"Joaquín Sorolla: Olanaren azpian, Zarauzko hondartza" erakuskera

Bilbao 2023(e)ko uztailaren 10(e)tik 2023(e)ko urriaren 15(e)ra
  • "Joaquín Sorolla: Olanaren azpian, Zarauzko hondartza" erakuskera

Obra Gonbidatua programak aurtengo udarako egindako proposamenak Joaquín Sorollaren (Valentzia, 1863-Cercedilla, 1923) luminismoa dakar museoko 19. aretora, margolariaren heriotzaren mendeurrena ospatzen den urtean. Programak efemeridearekin bat egingo du Sorollaren obra nabarmen baten bidez, zeina Euskadin egin zituen lehenengo kanpainetako batean margotu zuen. ¿¿ 

Olanaren azpian, Zarauzko hondartza (1910) mihiseaz ari gara; funtsezko margolana da, artistak euskal lurretan egindako egonaldiak ulertzeko. Bertan, margolariaren familia ageri da (Clotilde emaztea eta María, Elena eta Joaquín seme-alabak), dotore-dotore jantzita eta Gipuzkoako herri horretako hondartzako olana bereizgarrietako baten itzalpean.  

1900. urtean-edo, Sorolla iparraldeko hondartzak margotzen hasi zen; garai hartan, erregina-familia eta aristokrazia sarritan joaten ziren bertara. Udako egonaldi dotore horri esker, aisialdi fineko eszenak irudikatu zituen, jaioterri zeukan Valentziako hondartzetakoa ez bezalako iparraldeko argiaren berezko kromatismo berriaren bidez. 1909an, margolan horiek New Yorken jarri zituen erakusgai, eta, arrakasta handikoak izan zirenez, 1910eko udan, familiarekin bidaiatu zuen Zarautzera, Elisabet II.a erreginaren udako bizilekura, alegia. 

Horrez gain, margolana erakusteko orduan, hondartzako ikuspegia irudikatzen duen beste mihise bat eta irudiak prestatzeko egindako lau marrazki ere jarriko dira ikusgai testuinguru moduan. Azkenik, aire zabalean margotzen agertzen den Sorollaren garaiko irudi batek gogoratu egingo digu zeinen garrantzitsua zen argazkilaritza haren margolanetan; Antonio García aitaginarrebarekin, garai hartako Espainiako argazkilari profesional ospetsuenetakoarekin, ezarritako harreman estua da horren jatorria. 

Sorolla Euskadin  

1889an, Erromatik itzultzeko bidaian –han finkatu ziren euskal artisten kolonia ugariarekin harremanetan egon zen–, Joaquín Sorollak Euskadi ezagutu zuen, eta, Parisen geldialdia egin ondoren, egun batzuk igaro zituen Donostian. Handik aurrera, 1910era arte, berriro ere Pariseranzko bidean, euskal lurretan egonaldi laburrak egin zituen sarritan, eta, bide batez, oharrak idatzi eta formatu txikiko margolanak margotu zituen. Horietan, Kantauriko kostaldeko argi hezea ezagutu zuen, baita berdeak eta grisak ezaugarri bereizgarri dituen kromatismoa ere.  

Horrez gain, Elisabet II.a erregina udak Zarautzen igarotzen hasi zenetik, iparraldeko hondartzak erregina-familiaren, aristokraziaren eta goi-burgesiaren leku gustukoenetakoa izan ziren. Hori dela eta, Sorollak, orduan dotorea zen udako egonaldiak eskaintzen zizkion apaingarri piktoriko berriekin batera, bere lanak ikusteko eta erosteko irrikaz zeuden bezero ugari aurkitu zituen han. Harrezkero, margolaria hainbatetan itzuli zen bertara, eta, ia-ia beti, familiarekin joaten zen. 

1906ko udan, familia Miarritzen eta Donostian kokatu zen, Sorollak hondartzak eta kostaldeko eszenak margotzeko aukera izan zezan. 1910ean, beste kanpaina piktoriko baterako bidaiatu zuten Zarautzera, eta, han, bere familia erretratatu zuen hondartzan, erretratugile moduan zeukan kalitate izugarriaren adierazgarri diren zenbait margolanetan. Edonola ere, eguraldi txarra dela eta, genero-eszenak ere margotu behar izan zituen ezinbestean. Bertan, arrantzaleak agertzen ziren taberna barruetan edaten, eta lan horiek hurbilago zeuden XVII. mendeko pintura errealistatik. 

1911n, lehen aldiz eman zuen uda Donostian, San Luisetik eta Chicagotik itzuli zenean. Bertan, hain zuzen ere, New Yorkeko Hispanic Societyk arrakasta handiz antolatu zuen bere bigarren erakusketa ibiltaria. 1912an, uztaileko lehenengo hamabostaldia igaro zuen Biarritzen, New Yorkeko Hispanic Society of Americaren sortzaile Archer M. Huntingtonen eta haren emaztearen erretratuak margotzen. Udaren gaineratikoa Donostian igaro zuen, eta bertatik bidaiatu zuen, Erronkariko tipoen azterlanak egiteko, Hispanic Societyren Nafarroari buruzko panelerako. Urte horretako bertako iraileko lehenengo hamabostaldian, Lekeitioko udalerrian (Bizkaia) ere margotu zuen. 

1913ko irailean, Donostiara bidaiatu zuen berriro, Alfontso XIII.a erregearekin hitz egiteko asmoz. 1914an, bertara itzuli zen familiarekin, Hispanic Societyrentzat egin beharreko Euskadiren margolana amaitzeko (Bolajokoa, Gipuzkoa). 1917an, familiarekin igaro zuen uda Sorolla Etxean, Donostiako itsasargirako errepidean, Igeldo mendiko magaletan. Era berean, bertan igaro zuen hurrengo uda, oharrak idatziz eta hondartzako nahiz hiriko inguruneko eszenak margotuz, baita kai-muturra eta Ulia mendia atzean zituzten pintzelada solteko hogei bat margolan ere. 

1920ko eta 1921eko udetan, ordurako gaixo-gaixo zegoela, familiak Sorolla Etxera eraman zuen Sorolla. Azken udak izan ziren, 1923an alaba Maríak Cercedillan (Madril) zeukan etxean hil baino lehen. 


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2023(e)ko uztailaren 10(e)tik 2023(e)ko urriaren 15(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non