Musika Bizian jaialdia

Galdakao 2023(e)ko urriaren 27(e)tik 2023(e)ko urriaren 28(e)ra
  • Musika Bizian jaialdia

Aurkezpen ekialdian Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatua eta Unai Zabala, Garazi Maeso eta Garatz Unamunzaga Andra Mari Eusko Dantzari Taldeko kideak izan dira, aurtengo nondik norakoak emateko.

Iñigo Hernando alkateak adierazi du estaturik gabeko herrietako musikaren erreferente bihurtu dela Musika Bizian eta antolaketaz arduratzen den Andra Mari Dantza taldeari esker onak eman ondoren, Galdakaora etortzeko gonbita luzatu du.

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatuak nabarmendu du musika pertsonak lotzen dituen zubia dela, jatorri, hizkuntza edo istorioetatik harago; Musika bizian jaialdiak Bizkaitik mundura eta mundutik Bizkaira jauzi egiten duela adierazi du eta halako proiektuak aurrera ateratzeko instituzio eta elkarteen arteko elkarlana zein garrantzitsua den ekarri du gogora.

Unai Zabala Andra Mari taldeko presidenteak esan du jaialdi askotan estaturik gabeko herrietako kulturekin egin dutela topo eta hortik sortu zela Musika Bizian antolatzeko ekimena.

Bere iritziz, Euskal Herriaren antzeko egoeran dauden herrietako musika, kultura eta hizkuntza erakustea da jaialdia berezi egiten duena.

Zentzu berean mintzatu da Garazi Maeso; munduko kultur-aniztasunaren isla izateaz gain, Musika Bizian kultura gutxiengotu eta zapalduen arteko elkartasun jaialdia dela adierazi du. Horrez gain, musika kontsumitzeko moduak aldatu diren honetan zuzeneko musikaren aldeko apostua dela adierazi du.

Garatz Unamunzagak musika emanaldien berri eman du, eta jaialdia osatuko duten gainontzeko ekimenenak ere aipatu ditu. Musikari dagokionez, Euskal Herriko Gozategi eta McOnak, Kornualleseko The Stowes, Bretainiako Startijenn eta Kosovoko Gipsy Groove taldeak igoko dira Iturrondo plazan jarriko den eszenatokira.

Urtero bezala, Luthierrak izango dira Iturrondon eta haiekin batera musikari artisauak. Beraien lana balioan jarri du Garatz Unamunzagak, luthierrik eta musikari artisau barik ez legokeelako musikarik.

Taberna Ibiltaria eta kale animazioak Iturrondo eta inguruak girotuko dituzte eta edateko eta jateko aukera ere izango da: txosna eta taloak izango dira karpan.


Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2023(e)ko urriaren 27(e)tik 2023(e)ko urriaren 28(e)ra
  • Ordutegia19:00-01:00
  • LekuaIturrondo Plaza

    Galdakao
  • ZenbatekoaGratis
  • HizkuntzaEuskara

Non