Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2023 (Finala - abenduak 2 - Iruñea)
Urriaren 7an Iruritan hasitako bidea bere helmugara iristear da. Baztanen abiatu eta Vianatik, Uhartetik, Leitzatik, Altsasutik, Agoiztik eta Lesakatik pasa ostean, finalaren ataritan da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Abenduren 2an izango da azken ekitaldi hori, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita. Zortzi bertsolari iritsi dira azken geltokira: Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saats Karasatorre Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol. Horien artean izango da 2023ko txapelduna.
Zortzi bertsolari ariko dira, beraz, Anaitasunako oholtzan kantari. Horien artean, bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dutenak, Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Gainerakoak, finalean arituak dira. Julio Sotok hamaikagarren finala du, Eneko Lazkozek zortzigarrena, hirugarrena Joanes eta Xabat Illarregik, eta bigarrena Josu Sanjurjok eta Saioa Alkaizak.
Finalisten artean badira txapeldun izandakoak ere bai: Saioa Alkaiza da egungo txapelduna, orain bi urte, Anaitasunan bertan, irabazita. Julio Sotok, berriz, bost txapela ditu irabazita (2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019an).
Ainhoa Larretxea Agirrek eta Ander Aranburu Arriolak aurkeztuko dute saioa, eta bi zati izango ditu. Lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dute. Bigarren atalera, aldiz, lehen atalean puntuaziorik altuena lortzen dutenak pasako dira, eta haiek jokatuko dute buruz burukoa. Bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela, Alaitz Rekondo Ferreroren eskutik.
Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, finalaren eguneko 15:00ak bitarte. Hortik aurrera, Anaitasunako txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira. Ateak 15:00etan irekiko dira, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko deia egin du, pilaketak ekiditeko.
Finala ETB4 katean jarraitu ahalko da zuzenean, telebistan, eta internetez, www.bertsoa.eus eta www.eitb.eus atarietan, streamingean. ETB1ek, gainera, buruz burukoa eskainiko du, 21:00etatik aurrera.
Laburrean
- Mota Bertsolaritza
- Data 2023(e)ko Abenduak 2
- Ordutegia17:00
- LekuaAnaitasuna Kiroldegia
Pamplona/Iruña - Online https://www.eitb.eus/eu/kultura/zuzenean/
- Zenbatekoa15 / 20 €
- Sarrerak Erosi
- HizkuntzaEuskara


