Gazte Arte: Bisita gidatua Leire Zabaleta, Jone Irazu eta Oihane Gilen eskutik
Leire Zabaleta, Jone Irazu eta Oihane Gil sortzaileen eskutik, Gazte Arte lehiaketaren baitan sortutako artelanen erakusketara bisita gidatua.
Leire Zabaleta (Vitoria-Gasteiz, 1999), Jone Irazu (Zalduondo, 2000) & Oihane Gil (Barakaldo, 1999) - "Congelando la memoria" - Instalazioa - teknika mistoak
“Congelando la memoria” obrak jangela baten eszena irudikatzen du, protagonista nagusia hozkailua delarik. Diziplina eta teknika artistiko desberdinak erabiliz, etxearen kontzeptu propioa sortzen du. Artistak eurek eta Oihanederreko ur-biltegiko lantegi irekia bisitatu zuen publikoak egindako imanak, stickerrak, erosketen ticketetako irudiak, marrazkiak... eszenaren parte dira. Hozkailua bera eta inguruko altzariak ere erakusketa eta dekorazio-espazio gisa erabili dira.
Obra, haur baten amets sukartsu gisa agertzen da: kolorez, jostailuz eta altzariak inbaditzen dituzten elementuz betea. Hozkailua margotuta, pegatinekin, eta bizia hartu duten jostailuekin; besaulkia sastakatua, eta urtebetetze-tronu bihurtuta. Elementu guzti hauek, modu dibertigarri eta exageratuan, simulatu nahi dute gizakiok gure hurbileko kulturako eta historia pertsonaleko objektuak - bidaietako imanak, argazkiak lagun eta familiarekin, zakarrontzira botatzen ausartu ez garen haurtzaroko jostailuak…- gordetzeko dugun joera.
Instalazioak hainbat hausnarketa eragin nahi dizkio hura behatzen duenari:
Alde batetik, azpimarratzen du beharbada batzuek Diogenesen Sindromearen sintoma gisa deskribatuko luketen joera: gure etxeak apaintzeko eta objektu sinbolikoz betetzekoa. Fenomeno hau argi eta garbi ikusten da jantokiaren kasuan: antropologiak behatzen duenaren arabera, jangela leku adierazgarria da familia bakoitzaren bizitzan, elkartzeko lekua eta denbora gehien pasatzen den etxeko espazioetako bat baita.
Horrela, intimitate, egunerokotasun eta igarotako garaienganako nostalgia sentimenduak iradokitzen saiatzen da. Bestalde, artearen egungo merkantilizazioari buruz hausnartu nahi du, baita jende arruntak artera heltzeko duen aukeraz ere. Gero eta globalizatuagoa eta komertzializatuagoa dagoen mundu honetan, artea nekez da subertsiboa edo apurtzailea.
Are gehiago, ekoizpen artistikoa, ekonomiaren gainerako eremuak bezala, artea egiteko eta kontsumitzeko gaitasuna dutenek monopolizatu dutela esan liteke, goseak hildako artistaren irudia betikotuz. Kulturak estatuaren eta gizartearen aldetik jasotzen duen babes eskasa, kulturari ematen zaion garrantzi txikiaren erakuslea da, bereziki gizartean hain pribilegiatuak ez diren pertsonei eragiten dienean.
Nola iristen da kultura gure etxeetara? Nola eramaten dugu artea gure etxeetatik merkatura? Grina artistikoa duten pertsona askok, pasio hori alde batera utzi behar dute, beste zerbaitetan arituz, egonkortasuna aurkitu ahal izateko. Gure etxeek gero eta liburu eta koadro gutxiago dituzte. Nekez joaten gara museo, zinema eta galerietara; hauek leku elitizatuak bihurtu dira.
Horregatik, gure espazioak kultura indibidual edo sinboliko gisa definitu daitezkeen elementuekin pertsonalizatzera jotzen dugu. Hozkailuetan haurrek egindako marrazkiak, bidaietako souvenir-ak, argazkiak… aurki ditzakegu, gure oroitzapenak izozten eta edertzen dituzten objektuak. Xehetasun horiek guztiak gure historia pertsonalaren aztarnak dira, baita gure ohituren isla ere; elementu multzo hau familia-oroimenaren sinbolo bisuala dela esan liteke.
Bisita hau Gazte Arte erakusketaren jarduera programaren baitan antolatu da. Izan ere, astelehenero artista batek bere obraren bisita gidatua eskainiko du, arratsaldeko 19:00etan:
-
Otsailak 5: Ani Chkhartishvili - "Una habitación, una luz"
-
Otsailaren 12an: Lah Ortiz - "Irresistible lineal"
-
Otsailak 19: Leire Zabaleta, Jone Irazu & Oihane Gil - "Congelando la memoria"
-
Otsailak 26: Izaro Pardo - "Trascendence"
Laburrean
- Mota Hitzaldia
- Data 2024(e)ko Otsailak 19
- Ordutegia19:00-20:00 (gutxi gorabehera)
- Lekua Labe Gazte Laborategia
San Vicente de Paul Kalea, 21
Vitoria-Gasteiz - HizkuntzaEuskara
- Web Labe Gazte Laborategia


