Oier Araolaza: "Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan"
Hizlaria: Oier Araolaza
Aurreskua gizonezkoen dantza izan al da historikoki? Tradizioan emakumeek dantzatu al dute Aurreskurik? Ehun urtez indarrean izan den ikuspegi faltsu batek ukatu egiten zuen emakumeek aurreskua dantzatzen zuenik, baina gaur badakigu historian ere emakumeek dantzatu dutela aurreskua.
Euskal dantzan zenbait belaunalditan nesken eta mutilen dantzak bereizi izan ditugu. Eta nesken jantziak eta mutilen jantziak. Dantza egiteko moduak ere bereizi izan ditugu: mutil moduan dantzatu; neska moduan dantzatu. Baina nondik dator bereizketa hori? Beti izan dira nesken eta mutilen dantzak, janzkerak eta dantzakerak? Eta ez bada betidanikoa, noiztik eta zergatik banatzen dira euskal dantzak horrela? Euskal dantzetan emakumeak eta gizonezkoen rol estereotipatuak (janzkera, errepertorio eta dantzakera bereiziak) noiz eta nola eraiki ziren aztertuko dugu.
Oier Araolaza Arrieta
Oier Elgoibarren jaio (1972) eta Eibarren hazi den dantzaria da. Eibarko Kezka dantza taldean eta Donostiako Argia dantzari taldean aritzen da dantzari. Dantzan elkartearen eta dantzan.eus webgunearen sortzailea eta editorea da. Euskal dantza eta generoaren inguruan ikertu du Euskal Herriko Unibertsitatean Mikel Laboa katedraren babesean. Informazio Zientzietan eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatua, Musikologian egin zituen doktoretza ikastaroak, Artearen Historian eskuratu zuen ikasketa aurreratuen agiria, eta Gizarte Komunikazioan doktore tesia egin du euskal dantza eta generoaren inguruan. EHUn Euskal dantzari buruzko ikasketetan (2016-2017) irakasle aritu da eta Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatikoa eta Dantzaren Goi Mailako Eskolan euskal dantza irakasle izan da (2017). Gregorio Santa Cruz dantza-maisua (Ego-Ibarra, 1998), Euskal Dantza (Etxepare, 2012) eta Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan (UEU, 2020) liburuak argitaratu ditu eta Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Kontseiluko kidea da.
Laburrean
- Mota Hitzaldia
- Data 2025(e)ko Otsailak 11
- Ordutegia19:30
- LekuaZallako Liburutegia
Euskadi Plaza, 9
Zalla
Web - ZenbatekoaDoan
- HizkuntzaEuskara
- Ikusi agenda Zallako Liburutegia, Zalla


