2024-2025eko Gabonetako egitaraua Laudion

Laudio 2024(e)ko abenduaren 11(e)tik 2025(e)ko urtarrilaren 5(e)ra
  • 2024-2025eko Gabonetako egitaraua Laudion

Laudiok bihar ekingo dio Herri Eguberriko programa berriari, Basalarrina elkarteak antolatutako Olentzero eta Mari Domingiren marrazki lehiaketako erakusketa zabaltzearekin batera. Aurten ere Udalak herriko eragile eta sortzaileekin osatu du gabonetako egitaraua, eta lehen sektoreari bultzada eman nahi izan dio baserritarren eta artisautza azoka gehiagorekin, Herriko plazan eta Aldain.  Dena den, laudioarrek herriko kaleak girotuko duten musika animazioaz eta hainbat ekintzetaz gozatu ahal izango dute urtarrilaren 5era arte.

Aurten gainera, urtero antolatzen den umeentzako gabon parkea egun bat gehiago luzatuko da Lamuza-Granja kiroldegian (aurten bi kantxa hartuko ditu). Horrela, etxeko txikienek puzgarriak eta tailerrak izango dituzte urtarrilaren 2tik 4ra arte 12:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara. Helduek ere lagunekin edo familian disfrutatzeko ekintzak izango dituzte, mus eta briska txapelketak, edota padel eta ping pong lehiaketak. Nagusientzako hitzorduak abenduaren 21ean hasiko dira.

Kirolak ere bere tokia izango du Herri Eguberriko egitarauan Laudioko kirol elkarte ezberdinek antolatutako txapelketa eta ekintzekin; taekwondo probak, “OTI”-ren omenezko liburuaren aurkezpena, hockey familian, eskalada txapelketa eta urteroko San Silvestre lasterketa, besteak beste. Horrez gain, aurten ere aretarrek gonbidatu dute jende oro Alpitxura igotzera, abenduaren 31n, Aretako Kultura Etxetik, X. edizioa ospatzera.

Musikari dagokionez, Herriko abesbatzek eta musika elkarteek ere parte hartuko dute Eguberriko kontzertuekin, eta musika animazioa izango da ere beste talde batzuen eskutik.

Olentzerori bidea argitzen

Hala ere, ekintzarik esperoena, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, abenduaren 24an helduko da. Baina bi pertsonaia maitagarri hauek Laudiorako bidea erraz aurki dezaten, aurten Udalak umeek abenduaren 20tik kandela edo kriseilu bat leihoan piztera animatu nahi ditu. 

Dena den, herriko kaleak zeharkatu aurretik, Laudioko txikienek Olentzero eta Mari Domingiren bila joango dira abenduaren 22an; 11:30etan. Aurten ibilbidea Landaluze auzoan hasi eta San Juanera joango da. Igotzen animatzen direnek txalaparta tailer bat izango dute bi pertsonaia hauekin batera.

Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magikoek ere Laudio bisitatuko dute, baina urtarrilaren 5ean. S.R.C.G. Rakatapla Elkarteak Ekialdeko Errege Magoei lagunduko die eskutitzak biltzen abenduaren 28an Herriko Plazan.

 

zuin.net

Laburrean

Non