Vital Araban zehar 2024 (ekainak 28-30)
Uda hasi berriarekin batera, Vital Fundazioaren ‘Vital Araban zehar’ programak musika eta antzerki proposamenak eramango ditu gure Lurralde Historikoko zazpi herritara asteburu honetan. Bihartik, ostirala, igandera bitartean, Okondo, Respalditza, Villaverde, Lagran, Orbiso, Moreda Araba eta Izarra adin guztietako jendeari gozarazteko pentsatutako kultura eskaintza erakargarriaren agertoki izango dira.
Oraingo honetan, ‘Vital Araban zehar’ programazioa bihar, ostirala, hasiko da. Okondoko igerilekuetan, 19:00etatik aurrera, Trans Kabaret ikuskizuna izango da eta, ordu berean, Respalditzako elizako arkupeetan, The Sorry String Band arituko da. Laukote gasteiztarrak honako musikari hauek ditu kide: Mario Gomez “dobro”, gitarra, banjoa eta ahotsa; Txutxo Iturralde, 6 eta 12 sokako gitarra, banjoa eta ahotsa; Cameron Weþster, mandolina, gitarra eta ahotsa; eta Asier Yarza, kontrabaxua eta ahotsa. 2017az geroztik, Euskadiko taberna, areto eta herrietan interpretatzen dute american music delakoan oinarritutako errepertorioa, ahots-moldaketa ugarirekin.
Larunbatean arratsaldeko 18:30ean emango zaie hasiera Orbisoko bolaleku-frontoian ‘Beldurrik ez’ antzezlanaren eskutik. Kanpezuko udalerriko kontzeju horretara hurbiltzen direnek familia osoarentzako ikuskizun honetaz gozatzeko aukera izango dute. Bertan, biolin eta piano baten bidez, lurretik zerurako bide zirraragarria amesten da adiskidetasunaren balioei esker. Arratsaldeko 19:00tan, Dj Kaktus-ek euskaraz egiten duen bere ikuskizuna eramango du Villaverdeko gizarte-zentrora, txikienek “lurrean pintxoak baleude bezala dantzatu eta salto egin dezaten”. Ordubete umore ukitu duten koreografiaz eta dantzaz betea. Eguna 21:00etan amaituko da, Lagraneko Martin Fiz kiroldegian, Ruta 21 cover talde gasteiztarraren kontzertuaren eskutik.
Eta igandeko goizak abesbatzen soinua izango du, 12:00etan, Moreda Arabako Andre Maria elizan, Kataliturri Abesbatza arituko da-eta. Kaktus DJak asteburuko bigarren emanaldia egingo du Izarrako Ostuño parkean, 19:00etan.
‘Vital Araban zehar’ ekimenaren XX. edizioa beteko da uda honetan, Arabako sei kuadrilletako 50 udalerritako 72 herritan (Arabako 69 eta Trebiñuko hiru) egingo diren 109 emanaldiren eskutik. Sortu zenetik, hirugarren aldia da ekimen kultural hori Lurralde Historikoko udalerri guztietara (Gasteiz izan ezik, proposamenetik kanpo geratu baita) eta Trebiñuko Konderriko bi udalerrietara iritsiko dela. Udalek azaldutako askotariko zaletasunei erantzutea du helburu, eta, aldi berean, Arabako talde eta artistei aukerak eskaintzea.
Laburrean
- Mota Bestelakoa
- Data 2024(e)ko ekainaren 28(e)tik 2024(e)ko ekainaren 30(e)ra
- LekuaArtziniega
- ZenbatekoaDoan


