Errege Magoen Kabalgata 2024 Galdakaon

Galdakao 2025(e)ko Urtarrilak 5
  • Errege Magoen Kabalgata 2024 Galdakaon

16:30etik aurrera tailerrak, aurpegi margoketa eta bingo musikala izango dira Bengoetxen, eta 18:15ean udaletxerainoko ibilbidea hasiko da. Honek ordu bat iraungo du eta igarotzen den kaleetan zehar ezin izango da ibilgaiurik erabili

Gabonak aurrera doaz, eta Errege Magoen gaua heltzear dago. Aurten ere, urtarrilaren 5ean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar argiz, kolorez, magiaz eta ilusioz beteko dituzte Galdakaoko kaleak Argizai Eskaut Taldearen eskutik, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin batera.

Azken urteetan bezala, hiru Errege Magoak bisita berezi batekin etorriko dira: ekialdetik gidatuko dituen Gabone izarrarekin. Emakume honek oparitxo ez sexista bat emango die haurrei, eta emakumearen rolaren garrantzia eta gure gizartean aniztasunak duen garrantzia gogoraraziko ditu.

Ekimena 16:30ean hasiko da, Bengoetxeko elizaren ondoko aparkalekuan. Bertan tailerrak, aurpegi margoketa eta bingo musikala izango dira. 18:00etan Errege Magoek eta Gabonek bertaratutako herritarrentzat hitz batzuk izango dituzte. Ondoren, Udaletxe plazarainoko ibilbide musikatu honetan, pila sorpresa ikusteko aukera izango da eta glutenik gabeko gozokiak banatuko dira. Bengoetxetik abiatuta, kabalgatak Sixta Barrenetxea zeharkatuko du eta Bizkai kaletik igaroko da, Urretako kiroldegian jaiotza biziduna ikusteko aukera izanik. Bizkai kalearen amaieran Zamakoarantz abiatuko dira, eta, azkenik, Juan Bautista kaletik gorantz egingo dute Udaletxera iritsi arte.

Bertan, Gabonek eta Errege Magoek galdakoztarrentzako mezua zabalduko dute eta, jai giroan, haur guztien eskakizunak entzun eta euren gutunak jasoko dituzte. Gainera, Udaletxeko plazan Argizaiko gurasoek prestatutako txokolatada bikaina egongo da.

Era berean, Galdakaoko Boluntarioen Giza Elkartearekin (GBGE) elkarlanean antolatutako elikagai bilketa bat ere izango da, eta Argizaiko begirale ohiek errebindikazio eszena bat antolatuko dute bertan. Galdakao TEAyuda elkartearen lankidetzari esker, errealitate desberdina duten haur askok bizi dutenaren inguruko material, ideia eta bizipenen bidez dibertsitatea ezagutzera emango dute horren bidez.

Nabarmentzekoa da 18:00etatik 19:30era bitartean ezin izango dela ibilgailurik erabili kabalgata igarotzen den kaleetan zehar. Bestalde, euria egitekotan, ibilbidea bakarrik baliogabetuko da; tailerrak eta aurpegi margoketa Gandasegiko arkupera eramango dira, eta tronuak, txokolatea eta elikagaien bilketa mantendu egingo dira.

Argizai Eskaut Taldeak eta Galdakaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkiete kabalgata aurrera eramateko parte hartu duten guztiei, eta galdakoztar guztiak animatzen dituzte bertan aktiboki parte hartzera.

INFORMAZIO GEHIAGO HEMEN

galdakao.eus

Laburrean

  • Mota Bestelakoa (haurrentzat)
  • Data 2025(e)ko Urtarrilak 5
  • LekuaGaldakao
  • ZenbatekoaDoan
  • Ikusi agenda Galdakao

Non