Zinegoak 2024 - ZGHEDAPENA 2024 (Galdakao)

Galdakao 2024(e)ko ekainaren 26(e)tik 2024(e)ko ekainaren 27(e)ra
  • Zinegoak 2024 - ZGHEDAPENA 2024 (Galdakao)

Zinegoak 2024 jaialdiaren barruan.

Ekainaren 26an eta 27an, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxea izango da "ZGHedapena" programaren eszenatokia. LGTBIQ+ Zinegoak Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak Euskal Herriko hainbat udalerritan egiten dituen doako hainbat jarduera biltzen ditu programa horrek.

Hain zuzen ere, datorren asteko asteazken eta ostegunean, Torrezabalera bertaratzen diren pertsonek Bilboko nazioarteko jaialdian proiektatuko diren hainbat lanez gozatu ahal izango dute. Jaialdiak XXI. edizioa beteko du aurten, elkarrekin topo egitera, gogoeta egitera, gozatzera eta aniztasuna bizitzera gonbidatuz, iruditeria berriak aldarrikatuz eraldaketa sozialerantz pauso bat emateko asmoz.

Ekainaren 26an, asteazkena, film laburren aukeraketa bat erakutsiko da Galdakaon. 6 lanek osatutako emanaldia izango da:

•    ‘Mating’. (Zuzendaria: Shuyao Chen). Txineraz, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz. Manting, 60 urteko txinatar emakume bat, nerabezaroko maitale batekin elkartu da, beren ikaskide ohi bat hil ondoren. Karaoke batean egon eta gero, elkarrekin emango dute gau guztia, hirian barrena hara eta hona.
•    ‘Dena asmatuta dago’. (Zuzendaria: Jone Arriola). Euskaraz, azpitituluak gaztelaniaz. Antigoaleko estetika daukan bainugela arrosa bat. Bainugelaren erdian, bainuontzi batean, bi gazte erlaxatzen ari dira, porru bat erretzen duten bitartean.
•    ‘Analog z love’. (Zuzendaria: Alicia Arwgar). Ingelesez, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz. Neska batek audio batean kontatzen du nola ezagutu zuen beste neska bat autobus geraleku batean. Nola hasten da ezezagun bat zure arretagune nagusia izaten?
•    ‘Precoz’. (Zuzendaria: Alejandro Agirre). Gaztelaniaz, azpitituluak euskaraz. Mikelek jakin du berarekin sexu harremanak izan dituen pertsona batek positibo eman duela GIB proban. Beldurtuta eta informazio gutxirekin, arratsalde batez aurre egin beharko dio kutsatuta egoteko aukerari.
•    ‘Flores de otro patio’. (Zuzendaria: Jorge Cadena). Gaztelaniaz, azpitituluak euskaraz. Kolonbiako Kariben, queer aktibisten talde batek arau heteropatriarkalei aurre egingo die. Bien bitartean, beste kausa batzuetan inplikatuko dira, beren eskualdean sufritzen dituzten bidegabekeria sozialak kolektiboki salatzeko.
•    ‘La tentación du panda roux’. (Zuzendaria: Haïga Jappain). Frantsesez, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz. Annak 35 urte ditu eta maitasun istorio idiliko bat bizitzen ari da Marierekin. Menopausia goiztiarra daukala jakiten duenean, erlojupeko lasterketa bati ekingo dio haurdun geratzeko.

Hurrengo egunean, ekainaren 27an, ostegunean, Torrezabal Kultur Etxeak film bakarra hartuko du, kasu honetan film luze bat:

•    ‘Levante’. (Zuzendaria: Lillah Halla). Portugesez, azpitituluak gazteleraz eta euskaraz. Atleta gisa bere etorkizuna definituko duen boleibol txapelketaren bezperan, Sofiak haurdun dagoela jakingo du. 17 urte ditu, eta abortatzen saiatuko da, baina abortua legez kanpokoa da bere herrialdean. Azkenean, talde fundamentalista baten jomuga bihurtuko da, eta hura atxilotzen ahaleginduko dira. Sofiak eta hura maite dutenek ez dute amore emango fundamentalisten itsukeriaren aurrean.

Zinegoak jaialdia ekainaren 24tik uztailaren 1era bitartean egiten da, eta dagoeneko erreferente bihurtu da LGTBIQ+ nazioarteko jaialdietan, aniztasunari eta kulturari lotutako jarduera bat eskainiz, urtero aukeratzen dituen ikus entzunezko lan espezializatu ugari zabalduz. Lan entzutetsuak izaten dira, horietako askok nazioarteko sariak eskuratu dituztenak.

 

ZGHEDAPENA ESKUORRIA

zinegoak.com

Laburrean

Non