Kontuz, ez zaitezte okertu. Erakusketa honetan jasotakoak ez dira zientzialari presbiziadun batek ordu luzeetako lanaren ostean egindakoak. Ez dira, halaber, Teideko behatokiko teleskopioak jasotako irudi astralak.
Erakusketa honen egileak irudikatu nahi izan du bizitzea egokitu zaizkigun garai nahasi hauen interpretazio bizia. Uneoro aldatzen ari den existentzia, adiera zabalenean, baina bereziki, zientziaren alorreko aurrerapenei dagokienez. Chasesk transhumanismoaren mutazioak irudikatzen ditu; bai, teknologiaren bitartez betiereko bizitzaren promesa egiten duen erlijio berri horrena. Bere irudietan sinesgaitzak ziruditen kontzeptuak jaso ditu, orain gutxira arte zientzia-fikziotzat jo genitzakeenak. Gero eta ukigarriagoak dira, ordea.
Kostunbrismo hutsa.
· J. J. CHAS (Iruñea, 1963): Hamelin, Ipurbeltzedo TMEOaldizkarietako irakurleak gai dira egile honen estilo pertsonala duten binetak lehen begi kolpean ezagutzeko. 1990eko eta 2000ko hamarkadetan zehar hainbat album argitaratu zituen. Hurrengo urteetan poesiara, (2018an Poemas para el suicidio bilduma eman zuen) arte martzialetara, edo egurrezko ezpatak egitera salto egin zuen. Komikigintzarari ekin berri dio, idazmahaian eseri, eta binetak egiten ditu orain Zart! eta El Mono aldizkarietarako, baita Alcatraz de la A a la Z(2021) komiki-kolektiboarentzako ere.
· YOLANDA MJ: Erabat ezezaguna da bere jarduna komikigintzan eta ilustrazioan. Baina oso estimatua da Yolanda hasiberria kolore digitalarekin egiten duen lanagatik. Chasen hitzetan: «Yolandak erakutsi zidan kolorea. Beste bide bat ireki zidan. Ordura arte, beti aritzen nintzen zuri-beltzean». Hain justu, bi alez osatutako bildumaren ostean —En el último bar (1993) eta Satanás(1997)—, Yolandarekin elkarlanean hasi zen. Chasen lana guztiz eraldatu zuen eta espero gabeko alderdiak erakutsi zituen handik aurrera.