Umeen Gabonetako Parkea 2024-2025 (BEC - abenduak 14 - urtarrilak 5)
Gabonetako magiak Bilbao Exhibition Centre beteko du abenduaren 14tik aurrera, Umeen Gabonetako Parkearen irekieraren ostean. Ezinbesteko ekitaldia da familia askorentzat, eta Olentzero eta Mari Domingi izango dira bertan. Dibertsioa eta ikastea lotuta egon daitezkeela eta egon behar direla dago ekitaldiaren oinarrian. Hitzordu zirraragarri honen 58. edizioa abenduaren 14a eta urtarrilaren 5a bitartean egingo da, eta haur eta gazteei egongo da zuzenduta.
Elkartasuna, jasangarritasuna, bizitza osasungarria, berdintasuna, familia eta gizalegea dira UGPn sortzen diren jarduera, jolas, txapelketa, tailer eta momentu ahaztezin guztien jatorrizko sei enbor-balioak. Printzipio horiek, aisialdian euskararen sustapenarekin batera, Gabonetako topaketa handi honen eta BEC beraren nortasunaren parte dira.
Publikoak eta erakunde parte-hartzaileek biek dute ilusioa PIN/UGP datorrela-eta. Aurten, honako hauek eskainiko diete dibertsio eta entretenimendu hezitzailea bisitari guztiei, azoka-eremuaren 1, 3 eta 5 pabiloietan, dagokien stand eta eremu espezifikoetan: Bilboko Portuko Agintaritza; BBK Banku Fundazioa; Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileak; Bizkaiko Foru Aldundia – Garraioak; Emakunde; Energiaren Euskal Erakundea; Fundación Bilbao Basket Fundazioa; Garbiker; Eusko Jaurlaritza –Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila; Innobasque; Interbiak eta Telepizza. Jolasen, tailerren, teknologiaren, jardueren eta irudimenaren bitartez, haur eta gazteek adin-tarte eta gustu guztietarako diseinatutako jardueren bidez gozatu eta ikasi ahal izango dute.
Proposamen horien artean nabarmentzekoak dira hauek: Emakunderen guneko parte-hartzaileek sortzen lagunduko dituzten koreografiak; Telepizzaren bideojoko interaktiboak; Bizkaibusen puxtarri-lasterketak; Interbiaken erakusketa eta ludotekak; Portu Agintaritzaren ihes-jokoak; BBK Fundazioaren eta Garbikerren ingurumenari buruzko kontzientzia-programa osatuak eta birziklapenaren garrantzia, hurrenez hurren; eta Bizkaiko Suhiltzaileek eskainiko dituzten agertoki entretenigarriak.
STEAM Gune berritzailea
Aurten, lehen aldiz, PIN/UGPk STEAM Gunea aurkeztuko du. Espazioak Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren eta Hezkuntza Sailaren eta Innobasqueren babesa izango du. Oso espazio berezia da, eta diziplina horiekiko (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematikak) interesa sustatuko da Elhuyar Fundazioak garatutako programa duten dinamika eta esperientzia praktikoen bidez. Genero-estereotipoak eraisten lagunduko duten emakumezko erreferente ugari izango dira alor zientifiko-teknologikoan, eta haur, gazte eta nerabeek gozatu egingo dute erronka ludiko-hezitzaileekin.
Ginkana, tailer eta eguneroko erakustaldien bidez, zenbait konpetentzia sustatuko dira: pentsamendu kritikoa, irudimena, arazoen ebazpena eta talde-lana, esaterako. STEAM Espazioan neska-mutilek beren autoestima sendotuko dute ikasgai horietan, interakzio soziala eta kulturala estimulatuko da, eta lankidetza, enpatia eta besteen ideiekiko errespetua moduko balioak landuko dira. Era berean, programak euskararen erabilera eta elebitasuna sustatuko ditu.
Espazio berean, gainera, XXS360 berriaz gozatu ahal izango da. Atrakzioak pendulu gisa funtzionatzen du, baina bere ardatzaren baitan ere egiten du bira.
Kirola sustatzea
Bizitza osasuntsu baten oinarrizko alderdia da, eta kirolak ere izango du bere lekua aurtengo PIN/UGPn. Alor horretan, pickleballean jokatzeko eremu bat izango da berritasuna (tenis, badminton eta paddleko alderdiak bateratzen dituen jokoa, eta gero eta jarraitzaile gehiago dituena).
Horrekin batera, urtarrialaren 5ean Gabonetako VII. Lasterketa gauzatuko da, eta familia osoak parte hartu ahal izango du doan. Ekitaldia 600 parte-hartzailetara egongo da mugatuta, eta aurretik, kategoria guztien artean, izen-ematea gauzatu beharko da eta dortsala jaso.
Halaber, Bizkaiko Atletismo Federazioak munduko kirol-ekitaldirik handiena birsortuko du, UGP eskalan, atletismoko mini-olinpiadekin. Abenduaren 21ean egingo da, eta hauek izango ditu: abiadura-erreleboak (50m), hesi-erreleboak (50m), lokotx-erreleboak, geldikako xabalina-jaurtiketa eta geldikako jauzi hirukoitza.
Bestalde, Mahai Teniseko Bizkaiko Federazioak erakustaldiak, prestakuntza-tailerrak eta txapelketak jarriko ditu abian. Era berean, saskibaloiko, eskubaloiko eta beisboleko federazio bizkaitarrek nork bere txapelketak ekarriko dituzte parkera, kantxak edo bate-tunela moduko praktika-eremuekin batera.
33 atrakzio denera
Edizio honetan, parkeak 33 atrakzio izango ditu: piraten parkea edo kangurua moduko klasikoak edota pendulua moduko esperientzia zirraragarriak. Era berean, hitzorduan izotz-pista, kart elektrikoak, zezen mekanikoak eta ohe elastikoak ere izango dira, baita familia-ikuskizunak eta lehiaketak.
Bisitarien erosotasunerako, jenderik gehien ibiltzen den instalazioek bi unitate izango dituzte. Horien artean daude autotxokeak, ninja-dortokak eta aipatutako piraten barkua eta kangurua. Modu berean, publiko gehieneko barraketan ilara-kudeaketa eraginkorragoa ezarri da. Laguntzaileak egongo dira, eta baita sarbidea erraztu eta barraken erabilera optimizatuko duten hesi eta ilara-sistema bat ere, parte-hartzaileek beste norbaiti lekua gordetzea eragozteko.
Oro har, PIN/UGPren edizio honetan denen esperientzia hobetuko da. Sarreren online salmenta eskuragarri egongo da ekitaldiaren azken egunera arte, eta azken edizioan dagoeneko ezarri ziren sarbide-kontrol azkarragoek ere eragin positiboa izango dute.
Aurtengo beste berrikuntzetako bat Olentzero eta Mari Domingiren bisita izango da. Abenduaren 14 eta 15ean, pertsonaia mitologikoak etxeko txikiak ezagutzera gerturatuko dira, hasieratik bukaerara bi egunetan, 3. pabiloiko tarteko pisuan.
Era berean, aurreneko egunetan, dibertsitate funtzionala duten pertsonek haien beharretara egokitutako PIN/UGPa bizi ahalko dute. Abenduaren 14tik 16ra, biak barne, argiak eta soinua egokituko dira hiru pabiloietan inguru lasaiagoa sortzeko. Eta pertsona horientzako eta haien familientzako neurri osagarri gisa, Desgaitasunaren Ziurtagiria aurkeztuta, prezio murriztuko bi sarrera eta sarrera eta irteera libreko eskumuturrekoa eskuratu ahal izango dira, sarbidea erosoagoa eta malguagoa izan dadin.
Berriz ere erakutsiko da elkartasunaren garrantzia Bizkaiko Gurutze Gorriaren jostailu-bilketa kanpainaren bidez. PIN/UGP jostailu berriak eman ahal izateko gunea bihurtuko da, abenduaren 14 eta 31 bitarte. Elkartasunezko keinu horri esker, Eguberri hauek bereziak izan daitezke egoera zailean dauden ume askorentzat.
PIN/UGP Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Bilboko Portu Agintaritza, BBK, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia-Garraioak, Emakunde, Energiaren Euskal Erakundea, Bilbao Basket Fundazioa, Garbiker, Eusko Jaurlaritza, Interbiak eta Telepizzaren babesa du.
INFORMAZIO PRAKTIKOA
BECek segurtasuneko eskumuturrekoak jarriko ditu bisitarientzat eskuragarri, umeen kontrola errazteko. Eskumuturrekoak erabiltzeko, 1. pabilioitik gertu dagoen atrioko informazio-gunera joan beharko da.
Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da, abenduaren 24 eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik (11:00etatik 17:00etara bitartekoa izango da). Jaiegunetan (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean) UGP itxita egongo da, eta abenduaren 16tik 19ra bitartean, ordutegia 10:00etatik 19:00etara artekoa izango da. Sarrera guztiak Parkearen webgunean eskura daitezke.
Laburrean
- Mota Bestelakoa
- Data 2024(e)ko abenduaren 14(e)tik 2025(e)ko urtarrilaren 5(e)ra
- Lekua Bizkaia Arena - BEC
Ronda de Azkue, 1
Barakaldo - Info Gehiago
- Web Bizkaia Arena - BEC


