Galdakaoko bonbardaketaren 88. urteurrena
Galdakaoko bonbardaketaren 88. urteurrena oroitzeko hainbat jarduera antolatu dituzte Udalak eta Galdakao Gogorak maiatzaren 13a eta 19a bitarterako
Ekitaldi nagusia maiatzaren 19an izango da, 12:00etan, Plazakoetxen. Astean zehar argazki erakusketa, hitzaldia eta Burdin Hesira bisita gidatua egongo dira
Maiatzaren 19a egun berezia da galdakoztarrentzat. Egun horretan, 1937an, Galdakaok Gerra Zibilean jasandako 28 bonbardaketetatik ondorio txarrenak izan zituena gertatu zen. Francoren aginduetara zeuden hegazkinek jaurtitako bonba batek Plazakoetxeko babeslekuaren sarreran zeuden 16 herritar harrapatu eta hil zituen. Horregatik, ohi den bezala, Udalak ekitaldia eta lore eskaintza antolatu ditu, gertaera horren 88. urteurrena gogoratzeko. Ekitaldia maiatzaren 19an, astelehena, izango da, 12:00etan, Plazakoetxen, bonbetatik babesteko zegoen babeslekuaren ondoan.
Baina hori ez da izango efemeride hau oroitzeko datozen asteetan egingo den ekitaldi bakarra. Izan ere, maiatzaren 13an, 15ean eta 16an, ‘Emakumeak 1931-1939’ argazki erakusketa egingo du Galdakao Gogora elkarteak Torrezabal Kultur Etxeko Erakusketa aretoan.
Halaber, maiatzaren 15ean, osteguna, Maria Gorosarri Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak ‘Emakumeen aurkako errepresio faxista’ izeneko hitzaldia emango du. Gorosarri Zuzenbidean eta Kazetaritzan lizentziaduna da, eta hainbat hedabidetan kazetari, kolaboratzaile eta komunikazio zuzendari gisa aritu da. Komunikazioan doktorea da eta bere ikerketa lerroen artean albisteen kalitatea, kazetaritza feminista eta fotokazetaritza daude. Solasaldia Torrezabaleko Erakusketa aretoan izango da, 19:00etan.
Azkenik, Galdakaoko Burdin Hesira bisita gidatua ere egingo da. Txangoa maiatzaren 17an, larunbata, izango da, Kurtzeko plazatik 09:00etan abiatuta. Zazpi kilometro inguruko ibilbidea egingo da baso inguruan, Galdakao Gogora talde memorialistako kideen gidaritzapean. Bisitan zehar bertako lubaki, aterpe eta metrailadoreen habien hondakinak ikusi ahal izango dira, elkarteko kideen azalpenak entzunaz.
Urteurrena ikasleekin ere landuko da, datozen asteetan Galdakaok Gerra Zibilean bizi izandakoari buruzko hitzaldiak eskainiko baitira hainbat ikastetxetan.
Galdakaoko Udalak eta Galdakao Gogorak herritar guztiak gonbidatzen dituzte elkarlanean antolatu duten ekitaldi horietan parte hartzera.
Laburrean
- Mota Bestelakoa
- Data 2025(e)ko maiatzaren 13(e)tik 2025(e)ko maiatzaren 19(e)ra
- OrdutegiaEgitarauaren arabera
- LekuaPlazakoetxe
Galdakao - ZenbatekoaDoan
- HizkuntzaHainbat (euskara barne)
- Ikusi agenda Galdakao


