Getxoarte 2024: "A PLANA"

Getxo 2024(e)ko otsailaren 23(e)tik 2024(e)ko martxoaren 10(e)ra
  • Getxoarte 2024: "A PLANA"

Getxoarte 2024 programaren barruan.

Nola antolatzen da erakusketa bat erakusketarik gabe? “A plana”. Diot: zer ikusi nahi dut? Zer egin nahi dut? Norekin egin nahi dut lan? Eta Unibertsitatera egiten ditudan autobus bidaietan Ada Garrués Paularenak (Iruñea, 1998) azkenaldian bere Instagramera igotzen dituen marrazkiak datozkit gogora. Bere izena nire zerrendan idatzi dut, dagoeneko eta aspaldi bi aldiz pentsatu gabe hautatua daukadan Ane Berganza Santamaríaren (Bilbo, 1999) izenarekin batera. Ane nire ikasle ohia da karrerako bigarren urtetik; zalantzarik gabe, izen handiak eman dizkigun promozio hartako ikasleetako bat. Hautagaien zerrenda idazterako, konturatu naiz “A” letra errepikatu egiten dela, eta, horrela, ganora handirik gabe, zera diot neure buruari: eta “A” letraz hasten diren izenak besterik aukeratzen ez badut? Eta “Ane” izeneko artistak soilik aukeratzen baditut? Horretan, “danba!” kolpe batean astindu nau Anne Aramendia Martínezen (Iruñea, 1999) irudiak; bera ere ikasle ohia, hirugarren mailakoa, besteak bezain zoragarria. Halako batez eta ia aurretiko abisurik gabe, konfirmaturiko artisten zerrenda eta egin beharreko erakusketaren izenburua bidali beharra dago. “A” plana beste proposamenik gabe, artistekin adostu eta “A plana” hasiko da, gehiegi pentsatu gabe, bat-batekotasunari eta kasualitateari bidea eta mugak markatzen uzten. «-Hau -esan zuen olgatzen- harri bat da, eta denbora jakin bat igarotzen denean baliteke lurra izatea, eta lur hori landare, animali edo gizaki bihurtzea». Bada, beste garai batean honako hau esango nukeen: «Harri hau harri bat besterik ez da, ez du baliorik eta Maya mundukoa da, baina eraldatze-zikloan gizon edota espiritu bilakatu daitekeenez honi ere balio bat eman behar diot». Lehen, horrela pentsatuko nukeen. Orain, ordea, zera pentsatzen dut: «harri hau harri bat da, baina animalia ere bada, eta Jainkoa, eta Buda; maitatu eta errespetatu egiten dut, ez egunen batean hau edo bestea izango delako, baizik eta orain eta beti guztia izan delako. Eta horregatik maitatzen dut, hain zuzen ere, harria delako eta momentu honetan harri bezala aurkezten delako; eta bere zain eta sakonune bakoitzean balio eta zentzu bat deskubritzen dudalako, horian, grisean, gogortasunean, kolpekatzen dudanean egiten duen soinuan, bere gainazaleko lehortasun nahiz hezetasunean. Badira harri batzuk, ukitzen dituzunean, oliotsuak edo xaboitsuak direnak, beste batzuk hostoen antza dutenak, edota hondarrarena, eta bakoitzak bere ezaugarri bereizgarriak ditu, bakoitzak bere modura errezatzen du Om-a, bakoitza Brahma da, baina aldi berean harri bat da, oliotsua eta xaboitsua, eta hori da, hain zuzen ere, gustatzen zaidana, berezia eta miresgarria iruditzen zaidana». 

Testua: Natalia Vegas (Komisarioa)

 

getxo.eus

Laburrean

Non