"Artxibo biluzia" (sortze prozesuan)

Vitoria-Gasteiz 2023(e)ko Abenduak 28
  • "Artxibo biluzia" (sortze prozesuan)
  • "Artxibo biluzia" (sortze prozesuan)

Sortze prozesuan dagoen ARTXIBO BILUZIA konferentzia performatiboa erakutsiko du Metrokoadrokak abenduaren 28an Gasteizko Monstrenka aretoan, 21:00etan.

Joan Mari Torrealdai, Euskaldun Egunkariaren administrazio kontseiluko lehendakaria, atxilotu zutenean, poliziak bere etxetik dokumentu zenbatezinak eraman zituzten.

“Ordenatuta zegoena desordenatu, armairu eta txoko guztiak miatu, milaka dokumentu eta paper eraman. Begirunerik gabe. Eta zehaztu edo deskribatu gabe. Inpotentziarik handienarekin ikusten nuen nola ari ziren hondatzen nire bizitza eta lan profesionala, nire ikerketak, nire etorkizuna. Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”, kontatuko zuen Torrealdaik gerogo.

Pieza eszeniko hau sortzeko egun hartan hutsik geratutako karpeta bat irudikatu du Metrokoadrokak, eta antzerkiaren baliabideekin betetzen saiatu da: gorputzez eta ekintzez jantzi du biluztasuna.

Ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkiaren mugetan mugitzen den pieza eszenikoa da Artxibo biluzia. Bi aktore ikusiko ditugu eszenan ikerketa bat abiatzen.

“Joan Mari Torrealdai beka” jarri zuten martxan Usurbilgo Udalak eta Jakin aldizkariak. Hori izan da Metrokoadroka kolektiboaren ikerketa eszeniko hau abiatzeko pizgailua.

Metrokoadroka Sormen Laborategia Oiartzun eta Errenteriako artista sare batek sortu zen 2008an, helburu honekin: arte eszenikoetan eta arte plastikoetan proiektuak sortzea, laguntzea eta zabaltzea, betiere kulturarekiko ikuspegi kritikoari eta esperimentazioari lehentasuna emanez.

Aktoreak: Intza Alkain eta Javier Barandiaran.
Zuzendaritza eszenikoa: Marina Suarez Ortiz de Zarate eta Oier Guillan.
Ikerketako zuzendaritza artistikoa: Idoia Beratarbide.
Ekoizpena: Josu Zubia.
Promo argazkiak: Amets Badiola Rubio.
Proiektuan kolaboratzaileak: Danele Sarriugarte, Maria Elorza. Nagore Legarreta.
Aliatuak: Azala kreazio espazioa, Kampai espazioa, Laudioko kultur faktoria, Ehuntze espazioa, Baratza aretoa.
Bultzatzaileak: Jakin eta Usurbilgo Udala.

 
Metrokoadroka

Laburrean

  • Mota Antzerkia
  • KonpainiaMetrokoadroka
  • Data 2023(e)ko Abenduak 28
  • Ordutegia21:00
  • Lekua Kolectivo Monstrenko
    C/Cubo, 1 bajo
    Vitoria-Gasteiz
  • Zenbatekoa10,50 €
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaEuskara

Non