"Suwar al-Rum. Islam. Eskultura Klasikoa"
Bilboko Berreginen Museoak erakusketa berezi bat inauguratuko du, itxuraz urrunak diren bi tradizio artistiko (eskultura klasiko greko-erromatarra eta literatura islamiarra) hizketan jartzeko. Erakusketak "Suwar al-Rum. Islam. Eskultura Klasikoa" du izena, eta begirada berri bat erantsi dio Museoko bildumari, eskultura greko-erromatarra testuinguru historiko kulturaniztun batean kokatzen duelako, oraingo gizartearen aniztasunera garamatzan testuinguru batean, hain zuzen ere.
Erakusketak lankidetza du oinarrian, eta Jorge Elices Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) ikertzaileak eskultura klasikoak literatura islamiarrean izandako harrerari buruz egindako azterlana du abiapuntu. Itziar Martija Bizkaiko erakundeko teknikariak lagundu dio Elicesi erakusketa-proiektuan. Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko Jonatan Pérez Mostazok eta CSICeko kide eta arabierako itzulpenen arduradun Patricia Carina Sánchezek osatu dute talde sortzailea.
Erakusketa Museoko solairu guztietara hedatzen da, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko kultur trukeak kontakizun berri batekin deskubritzeko ibilbidea marraztuz, bi adierazpide erabilita: eskultura eta literatura. Guztia, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz.
"Suwar al-Rum. Islam. Eskultura Klasikoa" lau sekzio tematikotan antolatuta dago, arte klasikoan giza gorputzak izandako harrera esploratzeko, betiere testuinguru islamikoaren barruan:
Ondare partekatua – Ondare lehiatua
Gizon jakintsu eta ahaltsuak
Emakume sentsualak
Kontuz! Estatuek bizia hartzen dute
Sekzio bakoitza Elicesen ikerketako bi kasu-azterketatan oinarritzen da, islamak Antzinaro klasikoaren ondarea nola jasotzen, berrinterpretatzen, asimilatzen eta, kasu jakin batzuetan, nola bereganatzen duen erakusteko. Giza gorputza mundu klasikoan nola irudikatu izan den aztertzen du Elicesen lanak, gorputzak mendez mende literatura islamikoan utzitako lorratzari jarraikiz, haren elementu formalek azken horren iruditerian biziraun dutela erakusteko asmoz.
Erakusketak jorratzen dituen ideia giltzarrietako bat hau da: garai kolonialeko ondare- eta kultura-mugimenduak eragiten duen konplexutasun emozional eta afektiboa. Alain Schnapp arkeologo eta historialari bikainak berriki ondu duen Historia universal de las ruinas lanean adierazi moduan, “Antzinaroko hondarrek erantzunak ematen dituzte, harriduratik eta gauza miragarrietatik hasi eta oroiminera eta tristuraraino”. Hala, arte klasikoak Mendebaldean nahiz mundu islamikoan mendez mende eragindako emozio eta erantzunetan sakontzen du erakusketak, eta mundu islamikoak Grezia eta Erromako ondarearekin duen harremana aberatsa bezain konplexua dela ikusarazten.
Talde batzuek ikuspegi suntsitzailez begiratu izan diote ondare klasikoari; erakusketa honek, ordea, gizarte islamikoek eskultura klasikoa miretsi eta berrinterpretatu izan dutela nabarmentzen du. Kultura islamikoek, ondare klasikoa baztertu beharrean, elkarrizketa etengabea sortu dute giza gorputzaren antzinako irudikapenekin, eta zentzu berritua eman diete irudikapen horiei, betiere beren balio estetiko eta espiritualen testuinguruan.
"Suwar al-Rum. Islam. Eskultura Klasikoa" 2025eko maiatzaren 15etik irailaren 14ra bitartean egongo da ikusgai Berreginen Museoan.
Artelana bere testuinguruan, maiatzean: Museoen Nazioarteko Eguna:
Maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Oraingo honetan, “Museoen etorkizuna etengabe aldatzen ari diren komunitateetan” leloa aukeratu da. Bada, Berreginen Museoak erabaki duenez, “¿uwar al-Rum. Islam. Eskultura Klasikoa”erakusketa ezin hobea da museoen komunitaterako hain garrantzitsua den eguna ospatzeko.
Bestetik, maiatzeko Artelana bere testuinguruan ekimena ere Museoen Nazioarteko Egunari eskainiko zaio. CSICeko Historia Institutuko ikertzaile Jorge Elices Ocónek hitzaldi bat emango du maiatzaren 15ean, osteguna, 18:00etan, Berreginen Museoan.
Escultura antigua e islam: miradas y experiencias izenburupean, Berreginen Museoko aldi baterako erakusketa berriari buruzko hitzaldia emango du Jorge Elicesek.
Hitzaldira bertaratzeko, gonbidapena eskuratu behar da Berreginen Museoaren webgunean (www.bilbokoberreginenmuseoa.eus).
Laburrean
- Mota Erakusketa
- Data 2025(e)ko maiatzaren 14(e)tik 2025(e)ko irailaren 14(e)ra
- OrdutegiaAsteartetik larunbatera: 11:00-13:30 + 16:00 - 20:00 // Igandea: 11:00-14:0
- LekuaBilboko Berreginen Museoa
San Francisco, 14
Bilbao
Web - Ikusi agenda Bilboko Berreginen Museoa, Bilbao


