Esférica Rioja Alavesa 2023

Laguardia 2023(e)ko abuztuaren 18(e)tik 2023(e)ko abuztuaren 20(e)ra
  • Esférica Rioja Alavesa 2023

Arabako Errioxako Esférica jaialdia abuztuaren 18tik 20ra bitartean itzuliko da musika kontzertu, arte eta enogastronomia programa erakargarriarekin Arabako Errioxako natura eta ondare agertoki ikusgarrienetako batzuetan. Morcheeba, Morgan, Sylvie Kreusch, Gatibu, Oracle Sisters, Verde PratoTito Ramírez eta Messura izango dira jaialdiko musika proposamenetako batzuk.

Musika eskaintza osatzeko, esku hartze artistikoak eta bertako produktuari protagonismoa emango dion proposamen gastronomiko interesgarri bat egingo dira.

Esperientzia paregabea

Arabako Errioxako Esférica-k jaialdiak ulertzeko beste modu bat proposatzen du, jendeari aukera ematen baitio esperientzia paregabe batez gozatzeko, Arabako Errioxako espazio berezietan egiten diren kontzertu esklusiboen bidez, bertako ardo eta gastronomia onenarekin lagunduta.  2021eko lehen edizioak arrakasta izan ondoren, jaialdia finkatu egin zen 2022an, eta aurten hirugarren edizioa egingo da abuztuaren 18tik 20ra bitartean.

Guardiak, Eltziegok eta Bastidak, oraingoan, beren ondare historikoa eskainiko dute, musika kontzertuez gozatzeko agertoki pribilegiatu gisa, lau zutabetan oinarritutako programazioa duen jaialdi horretan: musika, artea, gastronomia eta lurraldea. Arabako Errioxako kultura eta ondare balioak aprobetxatu nahi dira proposamen desberdin eta berezi bat sortzeko, bost zentzumenekin gozatzeko modukoa.

Kontzertu horien agertokiek Arabako Errioxako ondare historikoaren ikonoak eta ardoaren arkitektura uztartzen dituzte: Santiago Calatrava arkitekto ospetsuaren Ysios upeltegiaren kanpoaldea, Guardiako Abacial dorrea eta Felix María de Samaniego parkea, Bastidako Bakearen plaza eta Eltziegoko Plaza Nagusia izango dira musika emanaldien agertoki nagusiak.

Arabako Errioxako Esférica jaialdiaren hirugarren edizioak artistak eta ikus-entzuleak harremanetan jarriko ditu oso giro berezia sortzen duten espazio berezi horietan egingo diren formatu txikiko hamabost kontzertutan. Kartela nazioko eta nazioarteko talde eta bakarlariek osatzen dute, hala nola: Morcheeba, Morgan, Sylvie Kreusch, Gatibu, Oracle Sisters, Verde Prato eta Messura, German Salto eta Tito Ramírez, eta sorpresaren bat ere izango da.

Tokiko gastronomia eta 0 km-ko produktuak ere protagonista izango dira zenbait proposamen zainduren bidez. Arabako Errioxako Esférica jaialdiak programazio artistikoa zabaltzearen aldeko apustua egin du hirugarren edizio honetan, eta Yoann Bourgeois diziplina anitzeko zuzendari artistikoa Ysios upeltegian izango dela baieztatu du. Artista ospetsua da, eta haren koreografiak ikus-entzuleengana hedatzen dira eta haren sorkuntzak ikusizko poesia gisa balioesten dira.

Arabako Errioxako Esférica jaialdiaren nortasun ezaugarriak dira jasangarritasuna eta inklusibitatea. Konpromiso hori, besteak beste, honako hauetan islatzen da: udalerrien eta jaialdiko agertokien arteko joan-etorrietarako garraio publikoa erabiltzea dakarren mugikortasun plan batean, eta hondakinen kudeaketa arduratsuan, edalontzi/kopa berrerabilgarriak eta material naturalezko altzariak eta agertokiak erabiliz, eta hondakinen gaikako bereizketa eginez.

Era berean, kontzertuetan espazioak eta sarbideak erreserbatzen zaizkie mugikortasun urriko pertsonei, eta garraio publikoa autobus egokituen bidez eskaintzen da.

Argibide gehiago eta sarrerak eskuragarri jaialdiaren webgunean: www.esfericariojaalavesa.com


Laburrean

Non