"Eduardo Chillida 100 urte" jardueren egitaraua: Ate irekiak museoan (doan)
Eduardo Chillida 100 urte jardueren egitarauaren barruan.
Urtarrilaren 10ean 100 urte beteko dira Eduardo Chillida artista jaio zenetik eta Chillida Leku museoak oso modu berezian ospatu nahi du. Hala, urtarrilaren 13an eta 14an, ate irekien asteburua antolatu du nahi dutenek eskulturaren pentsamendua, obra eta testuingurua sakonago ezagutzera gerturatzeko aukera izan dezaten.
Mireia Massaguék, Chillida Lekuko zuzendariak, honela adierazi du: “Chillidak amestu zuen tokitik, beso zabalik hartu nahi zaituztegu, ospakizun hau oso berezia izan dadin. Arrazoi hori dela eta, mendeurreneko asteburuan publikoa gurekin batera etortzea nahi dugu bere artea ezagutzeko eta esperimentatzeko, berak nahi zuen moduan bere eskulturen artean baso bat balitz bezala ibiltzeko eta bere obrara modu ezberdin batean gerturatzeko aukera izan dezaten”.
Hala, ate irekiak egingo diren bi egun horietan, publiko guztientzat zuzendutako doako ekintzak egingo dira eta horietako batzuk dira hauek: museora bisita gidatuak, familian egingo den arte-tailerra Maushausekin eta Maeght Unibertsoa aldi baterako erakusketako Bisitaldi solasaldidunak. Horietan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da gonbidapenak erreserbatzea Chillida Lekuren webgunean urtarrilaren 4tik aurrera.
Parekorik ez duen asteburu baterako egitaraua
Familiek Chillidaren eta haren lagunen obrara gerturatzeko aukera izango dute Chillidaren lagunak - Chillida eta Calder arte-tailerrari esker larunbatean eta igandean, 11:00etan. Tailerra Maushaus-ek (Anabel Varona eta Carlos Arruti) eskainiko du elebitan. Artea eta arkitektura oinarri dituen laborategiak kontzeptuak hedatzeko metodoak bilatu nahi ditu guztiok barruan dugun jolaserako gaitasuna sustatuz. Material sinpleen bidez, parte-hartzaileek Alexander Calder-en obra eta hainbat kontzepturekin duen lotura ulertuko dituzte: oreka, lerroa espazioan edo mugimendua eskulturan, adibidez. Aurretik ere egin izan dituzte antzeko jarduerak Chillidaren lagunak ziren beste artista batzuekin.
Gainera, bisita gidatuetan, zelaiaren zati batean egingo da ibilbidea. Bertan daude banatuta Chillidak sortutako eskultura monumentaletako 40 eta horietan islatzen da espazioa eraldatzeko eta formaren eta hutsunearen arteko lotura aztertzeko zuen gaitasuna. Bisitariek, gainera, Zabalaga baserria ezagutzeko aukera izango dute. Artistak birgaitu zuen eta bere baitan artelantzat hartzen da. Museora bisita gidatuak egiteko lau txanda egongo dira: gaztelaniaz, 10:30ean eta 12:30ean, eta euskaraz, 11:30ean eta 13:30ean. Gutxi gorabehera, 60 minutuko iraupena izango du bisita bakoitzak.
Zabalaga baserri barruan eta kanpoan daude Chillida Lekun 2024ko apirilaren 14ra arte ikusgai egongo diren Maeght Unibertsoa erakusketako 17 obrak. Erakusketa Aimé Maeght arte-merkatari historikoak Marguerite emaztearekin batera lan egin zuen artista batzuen piezek osatzen dute. Saint-Paul-de-Vencen dagoen Maeght Fundazioko eta Pariseko Maeght galeriako funtsetako lanak dira.
Egunero egiten diren eta 30 minutu inguruko iraupena duten Bisitaldi solasaldidunak ekimenari esker, XX. mendeko eskulturaren historian eragin esanguratsua izan zuten 11 sortzaileren arteko elkarrizketa artistikoa eskainiko zaio bisitariari. Horri esker, Chillidaren obra hobeto ulertu eta historikoki eta artistikoki dagokion testuinguruan kokatu ahal izango du bisitariak. Urtarrilaren 13 eta 14an, 16:00etan, jarduera hori doan egiteko aukera egongo da, webgunean gonbidapenak erreserbatu ostean.
Laburrean
- Mota Bestelakoa
- Data 2024(e)ko urtarrilaren 13(e)tik 2024(e)ko urtarrilaren 14(e)ra
- Lekua Chillida Leku
Jauregi Bailara, 66
Hernani - ZenbatekoaDoan (gonbidapenarekin)
- Sarrerak Erosi
- Web Chillida Leku


