Palestinaren historiaren inguruko programa berezia, Artium Museoan
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo-Artium Museoak palestinarren historiari buruzko programa berezia eskainiko du aste honetan. Alde batetik, Tokyo Reelsproiektuko film sorta bat proiektatuko da museoan, Palestinako egoerari buruzko 70eko eta 80ko hamarkadetako ikus-entzunezko lan multzo heterogeneoa, Japoniako elkartasun talde batek 2019an Subversive Film kolektiboari emana. Aldi berean, museoak Rosalind Nashashibi artista britainiar-palestinarraren A Wider Kind of Love (2021) margolana jarriko du ikusgai berriz ere. Margolan hori Artium Museoaren bildumaren funtsetarako erosi berri da, eta 2021ean erakutsi lehen aldiz, Nashashibiren proiektuaren esparruan, Z aretoan. Espazio hori izango da, hain zuzen ere, proiekzioen programa bereziaren gunea eta margolana erakutsiko den eszenatokia, apirilaren 23tik, asteartera, 27ra, larunbata.
2021eko iraila eta azaroa bitartean, Z aretoaren programaren barruan, Artium Museoak Rosalind Nashashibiren (Croydon, Erresuma Batua, 1973) filmografiako bi pieza programatu zituen: Vivian 's Garden eta Part One: Where There Is a Joyous Mood, There a Comrade Will Appear to Share a Glass of Wine. Bi film horien proiekzioarekin batera, artistak egoitzan zegoela egindako hainbat margolan ikusi ahal izan ziren, besteak beste, A Wider Kind of Love.
Nashashibik sandia ireki bat irudikatu zuen, kolore gorri, beltz, berde eta zuria. Horixe izan zen, hain zuzen ere, herri palestinarrak 1967ko Sei Eguneko Gerraren ondoren hartu zuen identitate-ikurra. Une hartan, Gazan —Israelen kontrolpean— Palestinako bandera erakustea delitua zen. Palestinarrak sandia xerrak erabiltzen hasi ziren, banderaren ordez, protesta gisa. Duela gutxi erosi du museoak, eta margolana Z aretoaren sarreran jarri da berriro, orain hiru urte izan zuen kokapen berean.
Gainera, Z aretoan Tokyo Reels izeneko artxiboko film sorta bat proiektatuko da. Funts honek 70eko eta 80ko hamarkadetako Israel eta Palestinaren arteko gatazkari buruzko hainbat film biltzen ditu, hainbat jatorritako egileek eginak. Dokumentalaren eta fikzioaren bidez, filmek une historiko hura eta sortu ziren borrokak islatzen dituzte. Filmak, batzuk ia ezezagunak, Palestinarekiko elkartasun talde batek (hortik artxiboaren izena) gorde zituen Japonian hainbat hamarkadatan. 2019an, Ramallah-n eta beste leku batzuetan egoitza duen Subversive Film ikerketa eta ekoizpen zinematografikoko kolektiboak jaso zuen ondare hori.
Artium Museoan aurkeztutako sortan honako film hauek daude: The Path to Tragedy (Don Catchlove, 1970), Blown By The Wind (Jack Madvo, 1971), Cowboy (Sami Al-Salamoni, 1973), Scenes of the Occupation from Gaza (Mustafa Abu Ali, 1973), The Game (Shirak, 1973), The Urgent Call (Ismael Shammout, 1973), Kuneitra: Death of a City (Jim Cranmer, 1974); The Road to a Palestinian State (Japan Broadcasting Corporation, 1974), Kufr Shuba (Samir Nimr, 1975), Beyond the War (Samir R. Hissen, 1977), The Field (Sahib Al-Zoohiri, 1977), Palestine to Japan (T. Maki, 1979) eta Land Day (Ghaleb Shaath, 1983).
Palestinako Zinema Institutuak utzitako filmak dira (Palestinian Film Institute)
Rosalind Nashashibi
Rosalind Nashashibi zinemagilea eta margolaria da. 2015ean Electrical Gaza filma egin zuen, Erresuma Batuko Gerraren Museo Inperialaren aginduz. Artistentzako Paul Hamlyn saria jaso du eta 2003an Becks Futures saria irabazi zuen lehen emakumea izan zen. 2017an, Atenasko eta Kasselgo 14. dokumentan parte hartu zuen, eta Turner sarirako izendatu dute. 2021ean Artium Museoaren Z aretoaren programan parte hartu zuen aipatutako bi filmekin eta hiru margolanen in situ ekoitziz, horien artean A Wider Kind of Love.
Subversive Film
Subversive Film 2011n sortutako ikerketa eta ekoizpen talde bat da, egoitza Ramallah-n eta «beste leku batzuetan» duena. Palestinarekin eta eskualdearekin zerikusia duten lan historikoen irakurketa eguneratzen du, eta filmak kontserbatzeko eta artxibo-praktiketan ikertzeko laguntza sortzen du. Bere proiektuen artean oso ezagunak ez diren filmen berrargitalpen digitala, pelikula-zikloak antolatzea, berriz aurkitutako filmei azpitituluak jartzea, argitalpenak ekoiztea eta esku hartzeko beste modu batzuk diseinatzea daude.
Laburrean
- Mota Bestelakoa
- Data 2024(e)ko apirilaren 23(e)tik 2024(e)ko apirilaren 27(e)ra
- Lekua Artium Museoa
Frantzia Kalea, 24
Vitoria-Gasteiz - Web Artium Museoa


