Azkoitiko Jaiak 2023
Azkoitia musika, dibertimendu, kolore eta festa giroan murgiltzeko prest dago, aurtengo herriko festen atarian. Adin eta gustu guztietara egokitutako proposamenak aurki daitezke egitarauan.
Ohiko txupinazoarekin lehertuko da festa. Aurten txupinazoa danborradaren omenez botako da, 75 urte bete dituelako. Urteurrenaren harira, abuztuaren 14an, danborrada egingo da, danborrak eta barrilak astinduz, eta beraz, Andramari jaietako lehenengo egunak ikutu berezia izango du.
Behin jaiei bide emanda, bost egunez eszenatoki ezberdinetan izango dira Su ta Gar, Neomak, Gozategi edota Etxeberritxo eta Ugaitz trikitilariak. Kaleak girotzen ibiliko dira, halaber, Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Rockalean, Joselontxos Txaranga eta Brincadeira.
Salbea edota hilaren 16an udal ordezkariek Azkoitiko herriari eskaintzen dioten aurreskua ere galdu ezin diren hitzorduak dira herritar askorentzat. Kale ikuskizunak, pilota partidak, herri-kirolak, suzko-erroberak, laburmetrai lehiaketa, bazkari herrikoia, erraldoi eta buruhandiak, eta beste hainbat ekintza jasotzen ditu aurtengo egitarauak.
Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko ditu ohiturari jarraituz, eta ospakizun bazkaria aurten Elkargunean izango da. Orain arte, Kiruri jatetxean antolatzen zen, baina aurten erabaki da herrian bertan geratzea joan-etorriak saihesteko eta egunaz erosotasunez eta herrian bertan gozatzeko.
Dultzaineroek, festen egitarauaren liburuxkaren azaleko protagonista den Txalkor Txistulari Taldeak, Musika Bandak eta abesbatzek ere bazter guztietara zabalduko dute musika.
Laburrean
- Mota Jaiak
- Data 2023(e)ko abuztuaren 14(e)tik 2023(e)ko abuztuaren 18(e)ra
- LekuaAzkoitia


