Zinemaldia 2023: "GO!AZEN 10.0" telesailaren aurrestreinaldia
"Go!azen" telesailaren denboraldi berria Donostia Zinemaldiaren barruan aurrestreinatuko da, datorren irailaren 29an, 18:30ean, Belodromoan, egingo den ekitaldi handian. Bertan, "Go!azen 10.0"ren lehen atala ikusteko aukera izango da. Gainera, aktoreek ikuskizuna eskainiko dute emanaldiaren aurretik. Bertara joateko sarrerak bihar jarriko dira salgai, Zinemaldiko webgunean eta Kutxabanken.
Pausokak EITBrentzat ekoizten duen telesail musikalaren denboraldi berria berezia izango da: "Go!azen 10.0" izango da aurtengoa, eta 100 atalak gaindituko ditu. Orain arteko arrakastaren bidetik jarraituko du ekoizpenak, musika, umorea eta gai sozialak uztartuz.
Aktore eta pertsonaia berri ugari izango dira aurtengoan pantailaren atzean: Marina Ostolaza (Noa), Haizea Astrain (Lea), Xabi Elizalde (Aner), Ander Ayerza (Bosko), Unai Arana (Mattin), Unai Arrieta (Urtzi) eta Nerea Arriola (Maitane) Basakabira iritsiko dira. Gainera, aurreko urteetan protagonista izan ziren Nerea Elizalde (Garazi), Mikele Arizkorreta (Saioa), Maria Redondo (Zuri), Lorea Intxausti (June), Kimetz Etxabe (Gontzal) eta Andoni Agirregomezkorta (Oier) ere telesailean arituko dira.
Denboraldiko hamar ataletan, egungo eta betiko talde eta abeslarien kanten moldaketak entzun ahal izango dira: ETS, Bulego, ZETAK, IZARO, Berri Txarrak, Maixa eta Ixiar, Sagarroi edo Izaki Gardenak, besteak beste.
Belodromoko emanaldirako sarrerek 8,50 euroko prezioa dute eta abuztuaren 30etik aurrera erosi ahal izango dira (10:00etatik aurrera), Zinemaldiko webgunearen eta Kutxabanken bitartez. Saio bakoitzeko lau sarrera baino ezin dira erosi, eta erosketa bakar batean hamar sarrera edo gehiago erosiz gero, % 25eko deskontua aplikatuko da.


