Donostiako Jazzaldia 2023: Julian Lage Trio + Bill Frisell Four
Julian Lage Trio
Julian Lage (gitarra), Jorge Roeder (baxua), Dave King (bateria)
Julian Lage gaztea da. Izan ere, 35 urte izango ditu Jazzaldiaren edizio honetan arituko denean eta, hala ere, iparramerikar hau munduko gitarrista handienetako bat da. Lider gisa 14 disko kaleratu ditu eta ia 30 disko artista gailenen laguntzaile gisa, besteak beste aipatzekoak John Zorn, Gary Burton, Nels Cline, Dave Douglas…
Julian Lage gitarraren birtuoso bat da, bere Fender Telecasterri erabateko probetxua eta txinpartak ateratzeko gai, soinu distiratsu eta bizi batekin. Dena den, bere musikak ez dio birtuosismo horri abantailarik atera nahi, ez du erakustaldi tekniko bat egin nahi; horren ordez, emozioak eta testurak adieraztea helburu duten konposizioetan oinarritzen da, paisaiak marraztuz eta edertasunez blaitutako lekuetara eramanez.
Bere azkeneko diskoa, View With a Room (2022), Blue Note zigiluarekin argitaratzen duen bigarrena da. Bertan, 10 pieza original proposatzen dizkigu, gitarraren aukera orkestralak esploratzen dituztenak, bere trioari —gitarra/baxua/bateria— bigarren gitarra bat gehituta: Bill Frisellena berarena. Hala, azken honen soinu imitaezina da album bikain honi egiten zaion ekarpena. View With a Room (2022) disko berezi horietako bat da, zeinetan entzunaldi bakoitzean ñabardura berriak antzemango dizkiogun, lehen oharkabean pasatu izandakoak, inspirazioz eta sormenez blaitutako lan bat goratzen laguntzen dutenak.
Bill Frisell Four
Bill Frisell (gitarra elektrikoa), Greg Tardy (saxo tenorra, klarinetea, klarinete baxua), Gerald Clayton (pianoa, organoa), Johnathan Blake (bateria)
Bill Frisell gitarrista eta konpositorea Baltimoren jaio zen 1951an. Bere haurtzaroa Denverren igaro zuen, University of Northern Coloradon musika ikasi zuen, eta Berklee College of Musicen, Bostonen, jarraitu zituen ikasketak. Harrezkero, etengabe aritu da jotzen eta konposatzen, eta gitarrista ospetsuenetako bat bilakatzeaz gain, musikari moldakorrenetako bat da orain. Gainera, gura garaiko inprobisatzaile berezi eta originaletako bat da.
Frisell artista handiekin aritua da —Charles Lloyd, John Zorn, Paul Motian, Elvis Costello, Paul Simon, Marianne Faithful, Lucinda Williams...— eta askotarikoak dira jaso dituen eraginak —Wes Montgomery, Thelonious Monk, Bob Dylan, Miles Davis, Jimi Hendrix, Paul Motian...—. Hori guztia bere musikan ikusten da islatua, Jazz etiketa jarri ahal izango badiogu ere, a priori bateraezinak diruditen estiloen eraginak jasotzen dituena: country, rock, pop, surf musika, elektroniko atmosferikoa, bluegrass, Americana, folk,...
Bere gitarra hotsari gardentasun berezia, berezko dotorezia dario; soinu epela du, oso antzemangarria den fraseatze pausatu batekin gehienetan, inolako birtuosismorik erakusteko beharrik gabe. Berezkoa du nota funsgabe bakar bat ere ez jotzeko trebetasun hori, eta oinarrizkoa eta konplexua da aldi berean. Frisellentzat, “melodiari denbora guztian eustea da garrantzizkoa”.
1995eko Jazzaldian izan zen Frisell, Paul Motiani gitarran laguntzen, eta 2021ean bueltatu zen, Trinitate plazan kontzertu ahaztezin bat emateko; bertan joko du berriro oraingo edizio honetan. Gitarrista iparramerikarra bere azkeneko diskoa aurkeztera dator: Four (2022), Blue Note zigiluarekin argitaratzen duen hirugarren lana, Lee Townsendek ekoiztua. Diskoak aurreko piezen berrinterpretazio batzuk eta beste 9 berri biltzen ditu, eta grabatzeko, pandemiaren aldian konposatzen aritu zen melodiez eta ideiez baliatu zen Frisell; gero, oraindik guztiz amaituta ez zituela, aparteko hiru musikariri —Greg Tardy, Gerald Clayton eta Johnathan Blake— aurkeztu zizkien, askatasunez gehi zitzaten beren ekarpenak. Ezohiko talde bat osatzen dute, non ez dagoen baxurik, eta bertan musikari bakoitzak modu espontaneo batean esku hartzen du, instrumentuetako bakar batek ere protagonismo nabarmen bat hartu gabe. Disko honetako musikak flotatzen ari dela dirudi. Entzuten den Jazzak americana eta blues zertzeladak iradokitzen ditu; malenkoniatsua, baina joria aldi berean, itxaropen eta alaitasun tarteekin.
Laburrean
- Mota Kontzertua
- Data 2023(e)ko Uztailak 22
- Ordutegia21:00
- LekuaTrinitate Plaza
Donostia-San Sebastián - Zenbatekoa30 €
- Sarrerak Erosi
- HizkuntzaBat ere ez


