"Zarautz XX. mendean: Euskal Jaiak eta surfa baino askoz ere gehiago"
Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Miguel de Aranburuk, Gipuzkoako Historialarien Elkarteak, antolatutako hitzaldia, Gipuzkoako Historiaren Pasarte Ezezagunak zikloan barneratuta:
Zarautz XX. mendean: Euskal Jaiak eta surfa baino askoz ere gehiago
Zarautz udalerri ezaguna da, besteak beste, bere Euskal Jaiengatik eta surfagatik, baina inor gutxik ezagutzen du (ezta bertan bizi diren herritar askok ere) XX. mendearen lehen bi herenetan (bereziki Gerra Zibilaren ondoren) izan zuen loraldi industriala. Adibide modura, 1960 inguruan, Zarautzek 8.000 biztanle zituen garaian, herriko enpresetan 6.200 pertsona omen zeuden Gizarte Segurantzan alta emanda, industrian eta ostalaritzan nagusiki, baina baita gainerako hainbat jarduera-sektoretan ere: merkataritzan, bankuetan, hezkuntzan, osasungintzan… Zarautz lanerako erreferentziazko gunea zen Urola-Kostan, eta horren adierazgarri da egunero ehunka langile iristen zirela Oriotik eta Zumaiatik, goraino beteta etorri ohi ziren trenetan. Gerora, langile horietako asko, aurrezkiak metatu ahala, Zarautzen erroldatu eta bertan geratu ziren bizitzen. Hitzaldi honen helburua Zarautzen ezkutuko errealitate historiko hau azaleratzea da, ahanzturan erortzeko arrisku larrian baitago. Hain zuzen ere, hori ekidin nahian, Euskal Herriko Unibertsitateak Donostiako kanpusean duen Ekonomia eta Enpresa Fakultateko hainbat ikasle zarauztar, euren Gradu Amaierako Lana (GRAL) egiten ari dira, Zarauzko sektore ekonomiko desberdinak perspektiba historikoan aztertuz. Momentuz hiru ikerketa ditugu martxan (ehungintza, altzarigintza eta gozogintzari buruzkoak) eta lan hauetan bildutako datu, testigantza, irudi, etab. izango dira aurkezpenaren ardatza.
Igor Etxabe Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioan lizentziatua Deustuko Unibertsitatean (2003) eta Enpresen Zuzendaritza, Ezagutza eta Berrikuntzan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (2018). Bere ikerketa ekonomia garapena ahalbidetzen duten sareen eta kapital sozialaren azterketan oinarritzen da, bai ingurune formaletan (klusterrak, kontseilari gurutzatuak…) eta baita sare informaletan (familia, hezkuntza-zentruak, elkarteak…). Majisteritzan (Atzerriko Hizkuntzan) diplomatua ere bada Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hezkuntza-berrikuntzako hainbat ekimenetan parte hartzen du (Eragin, Terminologia Sareak Ehunduz, Wikilarien elkartea…). Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Prest Gara programaren baitan formazio ikastaroak eskaintzen ditu.
Partaideak: Igor Etxabe (hizlaria), Iker Echeberria (aurkezlea)
(Hizkuntza: euskara)
Laburrean
- Mota Hitzaldia
- Data 2023(e)ko Abenduak 22
- Ordutegia19:00
- Lekua KMK ekitaldi aretoa (Santa Teresa komentua)
Elbira Zipitria, 1
Donostia-San Sebastián - ZenbatekoaDoan
- HizkuntzaEuskara
- Web KMK ekitaldi aretoa (Santa Teresa komentua)


