Galdakaoko Musika Astea 2023: DA CAPO MUSIKA BANDA

Galdakao 2023(e)ko Azaroak 25
  • Galdakaoko Musika Astea 2023: DA CAPO MUSIKA BANDA

Santa Zezilia egunaren harira Galdakaon urtero egiten den Musika Astearen aurtengo edizioa datorren astean izango da, azaroaren 20tik 25era bitarte. XXXII. edizioa izango da aurtengoa eta gaur eman dute horren berri Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Edurne Espilla Kultura zinegotziak, eta Arantza Zatonek, Maximo Moreno Musika eskolako zuzendariak. 

Iñigo Hernando alkateak nabarmendu duenez, “herrian errotuta dago Musika Astea Galdakaon”. Gaineratu du “Maximo Moreno musika eskola altxorra” dela eta herrian oso maitatua eta apreziatua dela. 

Musika Asteak irauten duen bitartean, eskolak musika herriari zabaltzen diola nabarmendu dute Iñigo Hernandok eta Edurne Espillak, eta zentzu horretan Espillak esan du “eskertzeko esfortzua” dela. 

Arantza Zatonek eman du aurtengo egitarauaren berri:

-   Astelehenean, hilaren 20an, Gehi Zazpi biolontxelo taldea arituko da Torrezabal Kultur Etxean, 19:30etik aurrera. Durangoko musika eskolan sortua, hainbat estilotako gaiak biltzen ditu errepertorioan: Heandel, Piovani, Beethoven, Morricone, Xabier Lete, Metallica, Coldplay…
-   Asteartean, 21ean, Gospel Bilbao taldearen kontzertua, 19:30ean hasita. 2012. urtearen erdialdean sortu zen taldea, gospel generoa sustatzeko eta publikoarengana hurbiltzeko helburuarekin. Ahots eta instrumentista ugariz osatuta dago, eta euren kontzertuetan abesti bakoitza musika hutsetik haratago joan dadin saiatzen da. 
-   Asteazkenean, azaroaren 22an, Santa Zezilia egunarekin bat eginez, Ad Libitum Txistu bandaren kalejira egongo da 19:00etan, eta ostean, 19:30ean, Olatz Garcia Ergüin Sextet eta Miguel Salvador igoko dira oholtzara. Kontzertuan euren lehen diskoa aurkeztuko dute: ‘The standards of my chilhood’. Taldekideen haurtzaroko jazz-estandarren errepasoa izango da, joera berrietara irekitako estilo-ikuspegi garaikidea duena, betiere jazzaren abeslari klasikoen ondarea mantenduz. 
-   Ostegunean, 23an, Ander Manzana pianojoleak kontzertua eskainiko du 19:30etik aurrera. Bilboko Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatorioan eta Musikenen prestatutakoa da, eta sari garrantzitsuak jaso ditu. Egun, bigarren masterra ikasten ari da Hagako Errege Kontserbatorioan.
-    Azkenik, larunbatean Da Capo Musika Banda eta Miguel N’Dong oholtzan egongo dira 20:00etatik aurrera. Euskal kulturatik kanpoko elementuetan inspiratzea bilatzen duten euskal konposizioetan jarriko du arreta. 

Dagoeneko eros daitezke sarrerak, hiru euroren truke, https://galdakao.sacatuentrada.es orrialdean. Galdakaoko Udalak herritarrak animatu nahi ditu musikaz gozatu dezaten proposatutako ekintzetan. 

galdakao.eus

Laburrean

Non