa jateko (rock & roll) abestiak joko dituzte. Programa honetako jarduera guztietan bezala, sarrera doakoa da eta edukiera mugatua; beraz, gomendagarria da 945209020 telefonora deitu eta tokia gordetzea.

Erakusketak
MNEren asteburuan, bildumaren eta museoko gainerako erakusketen bisita gidatuen eskaintza areagotu egin da, eta interesdunek hilaren 17an eta 18an, 12:00etan egingo direnetan parte hartu ahal izango dute. Artium Museoan Barrena ordubeteko ibilbidea da gutxi gorabehera, museoaren jatorrian, bilduman eta aldi baterako erakusketetan sakontzeko. Bisita-taldeen kide kopurua mugatua da eta gomendagarria da 945209020 telefonora deitu eta tokia gordetzea.

  • Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000). Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Bilduma.
  • Asins, Oteiza, Palazuelo. Haraindikoari itxura ematea. Bildumaren Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000) erakusketari lotutako azterketa-kasu bat.
  • Inés Medina. Ikerketa analitiko-plastikoa. 1978-1995. Ekainaren 1era arte.  

 2025eko Museoen Nazioarteko Egunaren programa Artium Museoan
Maiatzaren 17an, larunbata
11:00 - 20:00 – Eskolako haurren lanen erakusketa
Zertan amets egiten dute landareek?
Museoko lorategian asteburu osoan ikusgai
10:00 - 13:00 – Lantegi irekiak
Lorategi batean… Jose Ramón Aisek emandako lantegia
Publiko guztientzako. 15 lagun gehienez ere. Aurretik izena eman behar da
11:30 - 13:00 – Lantegi irekiak
Zertan amets egiten dute landareek? 
Publiko guztientzako. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea
12:00 – Bisita gidatua
Artium Museoan barrena
Toki mugatua. Gomendagarria da erreserba egitea
17:00 – amarauna
Naita Kontu eta Kanta. Naita Antzerki Taldearen kontzertua
4 urtetik gorakohaurrentzat, heldu bat lagun dutela. Euskaraz
Toki mugatua. Gomendagarria da erreserba egitea
 
Maiatzaren 18an, igandea
11:00 - 20:00 – Eskolako haurren lanen erakusketa
Zertan amets egiten dute landareek?
Museoko lorategian asteburu osoan ikusgai
10:00 - 13:00 – Lantegi irekiak
Lorategi batean… Jose Ramón Aisek emandako lantegia
Publiko guztientzako. 15 lagun gehienez ere. Aurretik izena eman behar da
11:30 - 13:00 – Lantegi irekiak
Zertan amets egiten dute landareek? 
Publiko guztientzako. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea
12:00 – Bisita gidatua
Artium Museoan barrena
Toki mugatua. Gomendagarria da erreserba egitea

artium.eus

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2025(e)ko maiatzaren 17(e)tik 2025(e)ko maiatzaren 18(e)ra
  • LekuaArtium Museoa
    Frantzia Kalea, 24
    Vitoria-Gasteiz
    Web
  • ZenbatekoaDoan
  • Ikusi agenda Artium Museoa, Vitoria-Gasteiz

Non