"Zorionez baztertuak",Patricia Laisekaren erakusketa

Durango 2023(e)ko urriaren 5(e)tik 2023(e)ko azaroaren 12(e)ra
  • "Zorionez baztertuak",Patricia Laisekaren erakusketa

50eko hamarkada zen, euskal gizartea pixkanaka ari zen bere onera etortzen 1936-39 bitarteko gerrak eta ia gogorragoa izan zen gerraosteak ekarri zuten hondamenditik. Durango ez zegoen egoera horretatik aparte. Bertan eta bere inguruan finkatutako industriek eskulana behar zuten. Beharrizan horren jakitun, agintari frankistek langileentzako auzuneak eraiki zituzten behinola baratzak edo baserritarren aziendentzako larreak izandako lekuetan. Garai hartan Durangoko herrigunea zen hartatik urrun ezarri zituzten auzune horiek. Halaxe sortu ziren San Fausto, Juan de Icíar auzoak eta "Esteban Bilbao" taldea.

"Esteban Bilbao" -"Hiltegia", herritarren artean- 1953. urte inguruan eraiki zuten, eta 1955eko abenduan eman zizkieten etxebizitzak bertako biztanleei. 128 etxebizitza, "bide baltza"ren amaieran, ondoren "Avenida del Generalísimo" deituko zena Ezkurditik abiatuta, hain zuzen, auzune berrian amaitzen zena. Zerbitzurik eta ekipamendurik gabeko herrigunea zen, hainbat eta hainbat lekutatik etorritako jendearen bilgune, haietako asko gerrako galtzaileak zirenak. Pertsona haien kontzientzia sozialari esker ezkerreko nolabaiteko langile-senidetasuna sortu zen, erregimenak eragin zien bazterkeria eramangarriagoa bihurtuko zuena.

Elkartasun hori 1972an ehundu zen, "Herria" Auzokideen Elkartearen sorreran. Elkarte hori mende erdiz baino gehiagoz izan da, neurri handi batean, gaur egun Aramotz izeneko taldea den bezalakoa izatea eragin duen motorra. Bide luze horretan hainbat borroka epiko gertatu da, haien artean 1977an eskualdeko zabortegia bertan jartzearen kontrakoa edo 1980an ekarri zuena inguruotan eskola publikoa ezartzea. Klase-kontzientziak, elkartasunak eta anaitasunak zorionez baztertutako kolektibitate bihurtu zuten espazioa.

Jon Irazabalek egokitutako testua


Laburrean

Non