UPV/EHUren Uda Ikastaroak 2024: "Gernika(k) / Guernica(s)" Nazioarteko Kongresua: Trauma historikoaren birsemantizazioak
Deialdi honen bitartez, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) MHLI (IT1579-22) ikertalde kontsolidatua Gernikan, 2024ko ekainaren 13 eta 14an, Nazioarteko Kongresua ospatuko dela iragartzera dator, Gernika(k)/Guernica(s). Trauma historikoaren birsemantizazioak izenburupean. Kongresuaren ardatz izango dira Gernikako bonbardaketaren errepresentazio kulturalen eta Pablo Picassoren koadroaren eguneratze eta fenomeno transmedialen inguruko hausnarketak.
Kongresuan parte hartuko duten hizlarien zerrenda oparoan argi antzematen da giltzarri den diziplinarteko planteamenduaren isla. Hain zuzen ere, jakintza arlo askotako adituak arituko dira hizlari: besteren artean, ikerketa politiko eta historikoetan espezializatutako Stefanie Schüler-Springorum (Technische Universität Berlin); historialaria eta Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-eko zuzendaria den Xabier Irujo Amezaga; Euskal Literatura garaikideko espezialista den Mari Jose Olaziregi Alustiza (UPV/EHU; MHLI Ikertaldeko zuzendaria eta Ikertzaile Nagusia); Artearen Historian, Ikasketa Kulturaletan eta arte komisariotzan jakitun den Jorge Luís Marzo (BAU, Centre Universitari de Disseny Barcelona) eta baita MNCARSko “Repensar Guernica” proiektuko kide den Rocío Robles Tardío arte historialariaren (Universidad Complutense de Madrid) pareko adituak ere. Horiez gain, aditu gonbidatuak izango dira MHLI ikertaldeko kanpo kolaboratzaile hauek: Dolores Vilavedra (Universidad de Santiago de Compostela), Maitane Ostolaza (Université de Perpignan), Iker González-Allende (University of Nebraska), Estibalitz Ezkerra (University of Colorado) eta María Oianguren (Gernika Gogoratuz).
Bai key speakers edo hizlari nagusien zerrendak, bai haiek eskainiko dizkiguten hitzaldi sortak asmoa du etorkizuneko parte-hartzaileek era askotako ikuspuntu, metodologia eta ikerketa arloak elkarrizketan jarri eta elkartrukatzeko abagunea sortzea. Gernika, gertakizun eta oroimen gune den neurrian, Santnerren hitzetan, «tai gabe eguneratzen da eta bizirik dirau», edo Roberto Calassoren hitzetan, isla edo oihartzun eran dirdiratuz, durundi eginez errepikatzen da «ezin konta ahala bizitzetan». Azken buruan, Warburgen esanei jarraiki, nola gertaerak hala artefaktuak, badute post-bizitza tankerako bat, geruza askokoa, dela ikonografikoa, dela artistikoa, dela oroimenezkoa, dela politikoa. Beraz, ikergaiak eskatzen duen diziplinartekotasuna da kongresu honek ahalbidetu eta sustatu nahi duena.
Nazioarteko Kongresuan, Gernikako Bakearen Museoaren eskutik, oroimen gune eta gatazka lekuak zeharkatuko dituzten bisita gidatuak egingo dira. Gainera, Bakearen Museoan bertan MHLIko artearen historialariek komisariatutako aldi baterako erakusketa izango da ikusgai, zeinak kongresuaren gaiarekiko harreman estua izango duen.
Interesatuei gonbita egiten diegu beren proposamenak bidaltzearekin batera (euskaraz, gaztelaniaz ala ingelesez) parte har dezaten anbizio handiko truke akademiko honetan. Ondoko gai nagusien inguruan ardaztuko dira ekarpenak:
1: Gernika, oroimen gune (lieux de mémoire). Gernika bezalako oroimen guneen gaurkotasun nabarmenak, Zeitgeist anti-memoriaren zein egia likidoaren etengabeko mehatxupean, eskatzen du berrikuspen akademikoa eta diziplina guztietako espezialisten elkarlana. Ardatz tematiko hau Gernikan ardaztuko da, memoria(k) sortzeko gune edo memoria eztabaidatuen zein lehian dauden memorien jatorri gisa. Gernika oroitzeko eta oroitua izateko gaitasuna duen gune gisa. Gernika Mahnung gisa; ohartarazpen gisa, ez bakarrik bere historia kontatu edo bere trauma oroitzapen kolektiboan hedatzen duen oroitzapen bizia izanik, baita antzekoak izan daitezkeen gertakarien abisu gisa ere.
2: Gernika, esanahi politikoa. Ardatz tematiko honetan jasoko dira gertakizun traumatikoaren garrantziari bonbardaketaren esangura sinbolikoaz eta Gerra Zibileko testuinguruan betetako lekuaz haratago erreparatzen dioten proposamenak. Hortaz, Tatort gisa jorratuko da Gernika («krimenaren gertaleku», bai hilketa kultural, bai giza hilketa legez). Halaber, 1936-1939ko gatazka aise gainditu duen sorgune modura erreparatuko zaio gaiari, narrazio politiko eta identitario desberdinen sorgune izan den locus modura, beraz.
3: Gernika, dispositibo artistiko. Alor honetan, berriz, Artearen Historiatik ez ezik, Kultura Ikasketetatik, irudien historiatik zein ikonografiatik abiatutako hausnarketa orori egingo zaie leku. Gogoeta horrek ez du oinarritzat gertaera politikoa edo oroimen gune fisiko ala sinbolikoa hartuko, Picassoren artelana baizik; hots, koadroaren nazioarteko oihartzuna. Bere biziraupenari erreparatuko zaio une oro aldatzen ari den narratiba eta diskurtso antibelizista gogoratzeko gai den tresna gisa, indarrean egotea eta bizirik irautea lortu duena etengabe garatu eta mugagabeki egokituz -bere post-bizitzan, Warburgek emaniko zentzuan, eta hertsiki lotuta ikusizko arte adierazpenekin zein luzaroan irauteko eta gaurkotasunari eusteko ahalmenarekin-.
4: Gernikaren birsemantizazioak. Aurreko puntuarekiko hartu-eman estuan, Picassoren Guernica-ri biziraupenetatik heltzea da xedea. Horretarako, dispositibo artistikoak ikono bilakatzeko eta noiznahi zein nonahi, isla edo oihartzun modura berragertzeko duen ahalaz hausnartuko da; gatazkek edo aldarrikapen sozial, politiko, zibil, kultural eta identitarioek markatutako beste leku batzuetan duen presentziaz, preseski.
5: Beste Gernika(k). Azterketa konparatua planteatzen duen zeinahi hurbilketa da hari nagusia. Beti ere kasu bizkaitarretik abiatuta onartuko dira, batetik, Euskal Herri mailan -Otxandio, Durango- sakontzen duten proposamenak eta, bestetik, Gerra Zibilean espainiar Estatuan edo Euskal Herrian gertatutako operazio militarren, zigorren edo terrorismoen testuinguru jakinaren koordenada tenporal eta geografikoak gainditzen dituzten planteamenduak ere.
6: Gernikaz haratago: oihartzunak, Iberiar Penintsulan. Eremu tematiko honetan bestelako proposamenak bilduko dira-batik bat literaturatik eta horri lotutako Memoria Ikasketetatik datozenak, baina zabalik dago beste hurbilketa batzuk aurkezteko aukera-, Gernikak dirdiratzeko eta durundi egiteko duen gaitasunari buruz hausnartze aldera. Aipatu Calassiar zentzuan, asmoa baita Gernika(k) berragertzeko eta bizirauteko duen ahalmenaz, edo, bestela esanda, euskal eremua gainditzen duten espazio literarioetan «beste bizitza» batzuk bizitzeko duen ahalaz gogoetatzea. Bereziki ongietorriak izango dira, alde horretatik, Gernikako gertakizun traumatikoaren oroitzapenaren presentzia ardatz duten planteamenduak, baita memoria(k), adierarik zabalenean, beste literatura iberiar batzuetan pizteko gai d(ir)en elementu gisa ere.
7: Gernika(k), hezkuntzan: ardatz honetan bilduko dira iraganeko gertakari traumatikoak didaktikatik lantzen dituzten proposamenak, eta baita hezkuntzak memoriaren transmisioan eta gizarte demokratikoen eraikuntzan izan duen garrantzia aztertzen dutenak ere. Espresuki izanen dira ongietorriak, proposamen didaktiko berritzaileak gune izanik, memoriaren eta artearen arteko elkarrizketa aztertzen duten kasu azterketak.
Laburrean
- Mota Ekitaldiak/jardunaldiak
- Data 2024(e)ko ekainaren 13(e)tik 2024(e)ko ekainaren 14(e)ra
- LekuaElai-Alai y Euskal Herria Museoa - Gernika-Lumo ()
- Zenbatekoa40 / 150 €
- HizkuntzaElebietan
- Izena emateko informazioa


