Olentzero eta Mari Domingiren desfilea 2023 Bilbon: kalejira (abenduak 23) eta harrera (abenduak 24)
Olentzero eta Mari Domingi urteko gaurik magikoenerako xehetasunak prestatzen ari dira. Aurten ere ilusioz eta opariz beteta itzuliko dira Bilbora, eta ez dute ezer lotu barik utzi gura. Hain da horrela, ze, gaur, Itziar Urtasun Jaietako zinegotzi eta Kultura eta Gobernantzako zinegotzi ordezkari ondokoarekin bildu baitira; honek harrera egin die udaletxean programari azken ukituak emateko eta dena prest dagoela ziurtatzeko.
Ohiko topaketa horretan, uriaren egungo egoerari buruzko iritziak trukatu dituzte, Gabonetarako prestatutako aisialdi-eskaintza gogoratu dute eta bertatik bertara errepasatu dute urian beharrezkoa den operatibo guztia. Hasteko, Kalejira egingo dute abenduaren 23an (zapatua), Bilboko kaleak magiaz, musikaz, kolorez eta akrobaziez betez, Arriaga antzokira iritsi arte. Han igaroko dute gaua, domeka goizean haurrei harrera egin ahal izateko.
Horrela urtean zehar gehien espero den unerako atzerako kontaketa hasiko da. Orduan, kolaboratzaile talde osoarekin batera, Bilbo bisitatuko dute opariak banatzeko, baina baita berdintasuna, elkartasuna, bizikidetza eta ingurumenarekiko errespetua bezalako balioak zabaltzeko ere. Aurten, gainera, segizioan pertsonaia berriak izango dituzte: "Gutu" Herensugea, azken orduko gutunak jasotzeaz arduratuko dena, eta Galtzagorri Nagusia, koadrilako galtzagorri nagusienetako bat. Era berean, lehenengo aldiz, Salbatzaile dantza-taldeak bere fanfarrearekin parte hartuko du, kalejiran euskal folkloreko Euskadiko hainbat herritako pertsonaiekin, eta, gainera, "Marikastaña" irudia ere aurkeztuko dute.
PROGRAMA
KALEJIRA, abenduaren 23an (zapatua)
18:00: Olentzeroren eta Mari Domingiren agurra, Carlton hoteleko balkoitik.
18:15: Kalejiraren hasiera Moyua plazan.
19:00: Ikuskizuna Olentzeroren eta Mari Domingiren musikarien bandarekin Arriaga Antzokian.
19:20: Olentzeroren eta Mari Domingiren agurra, Arriaga Antzokiko balkoitik.
UMEEN HARRERA, abenduaren 24an (domeka)
11:00 - 14.00: Olentzeroren eta Mari Domingiren harrera Arriaga Antzokian.
11:00 – 14:00: Taloen tailerra.
11:00 – 14:00: Makillaje artistikoko tailerra.
11:00 – 14:00: Berbena eta antzerki-ikuskizuna...
12:30: Eidaberen "Gora Bihotzak" haurrentzako antzerki-ikuskizuna
AGURRA CARLTON HOTELETIK ETA KALEJIRAREN HASIERA
Etxeko txikienek Olentzero eta Mari Domingirekin berriz elkartzeko aukera izango dute, Bilboko kaleetatik egingo duten Kalejiran, abenduaren 23ko arratsaldean (zapatua). 18:00etan hasiko da Kalejira, Moyua plazako Carlton Hoteleko balkoitik agur egin ostean. Desfileak, iaz aurrenekoz egin zen bezala, Moyua plaza osoa inguratuko du, zirkulazioaren kontrako noranzkoan, jendearengandik gertuago egotearren. Ondoren, Kale Nagusitik Arriaga plazaraino iritsiko da.
Olentzero egurrezko pottoka handiaren gainean joango da, Mari Domingi antzaran Basajaun trizikloan eta Lamia pertikan; Lamiak, gainera, ahotsa jarriko du ikuskizunean.
Aurten, gainera, pertsonaia berri bat ere izango dute: "Gutu" Herensugea, euskal dragoi mitologiko bat. Isats luze bat izango du, txikienen nahiekin idatzitako gutunekin egina Herensugek Kalejira itxiko du, galdutako gutun guztiak eta azken ordukoak jasota.
Zeregin horretan Galtzagorriek lagunduko diote. Aurten, Galtzagorri Nagusiaren zuzendaritzapean lan egingo dute. Galtzagorri Nagusia zaharrena da, eta dena ordenean dagoela eta zeinek bere eginkizunak betetzen dituela ziurtatuko du. Galtzagorri hau, gainera, animatzaile peto-petoa da, pertsonaiak aurkeztuko ditu eta giroa sortuko du, bai Carlton hoteleko irteeran, bai Arriaga antzokian, amaieran.
Eta, jakina, “Ipurtargiak” -hiru ipurtargi erraldoi- ez dira faltako, iaz bezala, segizioa gidatuko dutenak bidean ez galtzeko.
Kalejiran euskal kulturaren erakusgarriak egongo dira; horretarako, Bilboko bi dantza-taldek beren dantzekin eta fanfarreekin girotuko dute ibilbidea.
Gaztedi taldeari Salbatzaile Dantza Taldea gehitu zaio; azken hau ikuskizuna irekitzeaz arduratuko da, bere fanfarrearekin eta Euskadiko hainbat herritatik iritsitako euskal folkloreko hainbat pertsonaiarekin, sortu berri duten "Marikastaña" irudiarekin batera. Pertsonaia berezi horrek -euskal mitologiako Mari jainkosa, amama txeratsu bat eta gaztainondo zahar baten fusioa- belaunaldi nagusien jakinduria eta istorioak sinbolizatzen ditu, Castaños auzoko iraganeko pasarteak eta kulturalaren arlokoak kontatuz.
HURRENGO GELTOKIA, ARRIAGA ANTZOKIA
Arriaga antzokira arratsaldeko zazpiak aldera iristiko dira eta han, Olentzeroren musikari-taldea musika-antzerkiko eta koloreen ikuskizun bat jotzen hasiko dira, zirkuko eta Zuberoako inauterietako jantziz jantzitako pertsonaiekin.
Arriagan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak ongietorria egingo diete pertsonaia magiko horiei; ondoren, Arriaga Antzokiko balkoira igoko dira eta handik bildutako pertsona guztiak agurtu ondoren Olentzeroren eta Horra Mari Domingi abestiak abestuko dituzte.
Agurraren eta abestien ostean, Olentzero eta Mari Domingi atseden hartzera joango dira Antzoki barrura, hurrengo egunerako indarrak hartzeko.
HARRERA ARRIAGA ANTZOKIAN, DOMEKAN, HILAREN 24an, GOIZEZ
Abenduaren 24an (domeka), Olentzerok eta Mari Domingik harrera egingo diete Bilboko umeei, haien gutunak eta desioak jasoko dituzte, eta gauez, Bilboko etxe guztietatik igaroko dira.
Arriaga Antzokiko harrera-ekitaldia 11:00etan hasi eta 14:00etara arte luzatuko da.
Sarrerako ordena bermatze aldera eta itxaronaldia ahal denik eta txikiena izan dadin, txanden sistema erabiliko da; horretarako, SARRERAK DOAN ETA ONLINE (1.500) eskuratu ahal izango dira www.bilbaokultura.eus orrian.
Abenduaren 21eko (eguena) 10:00etatik aurrera erreserbatu ahal izango dira sarrerak. Erreserba bakoitzeko, NAN batekin, 3 adingaberentzako sarrerak eskuratu ahalko dira. Adingabeekin helduren batek joan behar du (helduek ez dute gonbidapenik behar).
Gainera, itxaronaldia animatzeko, Udalak hainbat jarduera prestatu ditu Antzokiaren kanpoaldean, goizeko 11:00etan hasita. Hauek, hain zuzen ere: taloak egiteko tailerra, makillaje artistikoa, girotzeko musika-banda, "EIN GO kanta eta dantza" kantu herrikoiekin, eta Eidaberen "Gora Bihotzak" haurrentzako antzerki-ikuskizuna (12:30ean).
DIBERTSIOA PERTSONA GUZTIENTZAT
Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejiran eta Arriaga Antzokiko domekako harreran irisgarritasun-neurriak txertatuko dira desgaitasuna duten pertsona guztiek ekitaldi horiekin gozatzeko aukera izan dezaten. Hamarkada bi baino gehiago dira Udala aisialdi inklusiboko eskaintza sustatzen duten politikak eta programak garatzen hasi zenetik.
Hartara, Kalejirak desgaitasuna duten pertsonentzako gune bat izango du gordeta Arriaga plazaren inguruan. 18:00etan, ikurrinatik hurbil eremu bat egokituko da, beharra duten pertsona guztiek erabil dezaten, edukiera osatu arte.
Era berean, iaz egin zen bezala, autismoa duten pertsonek jarduera jendetsu horietan parte har dezaten, Bilboko Udalak sarbide zuzena izateko aukera eskaini die Arriaga Antzokian egiten den harrerara.
#BILBAOGABONAK
Jarduera horiek Udalak Gabonetarako abian jarri duen #BilbaoGabonak proiektuaren parte dira. Proiektu horren helburua da Bilbo turismoa erakartzeko hiriburu gisa eta egun berezi hauetan aisia, kultura eta merkataritzako benetako erreferente gisa sendotzea.
Aurreikusitako jardueren artean daude Gabonetako Azoka, patinaje-pista eta txirrista handia -izotz sintetikodun sei errei dituena- eta txikienentzako jardueren karpa. Gainera, besteak beste, Udalak Gabonetako Azokako etxola bat erreserbatu du, jolasaren eta ikaskuntzaren bidez, Bilboko Balioen Agiria ikusarazteko, gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta ekitatiboago bat sortzen laguntzeko.
Laburrean
- Mota Bestelakoa
- Data 2023(e)ko abenduaren 23(e)tik 2023(e)ko abenduaren 24(e)ra
- Ordutegia18:00
- LekuaMoyua plazatik Arriaga plazaraino
Bilbao - ZenbatekoaDoan
- HizkuntzaEuskara



