"ESTO NO ES UN ARBOL" Karen Amaiaren erakusketa

Basauri 2024(e)ko urtarrilaren 2(e)tik 2024(e)ko urtarrilaren 15(e)ra
  • "ESTO NO ES UN ARBOL" Karen Amaiaren erakusketa

Karen Amaia Bilbao der Kinderen-en “Esto no es un árbol” erakusketa Basauriko Arizko Dorretxean, abenduaren 13tik aurrera

Erakusketa hau COVID-19aren pandemiaren konfinamenduan artistak Afrikan egin zuen bidaia birtualaren emaitza da. Horri esker, kanpoko argazkigintzan jarduten jarraitu ahal izan du denbora luzez. Karen Amaiak bere kameraren ordez, Googleren kamerak erabili zituen beste leku batzuetara lekualdatzeko tresnatzat, irudi horiek hartzeko.

Google Maps-en bidez ibilbide bat egin zuen Afrikako zenbait herrialdetan, eta harriduraz jabetu zen hango ibai, delta, mendi eta mendikateek, goitik ikusita, zuhaitz, baso edo beste landaredi mota batzuen pareidolia ikusgarriak osatzen dituztela. Objektu jakin batzuen forma ezaguterrazak beste objektu batzuetan aurkitzeko buru jolas horretan murgilduta, eta enkoadraketa zainduta, istripu naturalek zuhaitzekin duten antzekotasuna areagotzeko, Karen Amaia aurkikuntza guztien pantaila argazkiak egiten joan zen, irudi bilduma iradokitzaile eta oroitarazle hau lortzeko.

Une oro satelitetik lortutako hartualdia errespetatuz, argazkiak ibaien ibilguen eta ibaiadarren formak nabarmentzeko eta areagotzeko tratatu ditu soilik, kontrastea eta intentsitatea gehituz. Argazkiak aluminiozko testuradun sandwich batean inprimatu dira; horri esker, kolore paleta handi bat zabaltzen duten islak ematen dizkio irudiari.

Basauriko Arizko Dorretxean aurkezten duen erakusketa honek berrogeita hamar bat argazki biltzen ditu; herrialde bakoitzeko orografiaren isla xeheak dira, marrazkiak edo pinturak diruditenak, batzuetan estilo errealistarekin eta beste batzuetan estilo abstraktuagoarekin. Argazki guztiek gauza bat dute komun: publikoari zuhaitz baten irudikapenaren aurrean dagoela iradokitzea. Zentzu horretan, serie horren izenburuak René Magritte margolari surrealistaren Ceci n'est pas une pipe (Hau ez da pipa bat) koadroa aipatzen du.

basauri.eus

Laburrean

Non