Zuberoako Maskarada, Galdakaon
Andra Mari dantza taldeak urtero antolatzen duen Udaberri Jaialdiaren programak ekitaldi oso berezia ekarriko du gurera aurten. Zuberoan urtero herri batek antolatzen duen Maskarada Galdakaon egingo dute larunbatean, maiatzak 25, eta hau izango da Euskal Herriko hegoaldean egingo duten emanaldi bakarra, iparraldean 15 asteburuz jarraian ibili ostean.
Urtero Zuberoako herri batek hartzen du Maskaradak antolatzeko ardura. Aurten Pagola herriak hartu du lekukoa eta 300 biztanle inguru dituen herriarentzat erronka itzela izan da.
Apirilaren 28an egin zen Pagolan bertan aurtengo azken Maskarada iparraldean eta Galdakaokoa izango da ikusteko azken aukera.
Andra Mari dantza taldeak gonbidatuta, kalez kale ibiliko dira Pagolako herritarrak. Hiru barrikada jarriko dituzte: lehena Ardantzako Andra Mari elizan 11:30ean Zabaleako jai batzordeak gonbidatuta, bigarrena Iturrondon 12:30ean eta hirugarrena Santi Brouard plazan 13:30ean. Azken honetan egingo dira ofizioak arratsaldeko 17:00etan.
Aukera paregabea izango da gorriak eta beltzak ikusteko, Pitxu eta gainerako Kauteren bihurrikeriekin gozatzeko, Xorrotzen kantu ederrak entzuteko edota Aintzinarien jauzi trebeak ikusteko.
Bestalde, Dantza Plaza batek osatuko du Udaberri Jaialdia datorren ekainaren 8an. Bertan, Andra Mariko musikariek, askotariko abesti sorta joko dute plazara hurbildutakoak dantzan jartzeko. Ume, gazte zein heldu, herritar guztiak daude gonbidatuta dantzan parte hartzera.
Dantza Plaza Santi Brouard plazan egingo da, ekainaren 8an, larunbata, 18:30etik aurrera.


