Nafarroako Komikiaren Azoka 2023.
Nadia Hafid (Terrassa, 1990) Arte Ederretako Gradua egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean eta Hormetako Arte Aplikatuak ikasi zituen Llotjako eskolan. Ilustrazioa eta komikia lantzen ditu, eta bere marrazkiak Babelia aldizkariko edo El País egunkariko azalean agertu dira, baita nazioarteko hedabideetan ere: The New York Times, The Economist, The New Yorker, The Washington Post, besteak beste.
Hadifen lehen lanak, El buen padre (2020), Sapristi etxearen eskutik heldu zenak, Komiki Kritikarien Elkarteko egile berri onenaren saria jaso zuen. Gainera, Rockdelux-ek egiten duen 100 komiki nazional hoberenen zerrendan sartu zen. Frantsesera itzuli du Casterman argitaletxeak, eta turkierara Beta Basim Yayim Dagitim editore-etxeak.
Bigarren komikia, Chacales (2022), Sapristi argitaletxearen eskutik hau ere, komikiaren alorrean nagusitu da «El Ojo Crítico 2022» sariketan. Era berean, Bartzelonako Cómics jaialdiaren 41. Edizioan, lan onenaren sarirako izendatu dute.
Komikiari eskainitako «Constelación Gráfica» erakusketan parte hartu du Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroan (CCCB), baita Madrilgo CentroCentro-ko «Perdona estoy hablando» (2023) erakusketan ere.
Egileak Nafarroako Komiki Azokaren XIV. edizioaren kartela egin du. Era berean, Hadifen lanaren lagin bat ere izango dugu ikusgai: ilustrazioak, zeinetan haren estilo minimalista bereizgarriaz gozatzeko aukera izango baitugu; eta orain arte argitaratutako eleberri grafikoetako orri sorta bat ere bai.
Istoriogile gisa, ezaguna da sintesi grafiko aseptikoa eta eduki soziala batzen dituelako. Fanzineetako eta antologietako kolaboratzailea izan zen hasieran. Gerora kaleratu zuen haren lehenengo lana, El Buen Padre. Bertan, familia-abandonua, arrazakeria eta deserrotzea lantzen ditu, besteak beste. Bigarren lan Chacales-ekin, aldiz, osasun mentalari lotutako gaiak jorratu zituen: lan honetako pertsonaia bakartiei, desengainaturik eta komunikatzeko arazoek bultzaturik, gorroto eutsiezina darie.
Hain justu, gaia ikuspegi horretatik landu izanari esker, «El Ojo Crítico» saria jaso zuenean, honela izendatu zuten epaimahaikideek egilea: «prekarietateak eta frustrazioak markatutako belaunaldi baten ahotsa».