Ordiziako Euskal Jaiak 2023
Irailaren 2an hasi eta hilaren 10 arte, iraungo du aurtengo Euskal Jaiak Ordizian. Aurreko urteetan bezala, egitaraua oparoa izango da. Besteak beste, datorren asteazkenean, irailak 6, egingo den aparteko azoka eta aurtengoan bere L. Urteurrena ospatuko duen latxa edo karrantzanako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa azpimarratu behar ditugu.
Oraingo honetan ere, Ordiziako azokan giro aparta izango dugu, eta goiz osoan zehar era guztietako lehiaketak eta erakusketak ikusi ahal izango ditu bisitariak.
Azken 10 urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileak URREZKO KUTXA GARAIKURRA irabazteko aukera izango du. 2.009. urtean irabazi zuen garaikurra lehenengo aldiz Elgoibarko Jesus Mª Ansolak eta 2013an Ricardo Remiro Eulateko artzainak bigarrenez. Aurtengoan “S.C. Kortaria” gaztandegiko Julen Arburua (2018, 2019) eta “Ondarre” gaztandegiko Eneko Goiburu (2014, 2021) dira garaikur berezi hau irabazteko aukera dutenak.
Irailaren aurreneko asteazkeneko azokan bestelako lehiaketa eta erakusketak ere antolatu dira: Fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Perretxiku erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia.
ARDI LATXAREN EDO KARRANTZAKOAREN ESNE GORDINEZ EGINDAKO GAZTEN L. LEHIAKETA
Aurtengoan bere L. Urteurrena ospatzen duen lehiaketa herrikoi hau Beti – Alai pilotalekuan izango da. Izen eman duten artzainek Idiazabal Jatorrizko Izendapena edo Artzain Gazta elkarteetan aurkeztu beharko dituzte gaztak irailaren 4rako, 12:00ak baino lehen, orduan amaituko baita izen emateko epea.
Gaztak Ordiziako D’Elikatuz Elikadura eta Gastronomia Interpretazio Zentroan jasoko dira irailaren 6an; eta goizeko 9:15etan gaztak Beti Alai pilotalekura eramango dituzte dantzari, txistulari eta dultzaineroek sortutako giroan eta desfile bat egingo da artzain, agintari, epaimahaikide eta Kofradiako kideekin.
Lehiaketa, goizeko 10:30etan hasiko da eta, eta hainbat sukaldari, gastronomia-adituk eta kazetarik osatuko du epaimahaia. Juan Mari Arzak sukaldaria Ordiziako Gazta Lehiaketako Epaimahaiko Lehendakaria izan da lehiaketa hasi zenetik, eta orain erreleboa Pedro Subijanak hartuko du. Juan Mari Arzak Ohorezko Lehendakari izatera pasako da eta eskerrik beroenak helarazteko omenaldi txiki bat egingo zaio , urte guzti hauetan Ordiziako gazta txapelketaren alde egindako lanagatik. Aurten 13:30etarako irabazlearen izena izango dugu, eta hori jakin ostean, jarraian egingo da enkantea. Enkantea amaitu ostean aterako da familia-argazkia.
Aurtengoan, 2013. urteaz geroztik gazta-lehiaketan irabazle izan diren artzainen gazten salmenta puntuak, Beti-Alai pilotalekuko frontoi txikitik Zuhaiztira pasako dira, beste gazta saltzaileekin batera jarriz.
FRUITU ETA BARAZKI-LEHIAKETA, PERRETXIKO ERAKUSKETA
Jose Migel Barandiaran Plazan ere izango da zer ikusia, bertan egingo baita fruitu eta barazki-lehiaketa eta perretxiko-erakusketa. Azken honetan, Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariak izango ditugu perretxikoen inguruko azalpenak ematen. Sariak Barandiaran Plazan bertan banatuko dira, eta bertan izango da Baserritarren Postuen Aipamen Berezia eta euskal oiloen lehiaketako sari banaketa ere, irailaren 6an, eguerdiko 12etan.
GIPUZKOAKO PIRINIAR ARRAZAKO BEHI-AZIENDA LEHIAKETA
Gipuzkoako piriniar arrazako behien lehiaketa Garagartza Plazan izango da. Herrialdeko abeltzainek bertako piriniar arrazako ganadua jarriko dute erakusgai. Lehiaketaz kanpo, idiskoen erakusketa ere izango da.
Aurten ere ganadu-lehiaketa herrialde mailakoa izango da, eta soilik piriniar arrazako ganaduena izango da.
Sariak 13:00etan banatuko dira Garagartza Plazan.
PLAZA NAGUSIKO BASERRITARREN POSTUEN AIPAMEN BEREZIA
EUSKAL OILOEN XL. ERAKUSKETA- FERNANDO OROZCOREN OROIMENEZKO XVIII. SARIA
Ordiziako Plaza Nagusian asteazkenero parte hartzen duten baserritarrei Aipamen Berezia egingo zaie. Ordiziako azokara leial etortzen diren baserritarren esfortzuari eman nahi zaio balioa Aipamenarekin.
Joxe Miel Barandiaren Plazan Oiloen LX. lehiaketa-erakusketa / Fernando Orozcoren Oroimenezko XVIII. Sarian honako arrazak aurkeztuko dira: marraduna, gorria, beltza, zilarra eta lepasoila.
AZOKA BEREZIKO BESTE POSTU BATZUK
ZUHAIZTIAN, Beti Alai frontoiaren parean, azken hamar urtetako gazta lehiaketako irabazleen gaztak salgai egongo dira ,beste gazta ekoizle batzuekin batera eta, gainera, Arabar Errioxako eta Nafarroako zenbait ardo-egile, eta sagardogileen postuak ere jarriko dira. Ordiziako erdiguneko kaleetan, berriz, eskuz egindako nekazaritzako elikagaien salmenta-postuak egongo dira; hala nola, ogia, taloak, eztia, euskal pastela, gozokiak...
www.Ordiziakoazoka.eus webgunean daukazue Ordiziako Euskal Jaiei buruzko informazio guztia.
URREZKO KUTXA GARAIKURRA 2023 – GAZTA LEHIAKETA
Beste behin ere Urrezko Kutxa Garaikurra irabazteko aukera izango du azken 10 urteetan lehen postua hiru aldiz lortu duenak: “S.C. Kortaria” gaztandegiko Julen Arburua (2018, 2019) eta “Ondarre” gaztandegiko Eneko Goiburu (2014, 2021) dira garaikur berezi hau irabazteko aukera dutenak.
Saria banatu eta hurrengo urtetik aurrera, berriro hasiko gara denbora-tartea zenbatzen sari berri bat banatu ahal izateko. 2009. urtean irabazi zuen lehengo garaikurra Elgoibarko Jesus Ansolak eta 2013an Ricardo Remiro Eulateko artzainak lortu zuen.
Laburrean
- Mota Jaiak
- Data 2023(e)ko irailaren 2(e)tik 2023(e)ko irailaren 10(e)ra
- LekuaOrdizia
- Info Gehiago


