Euskal Herriko Alboka Eguna 2025 (Galdakao - maiatzak 17)
Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak Euskal Herriko Alboka Eguna antolatuko du bere 70. urteurrenaren ospakizunen baitan, Udalaren babesarekin. Ekimena maiatzaren 17an izango da, larunbata, eta egitarau zabala izango du: kalejira, herri bazkaria, kontzertuak, zozketak...
Albokak garrantzia handia izango du egun horretan. Izan ere, Galdakaoko herriak lotura sendoa izan du musika tresna horrekin; ia desagertzear zegoenean bertan biziraun zuen, eta, are gehiago, Andra Mari Eusko Dantzari taldeko ikurra ere bada. Bestalde, 1943an egin zen lehen txapelketa Galdakaon eta, besteak beste, Inazio Uribarri, Antonio ‘Jitano’ Aiesta, Tiburtzio Elezkano eta Txilibrin izan ziren albokarien artean. Beraz, Euskal Herriko Alboka Egunaren bidez lotura hori indartzea da asmoa.
Halaber, Manu Gojenola ikerlariak ondutako ‘Mariano Barrenetxearen alboka mundua. Eskuizkribuak ikertuz’ liburuak presentzia handia izango du egun horretan. Soinueneak argitaratu du liburua Andra Mariren eta Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, eta Euskal Herriko Alboka Egunean bertan egingo da bere aurkezpena.
Izugarrizko dokumentazio eta digitalizazio lana suposatu du Mariano Barrenetxea albokari eta ikertzailearen bilduma osoa lantzeak; izan ere, 8.000 dokumentutik gora bildu baitira, horien artean kassetteak, eskuizkribuak, kartelak, aldizkariak, argazkiak… Bilduma osoa Soinueneko web orrian dago ikusgai.
Omenaldia
Barrenetxeari omenaldia eta aitortza eskaintzeko aprobetxatuko da Alboka Eguna, berak egin baitzituen albokaren inguruko lehen ikerketak. Horiek liburuetan dokumentatu zituen eta hainbat albokarirentzako abiapuntu izan dira.
1967an, Mariano Barrenetxea bera izan zen Albokarien bilkura eratu zuena, bertan sortu zen Albokarien, Panderojotzaileen eta Koblarien Alkartea. Hainbat izan ziren gerturatutako albokari eta panderojoleak: Romualda Zuloaga, Maurizia Aldeiturriaga, Bilbao aita semeak, Elezkanotarrak, Benito Iragorri, Pontxo Orue, etab. Handik urtebetera, beste topaketa egin zen Barrenetxeak antolatua.
Hurrengoak dira Andra Mari Dantza Taldeak egunerako prestatu dituen jarduerak:
- 11:30. Albokalarien topaketa, Kurtzeko plazan
- 12:00. Manu Gojenolaren ‘Mariano Barrenetxearen alboka mundua’ liburuaren aurkezpena
- 12:30. Kaleljira
- 14:30. Herri bazkaria
- 16:30. Saio irekia
- 17:30. Karlos Subijanaren kontzertua
- 18:30. Alboka eta liburu zozketa
- 19:00. Eingo dantza plaza


